ZABORREKIN eta hondakinekin zer egin behar den ez dakit. Hain alderantzizko kontuak entzuten ditut! Biolehorketa teknikaren erabilpenean eredu omen den Milan aldera joanak dira gure Donostiako agintariak. Joan aurretik zuten iritzian tematu da etorri da bakoitza. Horretarako ez zegoen denon dirua alferrik xahutu beharrik. Batzuentzat hori da hondakinak desegiteko modurik onena; besteentzat, murriztu bakarrik egiten ditu eta, ondoren, erdiak zabortegira eta beste erdiak sutara botatzen dira.
Nik aski dut ahal dudan gutxien sortzea eta ahal dudan txukunen zaborrontzietara ateratzea. Ez dut beste erantzukizunik. Nik kalean uzten ditudan zabor, zarama eta hondakinekin zer egin, alkateak erabaki beharko du. Baina Odon Elorzak erabakia hartzea baino nahiago du ekologista itxurak egin eta jolasean ibiltzea. Eta «txantajetzat» salatu duen hordagoak aieneka jarri du enbidoka ari zena. Ekologiaren izenean pinudiak erretzen ari ziren hartan entzun nion Busca Isusiri: «ekologista asko eta ekologo gutxi».
Asmakizun zaharra da biolehorketa. Lehortutako hondakinek belar ondu berriak bezain usain gozoa badute, piku onduak bezain gozoak badira edo bakalaoa bezain biziak, atarian bertan nahiko nituzke «ondutako» hondakin horiek.
Zaborrekin eta hondakinekin zer egin behar den aspaldi asmatu zen. Ez zen orain adina janari alferrik galtzen, eguerdian jaten ez zirenak afaritan jaten baitziren. Soberan ziren apurrak, berriz, gogotik eskertzen zituzten animaliek. Donostiakoekin hamaika txerri gizendu zuten inguruko baserritarrek. Besteak, lurraren ongarri edo suaren errekin bihurtzen ziren. Sua pizteko paper punttaren bat non aurkituko ibiltzen ginen orduan. Orain, ordea, zaborrek eta hondakinek ito behar gaituzte. Indar, gas, ongarri eta baligarri bihurtu arren asko, oraindik pila handiak geratuko zaizkigu. Eta horientzat sua izan da azken erremedioa. Eta «ETAren hondakinentzat»? Gerra ondoan bezalaxe, denbora, Joseba.