ELIBIRA ZIPITRIA andereñoa jaio zela ehun urte beteko dira datorren igandean. Hil zela ia 24 urte badira ere, bizirik dirau oraindik askoren buru-bihotzetan, berak ereindako haziari esker. Libururik ere argitaratu da berari buruz eta, mendeurrena dela eta, bada ikerlanik egiten diharduenik ere. Bizitza guztia euskal hezkuntzari eskaini zion "Emakume Abertzale Batza"ko euskaltzale eta abertzale hark badu-eta zer ikerturik eta eskerturik. Eli Etxeberria zuzendari zen Migel Muñoaren ikastolan hasi zen lanean 1928an. Frankistei ihesi, iparraldean babestu zenean ere euskal umeen andereño izan zen. Donostiara itzuli eta, 1942an ekin zion, isilka eta ezkutuka, talde txikietan euskaraz irakasteari. 1971n utzi zion, 43 urtez, gizarte segurantzarik gabe, burututako irakaskuntzari. Erretiroko pentsiorik ez zuenez, lagunek emandako diruz bizi behar izan zuen azkeneko 11 urtetan.
Villar Palasi ministroaren OHO legea baino lehenagokoa da Zipitriaren lana. 9 urterekin hasten zen batxilergorako prestatu behar baitzituen ikasleak. Ez dago, beraz, Elbirari gaur egungo curriculumarik eskatzerik, horren beharrik gabe ondo baino hobeto prestatzen baitzituen batxilerrerako. Izan ere, beste maisu-maixtrek baino hobeto ezagutzen zituen Frenet, Montessori, Piaget eta abar. Irakaskuntzan aurreratutako estatuetara begiratzen zuen Zipitriak, bere liburuen artean horregatik daude hainbeste frantsesez. Eta ikastoletarako ere andereño ikasiak eta pedagogian trebatuak nahi izaten zituen. Andereño askoren trebakuntzan eta ikastolen pedagogia aurrerakoian zerikusi handia izan zuen, beraz.
Elbira Zipitriarik gabe nekezago helduko zitzaion ikastolagintzari eta, demokrazia garairako ikastolak indartu ez balira, askoz ere geroago eta ahulago beste eskolak euskalduntzeari. Baina Zipitria ikastolagintzan bakarrik ez zen aurrelari izan, baita Down sindromedunak eskolatzen eta helduak alfabetatzen eta euskalduntzen ere. Ohore, beraz, Zipitria argi, langile eta trenbeari.