Iritzia
25Ekaina
2006
25 |
Iritzia

Montilla arrotzegia

Iritzia
Ekaina 25 | 2006 |
Iritzia

MONTILLA arrotzegia ote den Catalunyako President izateko. Horrelako zerbait esan zuen Maragallek. Esana kontrako eztarrira joan zitzaion. Eta atzera eragin behar izan zion itoko ez bazen. Sudupe ez ote zen Donostiako alkate izateko bezain donostiar, esan zuen Odon Elorzak. Eta ez zen inor asaldatu. Nik ez dakit Montilla zenbateraino den Catalunyartu. Bertako hizkuntzaren jabe da, behintzat. Hala ere, Katalunyaren aurretik ote duen Espainia iruditzen zaie. Espainiaren aldetik izango litzatekeela sokatiran.
Nire ile-apaintzaile extremeñoak ez du zalantzarik. Espainiako hauteskundeetan alderdi espainolari ematen dio boza. Euskadikoetan, ordea, hemengo bati. «Hemen, hemengoek agindu behar dute» erabakitzen du, ezbairik gabe. Herri baten iraupena, nortasuna, etorkizuna eta burujabetza jokoan direnean oso kontuan izateko sentimendua da hori. Aspaldi Espainian bizi arren, Fran-tzian jaio eta hazitako bat, ezeren eragozpenik gabe, onartuko al litzateke Estatuko gobernu buru? Halakoaren zenbait jokabidetan erraz sortuko lirateke susmoak eta errezeloak. Tokian tokiko agintaritzak eta erabakiak susmo hori, behintzat, ez du izan ohi. Bestela, zergatik ez da Europar Batasuneko konstituzioa onartzeko erreferenduma europar guztien artean egin? Zergatik egin da estatu bakoitzeko biztaleen artean?

Urnietako auzo zen Lasarte-Orian bizi nintzen. Udalerri egiteko sinadura eskatu zidan andaluz batek. «Ni, ordea, urnietarra nauzu», zirikatu nuen. «Barkatu, barkatu», atzeratu zen. Ederki konprenitu zuen urnietar batek izan zezakeen sentimendua. Urnieta, nire herria, zatitzerik ezin nezakeela onartu, uste zuen. «Lasai, ekar zazu paper hori. Euskadi burujabea izatea nahi baldin badut, nola ukatuko diot, bada, Lasarteri bere buruaren jabe izatea?», sinatu nion papera.

Lasarte-Orian bizi ginenon erabakia zen hura, nahiz eta Hernani eta Urnietako udalerrien auzo izan. Eta inork ez genuen bi udalerrietako biztanle guztien artean erreferenduma egiterik eskatu.

PARTEKATU