Josu Erkoreka
06
Abuztua
2006
Iritzia

Bazen sasoia. Has gaitezen eztabaidatzen!

Josu Erkoreka
06
Abuztua
2006
Iritzia

Aurrekoetan ez bezala, joan den legegintzaldian, 2000tik 2004ra artekoan, hainbat aldiz eztabaidatu zen diputaduen kongresuan iraganeko memoriaren gaia. Urte horietan, gizartean ere indar handia hartu zuen gai horrek. Sarri gertatzen ez bada ere, oraingoan bai, baiezta daiteke, uztartuta jokatu zutela erakundeek eta gizarte-indarrek.
Gorte Nagusietako eztabaida horietan ikusi zenez, oinarrizko adostasuna zegoen talde parlamentario gehienen artean: Hagatik ala besteagatik, transizioak, ez zuen behar adina zuzentasunez jokatu guda zibilaren eta frankismoaren kaltetuekin. Demokraziaren aldeko borrokan eskura zeukaten guztia −ondarea, askatasuna eta baita bizitza bera ere− eman zutenekin, ez zuen demokrazia jaio berriak arretaz eta begirunez jardun. Eta huts hori zuzendu beharra zegoen. Askatasunaren militanteekin justizia historikoa egin behar zen. Ez, noski, elkar ikusi ezina piztarazi eta herria guda zibil berriaren atarira ekarriz. Bai, ordea, bakoitzari berea emanez; totalitarismoaren bidezidor ilunean demokraziaren garra piztuta mantentzen ahalgindu zirenei dagokien aitormena eta ordain egokia emanez. Demokraziak kitatu gabeko zorra zeukan eurekin. Eta gehienon iritzian, eta ez zen demokrazia bezala kontsolidatuko zor hori garbitzen ez bazuen.

Baina oztopo nagusia batek eragotzi zuen talde parlamentarioen oinarrizko adostasun hau neurri konkretuetan gauzatzea. Alberdi Popularrak Gorte Nagusietan zeukan gehiengo osoak. Hori bide zen eragozpen bakarra.

Haatik, legegintzaldi berria hasi zenean, EAJren kongresuko talde parlamentarioak aurkeztu zuen lehenbiziko proposamena −lehenbizikoa, bai− gai honi buruzkoa izan zen. Aurreko urteetan alderdi popularrak eragotzi zuenari bideak zabaldu eta bultzada ematea zen ekimen horren helburua. Aspalditik eman nahi genuen urratsa emateko sasoia zen. Ez zegoen, orain, iraganeko trabarik. Hauteskundeak galduta, oposizioan zeuden popularrak, ezer oztopatzeko indarrik gabe. Horrez ganera, azkar jokatu beharra zegoen. Guda zibilaren biktimak eta frankismoaren errepresioa zuzenean jasandakoak adinean aurrera zihoazen, eta urtean-urtean hainbat heriotza gertatzen zen euren artean. Horien sufrimendua eta ekarpena eskertu, aitortu edota ordaindu behar bazen, ezin genuen denbora gehiagorik galdu. Sasoian heltzen ez den justizia ez da benetako justizia.

Jeltzaleon ekimen hura 2004ko ekainean eztabaidatu zen eta alderdi popularrarena izan ezik, beste talde guztien babesa jaso zuen. Ekimen hartatik sortu dira gobernuak, orain, aurkeztu dituen bi txostenak eta lege-egitasmoa. Atzeratuta datoz, 2004ko abenduaren amaierarako iragarrita baitzeuden, baina etorri datoz. Eta horixe da orain garrantzitsua.

Gure ustez, proiektu hau abiapuntu onargarria da eztabaidan aritzeko. Hutsak ditu, noski, edukin diskutigarriak ere baditu, jakina, baina aldi berean, aspalditik itxaroten genuen zenbait neurri jasotzen du. Eta horregatik baino ez bada ere, aintzakotzat hartzea merezi du. Besteak beste, lege-egitasmoan, kaltetuen hainbat talderen pentsio eta dirulaguntzak hobetzen edota gaurkotzen dira, ordainik jasotzen ez duten beste biktimen aldeko sariak aurrikusten dira, Franco eta frankismoa goraipatzen duten ikurrak leku publikoetatik kenarazteko neurriak hartzen dira, Gasteizko martxoaren 3an hildakoen oinordekoentzat ere diru-sariak aurrikusten dira −urte luzeetan Kongresuan eskatu izan dugunez−, guda zibilean epaiketarik gabe erahilak eta lurperatuak izan zirenen gorpuak berreskuratzeko neurriak hartzen dira eta gudan zehar zein diktadurapean egindako gehiegikerien ikertzaileei artxiboetara sartu ahal izatea erraztuko zaie, orain arte izan diren traba eta zailtasunak deuseztuz, eta abar. Aurrispen hauetan guztietan, zuzendu edota hobetu beharreko hainbat edukin dago, zalantza barik. Baina ez dugu uste alderdi sozialistak puntu horiek negoziatzea ukatuko digunik. Ez litzateke ona izango gizarte honek bere memoria berreskuratu eta finkatzeko duen gose-egarriaren ikuspuntutik.

Horrez ganera, bermerik gabeko epaiketa laburretan eta guda-kontseiluetan zigortuak izan zirenen izen ona eta dignitate osoa aldarrikatzeko bidea aurrikusten da, eurekin egindako injustiziak aitortuz eta konponduz. Talde parlamentario batzuk, gogor agertu dira neurri hau kritikatzen. Euren ustez, epaiketa horiek guztiak deusezteko edota berrikusteko prozedura judiziala aurrikusi beharko litzateke. Ni neu, ez nator bat ikuspuntu horrekin. Ez baitut uste gaurko Auzitegi Gorenaren bostgarren gelak emandako epaiak indar erreparatzaile sendoagorik duenik herri-borondatearen isla den organo ordezkatzaile demokratiko baten babespean egindako aitorpenak baino. Ez gara gai juridiko batetaz ari, arazo politiko batetaz baino. Justizia demokratikoaz ari gara eta hori zilegitasun demokratikoetan oinarritzen diren prozeduren bidez bakarrik gauzatzen da.

Dena dela, lege-egitasmoaren aburua iraganarekin kontu guztiak garbitu eta etorkizuna zutabe demokratikoetan oinarritzea bada, bi puntu utzi ditu kanpoan gure iritziz, kanpoan ezin utzi daitezkeenak. Salamancako artxiboan dauden euskal dokumentuak Eusko Jaurlaritzari itzultzearena da lehenbizikoa. Bigarrena, berriz, alderdi politikoei frankismoak kendu zizkien ondasun eta eskubideak, behar bezala itzultzea. Bi puntu hauek betetzen ez diren artean, nekez esan dezakegu guda zibilaren eta frankismoaren orrialdeari behin eta betiko buelta eman diogunik.
PARTEKATU