Iritzia
14Maiatza
2006
14 |
Iritzia

Katalan eredua

Iritzia
Maiatza 14 | 2006 |
Iritzia

KATALANAK ziren eredu. Denen artean adostu, burutu eta onartutako Estatutua egin behar zuten, ez Euskal Herrian bezala batzuk baztertuta. PPk ez beste guztiek onartua eraman zuten Espainiako kongresura. Catalunyara itzuli dena ez du gobernukide den ERCk ere onartu. PP eta ERC bazterrean utzi dituen eta hirukoaren gobernua zilipurdika jarri duen Estatutua dute, oraingoz. Herritarren zenbaterainoko onarpena izango duen ikuskizun da oraindik. Porruhazi horiek atera ditu katalan ereduak. Andaluziakoak ez du lurrikararik sortuko, noski, baina hangoak ere bazterrean utzi ditu bi alderdi.
Catalunyan lortu ez dutena eskatuko ote zaigu euskaldunoi? Independentziaren aldekorik ez den Andaluzian lortu ez den adostasuna eskatuko ote zaigu Euskal Herrian? Espainiako Konstituzioak baztertu zituen, bada, euskal abertzaleak? Gernikako Estatutuak ez zuen APren eta HBren onarpenik izan. Oraingo konponbideari zergatik eskatu behar zaio ordukoak izan ez zuen adostasuna? Hain zuzen, adostasunik gabeko arazoak erabakitzeko modu bakarra du demokraziak: gehiengoaren nahia eta erabakia. Bestea, gehiengoa gutxiengoaren mende jartzea da. Ez da demokratikoa gutxiengoari konponbidea eragozteko ahalmena aitortzea, handiak txikia eta indartsuak ahula jan dezala onartzea da hori. Dagoen legeriaren barruan egin behar omen dira aldaketak, legeria hori eragozpen gertatzen bada ere bai? Gehiengoaren erabakia arbuiatzen duen legea da aldatu beharrekoa, ez alderantziz. Herri baten erabakimena zapaltzen bada, ezinezkoa bihurtzen da konponbide demokratikoa.

Batzuen ustez, Euskal Herriak, orain bezalaxe, gero ere Estatuari atxikita du etorkizunik onena. Zilegi da horrela pentsatzea. Baina horren aldeko arrazoiak agertzeko ordez, Euskal Herria ukatzen dute, itsumen handiz. Nik ez diot inori nahi badu bere herria Dukesaren edo Baronesaren herri izendatzea ukatuko. Baina utzi diezadatela Euskaren Herri izaten.

PARTEKATU