NORBAITEK zakurra bota zuen Donostian balkoitik behera. Ez da egunero gertatzen den ankerkeria. Leihotik jaurtitako emakumeen gorpuak ikusten ohituagoak gaude, zoritxarrez. Eta egunkaririk zabalduenean ia orri erdia eskaini zioten zakur akabatuari. Madrilen argindarrak astinduta hil zen donostiarrak eta Iruñean aldamiotik erorita hil zen gizonak ez zuten laurdenik ere merezi.
Animaliekiko begirunea eta maitasuna dira gaurko gizartearen balio eta ezaugarrietako bat. Guk gupidagabe astintzen genituen inguruko zakurrak eta katuak. Hamaika euli utzi genuen ez hanka eta ez hego. Telebistarik, bideojokorik eta internetik gabeko garai hartan egin behar izaten genituen guk ere balentria batzuk. Baina animaliak giza mailara jaso ditugun garai honetan, agian, gizakia ari dugu animalien mailara jaisten. Afrikatik Kanariak edo Europa bidean hiltzen diren gizon-emakumeen ordez baleak eta tiburoiak hilko balira ez lirateke txantzetakoak izango gure komunikabide eta kaleetako haserreak, ardailak eta istiluak. Haritz batek ere gizakiaren bizitzak baino gehiago balio du askorentzat. Gaurko neska-mutikoek ere beren lagunei baino begirune handiagoa diete zakurrei. Ez dituzte guk bezala astintzen, ez dituzte euliak ere guk bezala larrutzen. Baina begitan hartzen duten eskolako laguna edo kaleko eskalea dute erdenaitzen, iraintzen, baztertzen, mehatxatzen eta jipoitzen. Gainera, beren balentriak bideoan hartzen dituzte batek baino gehiagok.
Nerabeak eta gazteak berekin dute bihurrikeriarako joera. Baina guk ezkutuan neurtzen genituen indarrak, ezkutuan egiten genituen okerrak. Gurasoen beldurrez, jakina. Orain ez dago okerrean ari denari konturik eskatzerik, gurasoak beren umearen alde ateratzen baitira. Lehen, zigortu zintuen maisuak zuen beti arrazoi. Orain, irakasleak du beti errua eta umeak arrazoi gurasoentzat. Eta hori da jauntxo harro eta ankerrak bihurtzeko biderik onena.