Iritzia
13Abuztua
2006
13 |
Iritzia

Oroimena

Iritzia
Abuztua 13 | 2006 |
Iritzia

Oroimena galdutakoan ez dakigu nor garen ere. Galdu da oroimenik gabeko gizakia. Oroimenik gabeko herriak ere ez du nortasunik. Oroimena beharrezkoa zaigulako ez da historia ezabatu behar, ahaztu behar. Mingarria bazaigu ere, lotsagarria bazaigu ere, gogoratu egin behar dugu. Bakearen eta demokraziaren onagatik edo, estali egin nahi izan dira 1936ko gerra eta ondorengo diktadura eta egin ziren bilaukeriak, ankerkeriak eta bidegabekeriak. Historia hura argitu eta gaitzetsi nahi ez duenik ere bada. PPk eta gotzainek ez dute gaitzetsi nahi. Are okerrago, egin beharreko ebakuntza zela uste dute. Eta orduko hildakoak, kaltetuak, erasotuak, baztertuak, gogoan ez baditugu, oraingoentzat ere ez dugu behar bezalako begiramenik izango.
Lehen egin ez zena egiteko ordua da. Kaltetuak eta errugabeak ohoratzeko garaia da. Asko izan ziren erahilak, espetxeratuak, ondasunik eta lanbiderik gabe utziak, ihes egin beharrekoak, zigortuak, baztertuak. Bidegabekeria horietan parte hartu zutenek, umilki, barkamena eskatzeko garaia dute. Kalteak ordaintzeko tenorea ere bada. Jakina, orduko irabazleen ondorengo asko orduko galtzaileen sailera aldatuak izango dira. Eta alderantziz, orduko galtzaile askoren ondorengoak orduko irabazleen sailera lerratuak. Ez batzuek eta ez besteek izango dute beren aurrekoen jokabideak gogoratzeko gogo handirik: beren aurrekoen bidegabekerien lotsaz edo norbere aldaketa zuritu beharraz.

Baina alfergura astindu eta historia den bezala umilki ezagutzea eta onartzea beharrezkoa zaigu. Orduko ankerkeriak gaitzesten ez dituenak zer itzal du oraingoak salatzeko? Orduko kalteak ordaindu nahi ez dituenak nola eska dezake oraingoen ordaina? Gerraren xaxatzaile eta bedeinkatzaile eta frankismoaren euskarri izan ziren gotzain haien ondorengoek ez badute aurrekoen jokabidearen barkamenik eskatzen, zer itzal dute besteri eskatzeko? Aukera paregabea dute oraintxe ere. Berriro ere galduko ote dute?

PARTEKATU