Castells: "Katalunian konturatu dira eskubide historikoek erregimen berezia esan nahi dutela"
Eskubide historikoek funtsezko diferentziak ezarri zituzten 1979ko estatutuetan. Euskal Herrian onartu egin ziren; Katalunian ez.
Eskubide historikoak 78ko Espainiako Konstituzioan agertzen dira, 1. Xedapen Gehigarri ezagunean. Bi komunitatek helduko diote aukera horri: EAEk 1979ko Estatutuan eta Nafarroak 1982ko Amejoramenduan. EAEn, kontzertu ekonomikoa, polizia autonomoa, antolaketa forala eta hezkuntza jaso ziren erregimen foralaren eguneratzean eta, horrela, erregimen pribatibo berezia ezarri zen. Katalanak ez ziren bide horretatik joan. Batzuentzat eskubide historikoak zaharkinak besterik ez ziren. Baina askok uste zuen kontzertu ekonomikoa ez zela hain ona, bereziki, Euskal Herrian bezala, krisi ekonomiko garaiak iristen baziren. Halako egoeratan komenigarriagoa litzateke Estatuaren laguntza izatea, autofinantzazioa baino. Horrez gain, Auzitegi Konstituzionalak, epaien bidez, eskubide historikoen eguneratzea EAE eta Nafarroara mugatuko du soilik, ate hori beste guztientzat itxiz.
Gaur egun, ordea, Katalunian eskubide historikoen eskaerak indarra hartu du.
Katalunian konturatu dira eskubide historikoek erregimen berezia esan nahi dutela. Polizia autonomoan askoz beranduago ibili ziren, kontzertu ekonomikoa autogobernuan funtsezkoa dela ikusi dute eta lurralde administrazio antolaketa berezirako aukera ere hortik datorrela konturatu dira. Katalanak saiatu ziren banaketa probintziala bertan behera utzi eta banaketa komarkala ezartzen, baina berriro ere Epaitegi Konstituzioanalak ixten die bidea. 79tik aurrera gainera Euskal Herrian eskubide historiko gehiago eguneratzen joan dira: funtzionarioak, garraioa, errepideakà
Baina gero, eskumenen garapenari dagokionez, azpiegitura kulturaletan, esaterako, katalanak aurretik joan ziren. 1980an Kataluniak Artxibo Historiko Nazionala zuen; Jaurlaritzak legegintzaldi honetan prestatu nahi du proiektua.
Hemen, 80etan, lehentasuna zulotik ateratzea zen. Errekonbersio garaiak dira, industria siderometalurgikoa hondoratzen dira. Eta Jaurlaritzak horri eskaintzen dizkio ahalegin eta diru kopuru handienak. Euskararen inguruan ere ahalegina egin zen, baina horrez gain, kultura garai hobeetarako baztertzen da.
Euskara aipatu duzu. Hemengo eta Kataluniako estatutuetan hizkuntzaren gaia behar bezala jorratu al zen?
Konstituzioak permititzen zuena ezarri zen, hots, koofizialtasun linguistikoa. Hemen 1983an ezarriko da Euskararen Normalizazio Legea, orduko hezkuntza kontseilari Etxenikeren eskutik eta; HB ezik, beste alderdi guztien onarpenaz. Pauso baikorra izan zen. Katalunian ere urte berean onartu zuten hizkuntzaren legea. Guztiak dira lege oso kontsentsuatuak eta oro har dinamika positibo bati bidea ireki dietenak.
Katalunia estatutu berriaren prozesuan sartuta dago. Zer iritzi duzu testuaz eta prozesuaz?
Arau juridikoen eguneratzea funtsezkoa da. Gauza asko pasa da 1979tik hona, Europan sartzea, teknologia berrien eztandaà Garai berrietara egokitzea guztiz beharrezkoa da. Kataluniako Parlamentuak irailaren 30ean onartutako testu ikaragarri luze hura irakurri nuen. Nahi baduzu, garatuegia zegoen, dena zehazten zuen. Baina gaur egun geratu dena beherapen handia da. Irailak 30ekoaren espiritua mantentzen duela? Agian bai. Baina, lehengo batean Ferran Requejo Zientzia Politikoetako katedradun katalana makuluekin etorri zitzaigun bilera batera eta hark ederki esan zuen: "Kataluniako Estatutu proiektua Madrildik pasata bezala nago". Beherapena gehiegizkoa izan da. Baina 1979ko prozesu estatutarioarekin alderatuta alde nabarmena dago. Orduan, Gernikako Estatutuak ezarri zuen eskumenen sabaia, hura izan baitzen eztabaidatzen lehena. Noraino irits zitekeen markatzen zuen barometroa izan zen. Oraingoan, Kataluniako Estatutua aurreratu da. Hala ere, ikusteko dago hori ote den eskumen sabai berria.
Orduan, su-etenak zabaltzen duen bide horretan, Euskal Herria autogobernuan urrutirago irits daiteke?
Katalanei testua aldatu diete, baina gutxienez negoziatu egin dute. Ez ahaztu, Ibarretxe Planak Diputatuen Kongresuan jasotako zaplastekoa. Eta Euskal Herriak ere bere arau juridikoak eguneratzeko beharra du, berdin-berdin; edo agian gehiago, antolaketa administratiboaren konplexutasuna kontuan hartzen badugu. ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziaketetan presoen gaia eta horrelakoak agertuko dira. Baina lehenago edo beranduago autogobernuaren gaiak ere azaleratu beharko du alderdien mahaiaren eskutik. Lehendakariak uda ostea aipatu du horretarako. Ikusiko dugu.
Duela hiruzpalau urte, beste elkarrizketa batean esaten zenuen Europa federalago batean Euskal Herriak eta Kataluniak aukera handiak zituztela autogobernuaren bidean?
Bada, egun ezin da oso optimista izan. Europako Konstituzioa ez zen aurrera atera, baina finean hor dago, eta Estatuen Konstituzioa da. Testuan Erregioen Batzordeari botere gehixeago onartzen zaion arren, Europako Batasuna maila oso estatalean zuzentzen ari dira. Baina mundua federalismorantz doa, federalismoa inposatzen ari da; estatu indartsuenak federalistak dira: AEBak, Kanada, Alemaniaà Belgikak komunitateen inguruko arazo handiak zituen eta 90eko hamarkadan, federalismoaren bitartez nolabait konpontzea lortu zuen.
Hortaz, une erabakigarri hauetan, nola ikusten duzu Euskal Herria nahiz Kataluniaren etorkizuna?
Kataluniak testu berria hor du jada. Oro har, autonomien eskumen esparrua zabaldu egin da eta, ondorioz, politika autonomikoa ere areagotu egingo da. Une honetan autonomiek kudeatzen dituzten politika publikoak %80an daudela badiote, portzentaje horrek gora egingo du. Oraindik Madril erdian geratuko da, baina botere administratibo gutxiagorekin eta agian botere politikoa ere murriztuta. PSOEren Gobernuak, Konstituzioaren erreformaren barruan, autonomia erkidegoak ordezkatuko dituen senatua aurreikusi du. Baina nik zaila ikusten dut. Auzitegi Gorena, Auzitegi Konstituzionala edo Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia funtsezko organoak dira, haiek agintzen dute, haiek dira benetan goi mailako politikak bideratzen dituztenak. Baina hor ere zaila ikusten dut euskaldunek nahiz katalanek ordezkaritza zabala izatea.