Iritzia
16Uztaila
2006
16 |
Iritzia

Elizaren bitxikeriak

Iritzia
Uztaila 16 | 2006 |
Iritzia

KRISTAU familien batzarra egin du elizak Valentzian, ezkontzari uko egindako elizgizonez inguratutako Aita Santua buru dela. Bitxia da benetan, aita, ama eta seme-alabez osatutako familien ospakizunean ezkongabeak daude aitzindari, aurrean, lehen lerroan, aldarean, erakusle, aholku-emaile.
Bibliak esaten ditu maiteminduen maitasunari buruz gauzarik ederrenak.Maitasun hori dela Jainkoaren antz gehien duena, Jainkoa zer-nolakoa den ondoen adierazten duena, Jainkoak gizakia nola maite duen ondoen erakusten duena, errepikatzen du Elizak ere. Baina haurrak izateko gai diren senar-emazteen maitasunera mugatzen du hori guztia. Haurrak izateko ezinbestekoak ziren oraintsu arte gizonezkoa eta emakumea, jakina. Baina sexu berekoen arteko edo ezkondu gabeen maitemiña deabruarena al da? Zergatik ez da horien maitemina ere Jainkoaren ezaugarririk gardenena? Eta zergatik onartzen ditu haurrik ezin izan ditzatekeen adinekoak, komenentziaz edo diruagatik, maitemimik gabe, elkartzen direnen ezkontzak?

Kristauen ospakizuna da meza. Maitasun eta elkartasun giroan ospatzekoa, gainera. Zergatik gaitzesten dute fedegabea omen den Zapatero mezetara ez joatea? Bizkaiko parrokia batean mezarik gabeko ezkontzak ere egiten omen direlako eskandalagarritzat jo zen komunikabideetan. Elizak beti onartu ditu mezarik gabeko ezkontzak. Gorroto giroan egin izan diren hileta batzuk ere ez ote zen hobe mezarik gabe egin balira? Maitasun eta elkartasun seinale den "ogi banatzea" federik eta maitasunik gabe ospatu nahi izatea bitxia da benetan.

Garrasia eta haserrea otoitz bihur daitezke. Baina Aita Santuak Auschwitzen Jainkoa non zen galdetzea, Hitler loxintxatzen zuten gotzainak non ziren galdetzeko ordez, bitxia da. Garcia Gasco Valentziako gotzainak ere halaxe egiten du metroko istripuan, segurtasun neurriak non ziren salatzeko ordez. Bitxia.

PARTEKATU