Iritzia
15Maiatza
2006
15 |
Iritzia

Seny katalana eta euskal sena

Iritzia
Maiatza 15 | 2006 |
Iritzia

Konturatu ez arren, "seny" katalana eta euskal "sena" jatorri bereko hitzak dira. Germaniar zaharretik datorrena, nahiz eta, aurretik, Germaniaraino Erromatar Inperioaren latinak eraman. Erdi Aroan erromantze guztietan arrunt erabilia izan zen, XIII. mendeko gure Berceo errioxarra lekuko.
Bi berbok jatorri berekoak izan arren, praktikan esangura ezberdin samarrak dituzte, euskaraz ala katalanez izan. Egia da bai, hiztegira joez gero berdinak ematen dutela: zentzua, ezaguera, izakera, berezkoa, nortasuna, kordea, instintoa, intuizioa... Baina aldea aukerak egiterakoan sortzen da, katalanek zentzua, ezaguera, kordea eta intuizioa hautatzen dituztenetan, euskaldunok izakera, berezkoa, nortasuna eta instintoa aukeratzen ditugu-eta.

Semantikari zorrik izango ez badiogu, badirudi euskal sena sustraiari atxikitzen zaiola, seny katalana kanpolarrosa den bitartean; euskal senari kutxu etnikoa omen dario eta seny katalanari, aldiz, diseinu-itxura; gordin esanda, euskaldunok sena erabiltzen omen dugu gure burua kanpontarrengandik defenditzeko, katalanak senyaz baliatzen diren artean kanpotarrok liluratzeko.

Atzo hemen bertan Mikel Atxagak aurreratu zuenez, zenbat aldiz ez ote dugun gero azken urteotan entzun euskal sen zakarrarekin ez zegoela inora joaterik, seny katalan xarmangarria behar genuela eredutzat hartu eta, aurrez aurre erasan beharrean, zeharbidetik abiatzen ikasi. Ordua zela astakirten izateari utzi eta, behingoz, katalanen jokabide zuhur eta dotoreak ikasteari ekitekoa.

Baina, senyaren balantzea ikusi ondoren, bistan da azaleko itxura baino ez zela. Besterik uste arren, ez dagoela seny eta senaren artean horrenbesteko diferentziarik. Alegia, Katalunian zein Euskal Herrian izan, funtsezkoena ez dela seny-senaren nolakotasuna, zer gerta ere nork bere senean iraun beharra baizik. Esaera zaharrrei jaramon eginez, katalanek behar dutela euren senera etorri eta euskaldunok, berriz, inork gure senetik atera ez gaitzan ahalegindu.

PARTEKATU