Europa eta euskaldunon arteko harremana ez da gaurkoa. Euskaldunok aspaldidanik begiratu izan diogu Europari eta berak suposatzen ziona edo liokeena Euskadiri. Euskal presentzia, euskaldunok Europan proiektatzeko ahalegina, urrutitik dator. Badaude 1941eko ekaineko erreferentziak, urte hartan, Londresko Ordezkaritza Euskaldunak Europar Federazioari buruzko memorandum bat aurkeztu zion Gobernu britainiarrari, Inperio Frantziarraren Defentsa Kontseiluari -"Frantzia librea"- eta Estatu Batuetako enbaxadari.
Ordezkari euskaldunak izan ziren Europar Batasuna eratzeko prozesuan eman ziren une kronologiko garrantzitsuenetan: Londres, Luxenburgo, Paris, Haga, Brusela, Erroma, Westminster, eta abar luze bat dira euskal ordezkaritzen presentziaren eta lanaren lekuko. Ordezkaritza horien artean, beste hainbat izenen artean, Jose Antonio Agirre, Landaburu eta Irujo eta abar luze bat aurki ditzakegu. Egun ezin ahantzi EBko erabakiek geroz eta eragin gehiago dutela gure bizitzan, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartutako eskumenetan dutela eragina, fiskalitatea, arrantza, nekazaritza, ikerketa, azpiegiturak, politika industriala... bezalako gai desberdinen inguruko politika publikoen garapenean eta diseinuan dutela eragina. Azken buruan, erabaki europarrek eragin handia dute gure autogobernuaren gainean, eta horrek justifikatu egiten du Euskadik erakunde europarretan presentzia zuzena izateko aldarrikapenak, errealitate hau ukatu duten jarrera estatalen mende jarri gabe. Euskadi, euskal gizartea, aspaldidanik dator erkidegoko erabaki-prozesuetan partaidetza handiagoa erreklamatuz. Izan ere, etenik gabe eta pixkanaka, botere gehiago hartzen ari da Europako Batasuna, eta, horrela, EB egun orain arte Euskadirenak bakarrik izan diren edo Euskadirekin elkar banatu dituen eskumenak bereganatzen ari da. Europako Batasunaren legediak zuzenean edo zeharka eragiten du euskal interes gehienetan.
Aniztasuna harmoniatsuki integratuko duen eta elkarbizitzarako tresna gisa ulertzen diren kultura eta hizkuntza desberdinekiko solidarioa izango den etorkizun europarra xede dugu. Hori horrela, Koldo Mitxelenak zioen euskara eta euskal kultura ez direla irlak: "bizirik irauten badute, Europan egingo dute". Etxean egiten dena ezin da lau hormen artean harrapatuta eduki: "edo guztiontzat sortzen dugu edo ez dugu inorentzat sortzen" zioen Mitxelenak, bere euskaltasunaren xedea Europan jarrita zuelarik. Eta honela jarraitzen zuen: "niri behintzat ezinezkoa egiten zait Europari buruzko zalantzak izatea, nire erroak bertan baitaude. Nahi izan ala ez izan, kultur europarra, gure osagaietatik nahiz kanpokoetatik abiatuta oratua, guztiona da, ez nirea bakarrik.
Gure berezitasuna europartasunaren gorputzari usain eta kolore berezi bat ematen dio epidermis fina besterik ez da. Atzo, Europako Egunean, gogoratu beharrean gaude euskaldunok Europako herririk zaharrenetako bat garela. Bidasoaren eta Mendebaldeko Pirinioen alde banatan instalatu ginela, gizakiak inguru horretan lehenengoz kokatzen hasi ziren garaian, eta gaur egun, berriz, Europako estatu biren artean gaudela eta Europako historiaurretik bizirauten duen lekuko bakarra, geure hizkuntza, hitz egiten dugula oraindik ere.
Demografiaren aldetik herri txikia baginen ere, gure arbasoak hain ziren langile prestuak eta nekaezinak ezen mendez mende nabigazio, industria, merkataritza, arte, zientzia eta pentsamenduaren bitartez Europako kontinentearen identitate kulturala, ondare espirituala eta izate nahia osatzen lagundu baitzuten. Bakearen eta justiziaren aldeko Europa beligerante baten alde gaude; gizarte-bazterkeriaren eta marjinazioaren aurrean neutroa izango ez den Europa baten alde. Egungo eta etorkizunean etor daitezkeen arazoen aurrean, Europaren eraikuntzaren aurrean, eta oztopoen eta erronken aurrean, norabide bakar bat da posible, Europa gehiago aldarrikatzea. Euskadiren etorkizuna Europaren baitan dago, eta egun erabat posible ez bada ere, bihar izango da. Jose Antonio Agirreren ikuspegi aurre-hartzailean, herrien arteko bakearen eta elkarbizitzaren ikuspegitik suposatzen zuenaren haraindian, Europaren eraikuntzak Euskadiren eraikuntza nazionala testuinguru moderno, ireki eta solidario batean gauzatzea ahalbidetuko zuten oinarriak ezartzea esan nahi zuen. Horrela, Europa balio estrategiko handiko aukera bilakatzen zen euskal nazionalismoarentzat. Europaren alde lan egitea Euskadi libre eta autogobernatu bat ehuntzea zen eta da. Europaren aldeko apustua egitea, kontuan izanik geurea bezalako nazio txiki batek estatu klasikoez gain beste espazio soziopolitikoak sortzeko beharra duela, munduan beste leku bat bilatzea da. Eta aurkitzea, 73 urte iragan berri dira 1933. urtean Donostian ospatu zen bigarren Aberri Egun hartatik. Ekitaldi hura EAJk deitu zuen, "Euskadi-Europa" lelopean, eta bertan berrogeita hamar mila pertsona baino gehiago bildu ziren. EAJk jadanik azpimarratzen zuen euskal nazionalitatearen eta unibertsaltasunaren aldarrikapenen arteko erabateko bateragarritasuna, bazekielako oso garrantzitsua zela nazioarteko plataformak erabiltzea aldarrikapen nazionalaren oihartzuna zabaltzeko.