GERRAK bakarrik ez ditu zauriak eragiten, baita bakea egiteak ere. Gehienen ona aurkitzeak beti ekarri ohi baitio norbaiti kaltea. Ez kaltegile guztientzat eta ez kaltedun guztientzat dira berdinak bakerako bideak eta neurriak. Eta hori horrela delako urratsik egin nahi ez izatea hutsegite handia da politikan. Are eta makurragoa horretaz baliatuz urratsak eragoztea. Eragozteko zauriak harramazkatzea.
Borroka armatua ezinbestekotzat jo eta arma hilgarriak erabili dituenari alferrik eskatuko zaio on beharrez egindakoaren damua. Baina eragin duen kalteaz eta minaz ohartu eta eskatu beharko luke barkamena. Gauza bat da epaileak ez onartzea, borroka armatuaren zilegitasuna ez gaitzestea, eta oso besterik, semea hil dioten amaren mina aintzakotzat ez hartzea eta amaren zotinari entzungor eta irri egitea. Eta horretan hozkia ematen duten jarrera eta jokabide harroxkoegiak eta makurregiak ikusi ditugu oraindik orain.
Herria Estatuaren aurka jaiki zedin erabaki zuen ETAk alde guztietara oinazea zabaltzea. Horretarako, berriz, ezinbestekotzat jo zuen lasaegi zeuden herritarrak aztoratzea eta asaldatzea. Baina norbaiti erasotzen zion bakoitzean bere kontrako enbata zurrunbilotsua harrotzen zitzaion. Eta estatuari edozer neurri hartzeko bidea zabaldu zion, ikaratutako herritarrak mendeku eske hasi baitziren eta nazkatutakoak eta etsitakoak ezikusi egiten. Nolabaiteko legeak, atxiloketak, zigorrak onartu dira eta onartu ez badira ere isildu. Blanco, Mugica, Korta eta horrelakoak bakarrik ez dira izan, Lasa eta Zabala bezalakoak ere izan dira.
Borroka ez da minik eragin gabe egin. Bakea ere ez da inori minik eman gabe egingo. Kontrako neurri bereziak hartu diren bakoitzean aitortu zaio ETAri bere berezitasuna. Bakea egiterakoan ere onartu beharko zaio. Gogorra da eraso zaurgarriak eta hilgarriak pairatu dituztenentzat. Baina inork gehiago mehatxurik eta heriotzarik jasan ez dezan eskatzen den ahalegina da.