"ESKOLA euskaldundu". Hori da etengabeko leloa. Egunotan bildu da horren aldeko sinadurarik eta egin da manifestaldirik ere. Beharrezkoa baita horretarako gizartearen bultzada. Eta ezinbestekoa urrats handiagoak ematea. Baina egin diren urratsak errezegi gutxiesten eta hizkuntz ereduak arinegi arbuiatzen dira.
Batzuk gazteegiak dira nondik gatozen jakiteko. Beste batzuek beti hutsa ikusten dute beren ametsezko botila. Estatuaren eta erlijiosoen eskolak ia erabat erdaldunak ziren. Halaxe izan behar zuela uste zuten maisu-maixtrek eta gurasoek ere. "Gaur" taldeak 1971n argitaratu zuen ikerketaren arabera, 37,2 irakasleren ustez, ez zen euskararik irakatsi behar, ezta eskolako orduetatik kanpora ere; 20,5en iritziz, eskolako orduetatik kanpora irakatsi behar zen; eskolako orduetan irakastearen aldeko 42,3tik, nahi zuten ikasleei bakarrik irakastearen aldekoak ziren gehienak. Irakasle euskaldunik eta gurasoen artean ere giro handiegirik ez zenez, A, B eta D ereduak antolatu zituzten haiek badute merezimendurik, noski. Askatasun eta aukerabide horri esker D eta B ereduetara lerratu dira, piskana-piskana, gurasoak, euskararen kaltetan izango zen borroka handirik eragin gabe gizartean.
Hizkuntz eredu hauek, jakina, ez dute Euskararen legeak eskatzen duena betetzen. Ez baitituzte ikasle guztiek 14 urtetarako gaztelania eta euskara menderatzen. Askorentzat ezinezkoa dena eskatzen baitu legeak. Gaztelania besterik hitz egiten ez den Espainiako lurraldeetan%23 ez omen dira hizkuntza horretan "nahiko"ra iristen. Etxean edo kalean hitz egiten ez den euskara ez dute D ereduko ikasle guztiek ere menderatuko. Ala beste gaietan bakarrik gertatzen da porrota?
«Hábleme en cristiano» erantzuten zioten lehen irakasle bati. Orain, «yo no aprendo la lengua de ETA». Euskara adina erdara erabiltzen duenez, zergatik ez ote diote gaztelaniari ere muzin egiten? Eskolak bakarrik eta belaunaldi batean edo bitan Euskal Herria euskaldunduko dela uste duena oker dago.