Gorka Agirreren aurkako isilpeko sumarioa oraindik kaleratu ez denean, jadanik, Madrilgo egunkari espainolista batean argitaratu da egotzi diotenaren eta Faisan tabernako nagusiaren -orain arte Joseba Elosuarena izandakoa, Grande Marlaska epailearen aginduz atxilotua- arteko elkarrizketa telefoniko bat. Taberna hori agindu judizial batek zigilatu du.
Aipatu filtrazio nahi horren bidez, nazionalismo demokratikoaren buruak ETArekin harremanetan jarri nahi dituzte. Dena lardastu, dena nahastu, difamatu ezazu, zerbait geratzen da eta esaerak benetako zentzua har dezan. Helburua argi dago: EAJko buruak eta enpresariei estortsioa egiten zieten ETAkideak harremanetan jartzea eta juridikoki errua egoztea.
PPko buru batzuek M-11ko Madrilgo atentatua talde islamiarrekin lotzen dutenean, orain, Gorka Agirreri leporatzen zaio enpresariek iraultza zerga delakoa ETAri ordaintzeko bidean laguntzea. Azken finean, korapiloaren partaide izatea. Gorkari inor hurbildu edo inguratu bazaio, mehatxatua izan den ezagunen bat edo bere familiako kideren bati laguntza emateko izan da; Gorkak arrazoi politikoak zirela medio atzerrira joan beharra izan zuen bere garaian eta klandestinitatean bizi behar izan zuen, eta mundu hori ongi ezagutzen duelako joan zaizkie.
Orain, justiziaren ekintza honekin, ez da Gorka bera bakarrik kriminalizatu nahi izan, bere inguru guztia eta berarekin zerikusia izan duen edonor baizik: estortsioa egin dioten enpresaria, arintzen laguntzen saiatzen dena, ahal den neurrian, bere atsekabea... Biktimak gaizkile bihurtuz, ia hiltzaile edo beraien laguntzaile ere.
Hainbeste aldiz entzuten dugun zuzenbide estatua delako horren eginbeharra ez al da hiritarren segurtasuna zaintzea? Estortsionatutako enpresariek behin baino gehiagotan ordaintzen dute, egiten dutenek beraien edo ingurukoen bizimodua guztiz aldatu nahi ez badute, beraien eta ingurukoen segurtasunagatik. Estatuari ere derrigorrezko zergak ordaintzen dizkiete, honek ematen ez dien zerbaitengatik. Oraingoan talde terroristen finantzaketan lagundu izana leporatu zaio.
Eta honekin ez da enpresariarekiko apologia egin nahi. Gizona denak bere hurbilekoengatik edozer egingo luke, baita bizitza bera eman ere, beharrezkoa balitz.
Mundua hankaz gora. Komunikabideen bidez jakin genuen Agirreri egozten diotena, agian berak baino lehen, ebakuntza bat zela kausa gaixorik baitzegoen. Otegirekin egin ez zuen bezala, pneumonia batengatik gaixo zegoela eta, Grande Marlaska Bilboraino etorri da Gorka Agirreri deklarazioa hartzera. Agirreri inputatu modura, eta Arzalluzi, enpresarien estortsioaren lekuko gisa. Atutxa, Knörr eta Bilbao Eusko Legebiltzarreko autonomia defendatzeagatik. Ibarretxe lehendakariaren eta Josu Jon Imazen kontrako salaketak, berriz, onartu egin dira Batasunarekin hitz egiteagatik. Egibar, Barrena eta Errazti, lekuko gisa deklaratzera 18/98 kasuan. Batasuneko Mahai Nazionaleko kideak inputatu gisara, prentsaurreko bat egin edo kale ekintza bat egiteagatik... Kontsigna badirudi, denak euskaldunak, denak terroristak.
Batasunarekin hitz egitea, Europar Batasunean erakunde terroristen zerrendan egonik, delitua bada, zer aldatu behar da ETArekin hitz egiten dutenak egotziak izan ez daitezen? Zapatero inputatu behar dute epaileek, elkarrizketen arduradun gisara? Edo ETAren su-eten iraunkorra lor dadin lan egin dutenak? Edo hori ez ote da gordeta egongo euskal nazionalista labela dutenentzat?
Alderdien Legea eta Askatasunaren eta Terrorismoaren kontrako Hitzarmena indarrean daude, Zapaterok berak esan duen bezala. Eta jadanik hasiak gara argi ikusten, norbaitek zalantzarik izango balu ere, gauza ez dela ETAren kontra joatea, baizik eta euskal nazionalismoaren beraren kontra.
Justizia, itsua? Badirudi gauza batzuk ikusten dituela, besteak erdizka, eta beste batzuk, berriz, ez. Gorra izan bai dela. Bakearen garai berriak ez dira entzun, oraingoz behintzat. Baina, oreka mantendu behar zuen balantza, guztiz alde batera doa.
Fiskaltzak egiten dituen fidantza eskaerak batzuetan egiten dira eta besteetan ez. Eta fiskal nagusia bai dela politikoki hautatutako kargua. Erabaki politikoei erantzuten die, eta erabaki horien ondorioz Gorka fidantzapean dago libre eta astelehenero hurbileneko epaitegian aurkeztu behar du. Delitugilea da, besterik esaten ez den bitartean.
Ez dago esan beharrik ere Gorkaren inputazioa bakearen aldeko ibilbide garbi eta nabarmena izan duen gizona kriminalizatzea besterik ez dela, eta, bidez batez, EAJko buru den baten bidez egiten da. PSOEk nahi denbora eman du boterean, estatuko iturginez, beraien aurrekoek ipinitakoez, edozein ekimen ukatzen dutenez, aspalditik errotuta dagoen gatazka politikoaren konponbiderik nahi ez dutenez, libratzeko. Nahi bada, ahal da, baina benetan nahi bada.
Munduko futbol lehiaketa amaitu da, eta beti bezala, oraingoan ere Espainiako selekzioak ezer ez. Ba al dago modu hoberik Kataluniako Estatutuaren (norbait gogoratzen al da hartaz) eta Espainiako selekzioaren porrota estaltzeko, denak euskal usaina du esatea baino?
Baltasar Garzon itzuli da Grande Marlaskaren lekura. Ez dezagun ahaztu Felipe Gonzalezek irabazi zituen azken hauteskunde orokorretan diputatu hautatu zutela eta itsasontzitik lurreratu egin zela Belloch superministro izendatu zutenean, horrela, berak zuen edo gaur egun gobernuan eta alderdian goi mailako karguak betetzen dituztenek sinetsarazi zioten itxaropen bat bukatuz....
Horregatik, aurrerakoia dela pentsatzen da. Egin dituen adierazpenak direla-eta badirudi garai berrietara egokitu dela eta legeak modu malguago batean ezartzen dituela. Ikusiko dugu hasiera honetan norantz mugitzen den eta zer datorkigun gerora. Premisa, ETAren su-eten iraunkorra, aspaldian bete zen. Besterik ez garai berrien aurrean gaudela pentsatzeko. Sumina, mementoz, gorantz doa.
Politikaren judizializazioa eta justiziaren politizazioa. Justizia, itsua?