Iritzia
02Uztaila
2006
02 |
Iritzia

Ni ere Gorka naiz

Iritzia
Uztaila 02 | 2006 |
Iritzia

ALDERDI eta sindikatuek ezkutuan ziharduten. Ez zuten elkar ezagutzeko aukerarik eta agintzen zeudenek ere ez zuten ezkutukoen ezaupiderik. Eta harremanak izatea komeni zitzaienean ez zekiten norengana jo. Poliziak hildakoarengatik sortzen zen asaldura zela, ikurriña zela, euskara zela eta abar, ministroren batek euskal munduko norbaiterekin hitz egin nahi zuenean "Zeruko Argia"ra jo ohi zuen Manuel Escudero diputatuak. Hemen zein indar nagusituko zen jakin nahian zebiltzan Estatu Batuetakoek ere guregana jo zuten.
Alderantziz ere berdin gertatzen zen. EAJren ardura zuen Martin Ugaldek ere Erregearengana iritsi nahi zuen. Bazekien Azkotiko erretorea Juan Carlosen irakasle izan zela. Pozik egin zuen Galarragak Martinek Erregearentzat eman zion mandatua.

Laguntza eskatutako enpresariorik ere izan zen. Amnistiaren aurreko bitartekotza izan zela esan behar diot, badaezpada ere, Marlaskari. ETAk milioi batzuk eskatuz papertxo bat bidaltzen duenean ez da larrituko ez denik. Norengana jo dakienak ere lagun bat nahi du alboan. Norengana jo ez dakienak, berriz, elkarrizketatzeko modua egitea nahi du. Baina argi ez bazabiltza sarean erortzeko punttuan aurki zintezke. «Esaiozu zure lagun horri beste bueltaxo bat egiteko», iritsi zitzaidan agindua handik urtebetera. «Ni ez naiz ETAren mandataria. ETAk mehatxatutakoari bakarrik laguntzen diot nik. Ez diot zuen izenean inori mandaturik emango», baztertu nuen sarea.

Behin bakarrik izan naiz elkarrizketaren lekuko. Motza eta lehorra izan zen arrazoibidea: «Guk behar dugu. Zuk badaukazu. Onean ematen ez baduzu txarrean kenduko dizugu». Hala ere, ez zen nire laguna kokildu. «Ez dizuet sosik emango», aurre egin zien.

Estu eta larri dagoen mehatxatuari laguntzeagatik espetxera zaitzateke. Baita osasuna eta bizia ez galtzeagatik amore eman duzulako ere. ETA itotze arren horrelako legeak ezarri zituzten PPk eta PSOEk epaileen esku. Horien lorea da Marlaska.

PARTEKATU