Ordurako gainbegiratuak nituen «Soziologiaren ikuspuntutik Marxen teoriak indarrean daude oraindik» eta «Compromisos con la salud laboral» artikuluak. CCOOko bi lagunek egin dute topo. Ez dute elkarri «egun on» esateko astirik. Txuri Urdinen kontrako penalti madarikatua dute hizpide. Ez dirudi langileen biziak eta osasunak asko kezkatzen dituenik. Aralar-EB koalizioak arrakasta handirik izango duenik ere ez dute uste: «ikusi egin behar». Marxen teoriek baino zerikusi handiago du, noski, astelehen goizeko ajeak.
Beste albiste aipagarri handirik ere ez zuten, jakina, politika alorreko lehorte lainotsu honetan. Izan ere, elkarren arteko ikamikengatik bost axola: «PNV da ETA-Batasunaren abokatu», «PNVk egiten dio PSOEri lan zikina», «PP da ETA-Batasunaren propagandistarik onena», «PSOEK eman dio ETA-Batasunari laineza», «ETA da espainolismoaren laguntzailerik handiena».
Galdu du Euskadik komunikabideetan lehen postua. Catalunyak hartu zion aurrea. Orain, Marbella eta Andaluzia gailendu zaizkio. Marbellako lapurretak, bihotz kontuak, larru kontuak, dira berriketarien pagotxa eta adurra. Alfertsu dira Etxaret-en prentsaurreko, pankartada eta manifestaldi guztiak. Alhaurin espetxean daude, begi-belarri, kamerak eta berriketariak. Sarrerak eta irteerak, barruko bizimodua eta uhinak kontrolatzen dituzte.
«Telebistak uste baino gehiago kohesionatzen du» irakurri diot Rufino Iraolari hasieran aipatutako artikuluan. Irundik Kanarietaraino eta Gironatik Finisterreraino kontu berberak jaten ditugu denok. Independentziaren alde dagoen %38 laster hasiko da murrizten. Francok eta Aznarrek lortu ez zutena eta Zapaterok erdietsiko ez duena telebistek lortuko dute. Estatua zen langileriaren borroka esparru hemengo zenbait ezkerrentzat. Ttikiegia zen Euskadi. Estatua da albiste esparru bakarra. Behobiatik eta Junkeratik haruntz ez da ez langilerik ez albisterik.