Maiatzak 9 Europaren eguna. Europa eta euskaldunon arteko harremana ez da gaurkoa. Euskaldunok aspaldidanik begiratu izan diogu Europari eta berak suposatzen ziona edo liokeena Euskadiri. Euskal presentzia, euskaldunok Europan proiektatzeko ahalegina, urrutitik dator. Badaude 1941eko ekaineko erreferentziak, urte hartan, Londresko Ordezkaritza Euskaldunak Europar Federazioari buruzko memorandum bat aurkeztu zion Gobernu Britainiarrari, Inperio Frantziarraren Defentsa Kontseiluari –“Frantzia librea”– eta Estatu Batuetako enbaxadari.
Ordezkari euskaldunak izan ziren Europar Batasuna eratzeko prozesuan eman ziren une kronologiko garrantzitsuenetan: Londres, Luxenburgo, Paris, Haga, Brusela, Erroma, Westminster, eta abar luze bat dira euskal ordezkaritzen presentziaren eta lanaren lekuko. Ordezkaritza horien artean, beste hainbat izenen artean, Jose Antonio Agirre, Landaburu eta Irujo e.a.luze bat aurki dezakegu. Egun ezin ahantzi EBko erabakiek geroz eta eragin gehiago dutela gure bizitzan, Eusko Jaurlaritzak beregain hartutako eskumenetan dutela eragina, fiskalitatea, arrantza, nekazaritza, ikerketa, azpiegiturak, politika industriala eta abar bezalako gai desberdinen inguruko politika publikoen garapenean eta diseinuan dutela eragina. Azken buruan, erabaki europarrek eragin handia dute gure autogobernuaren gainean, eta horrek justifikatu egiten du Euskadik erakunde europarretan presentzia zuzena izateko aldarrikapenak, errealitate hau ukatu duten jarrera estatalen mende jarri gabe. Euskadi, euskal gizartea, aspaldidanik dator erkidegoko erabaki-prozesuetan partaidetza handiagoa erreklamatuz. Izan ere, etenik gabe eta pixkanaka, botere gehiago hartzen ari da Europar Batasuna, eta, horrela, Europar Batasuna egun orain arte Euskadirenak bakarrik izan diren edo Euskadirekin elkar banatu dituen eskumenak bereganatzen ari da. Europar Batasunaren legediak zuzenean edo zeharka eragiten du euskal interes gehienetan. Aniztasuna harmoniatsuki integratuko duen eta elkarbizitzarako tresna gisa ulertzen diren kultura eta hizkuntza desberdinekiko solidarioa izango den etorkizun europarra xede dugu. Hori horrela, Koldo Mitxelenak zioen euskara eta euskal kultura ez direla irlak: “bizirik irauten badute, Europan egingo dute”. Etxean egiten dena ezin da lau hormen artean harrapatuta eduki: “edo guztiontzat sortzen dugu edo ez dugu inorentzat sortzen” zioen Mitxelenak, bere euskaltasunaren xedea Europan jarrita zuelarik. Eta honela jarraitzen zuen: “niri behintzat ezinezkoa egiten zait Europar buruzko zalantzak izatea, nire erroak bertan baitaude. Nahi izan ala ez izan, kultur europarra, gure osagaietatik nahiz kanpokoetatik abiatuta oratua, guztiona da, ez nirea bakarrik. Gure berezitasuna europartasunaren gorputzari usain eta kolore berezi bat ematen dio epidermis fina besterik ez da”. Gaur maiatzak 9 gogoratu beharrean gaude euskaldunok Europako herririk zaharrenetako bat garela. Bidasoaren eta Mendebaldeko Pirinioen alde banatan instalatu ginela, gizakiak inguru horretan lehenengoz kokatzen hasi ziren garaian, eta gaur egun, berriz, Europako estatu biren artean gaudela eta Europako historiaurretik bizirauten duen lekuko bakarra, geure hizkuntza, hitz egiten dugula oraindik ere
Demografiaren aldetik herri txikia baginen ere, gure arbasoak hain ziren langile prestuak eta nekaezinak ezen mendez mende nabigazio, industria, merkataritza, arte, zientzia eta pentsamenduaren bitartez Europako kontinentearen identitate kulturala, ondare espirituala eta izate nahia osatzen lagundu baitzuten. Bakearen eta justiziaren aldeko Europa beligerante baten alde gaude; gizarte-bazterkeriaren eta marjinazioaren aurrean neutroa izango ez den Europa baten alde. Egungo eta etorkizunean etor daitezkeen arazoen aurrean, Europaren eraikuntzaren aurrean, eta oztopoen eta erronken aurrean, norabide bakar bat da posible, Europa gehiago aldarrikatzea. Euskadiren etorkizuna Europaren baitan dago, eta egun erabat posible ez bada ere, bihar izango da. Jose Antonio Aguirreren ikuspegi aurre-hartzailean, herrien arteko bakearen eta elkarbizitzaren ikuspegitik suposatzen zuenaren haraindian, Europaren eraikuntzak Euskadiren eraikuntza nazionala testuinguru moderno, ireki eta solidario batean gauzatzea ahalbidetuko zuten oinarriak ezartzea esan nahi zuen. Horrela, Europa balio estrategiko handiko aukera bilakatzen zen euskal nazionalismoarentzat. Europaren alde lan egitea Euskadi libre eta autogobernatu bat ehuntzea zen eta da. Europaren aldeko apustua egitea, kontuan izanik geurea bezalako nazio txiki batek estatu klasikoez gain beste espazio soziopolitikoak sortzeko beharra duela, munduan beste leku bat bilatzea da. Eta aurkitzea, 73 urte iragan berri dira 1933. urtean Donostian ospatu zen bigarren Aberri Egun hartatik. Ekitaldi hura EAJk deitu zuen, “Euskadi-Europa” lelopean, eta bertan berrogeita hamar mila pertsona baino gehiago bildu ziren. EAJk jadanik azpimarratzen zuen euskal nazionalitatearen eta unibertsaltasunaren aldarrikapenen arteko erabateko bateragarritasuna, bazekielako oso garrantzitsua zela nazioarteko plataformak erabiltzea aldarrikapen nazionalaren oihartzuna zabaltzeko.
Gaur maiatzak 9ean Europa amesteko eta desiatzeko ahalmenari esker hiri bikainak irudikatu ditzakegu, ur garbiek ureztatutako hiriak, ez miseriaren aztarnek eta ezta aberastasun lizunaren hanturak ere ukitzen ez dituzten gizakiek eratutako hiriak. Lezioak ahots zuzenaz errezitatzen dituzten eskola-umeak irudikatu ditzakegu, duintasun sozial berarekin eta bizi-indarrez betetako lasaitasun berarekin mugitzen diren gizon-emakumeak, fruitu ederrez betetako baratzeak eta uzta oparoak dituzten soroak. Ametsei esker herri guztiek, beren handitasunarekin, bakea izatea desiatu dezakegu, bidaiari apalena galdu eta herrialde batetik bestera ibiltzea, formaltasun iraingarririk gabe, nonahi azal daitezkeen arriskurik gabe eta legalitate-aseguruarekin. Eskenatoki berriak eskenatoki anitzen artean, beti hobetu daitezkeenak, demokrazia-dosi gehiagorekin konpondu beharko direnak. Horregatik, beharrezkoa izango da baldintza integratzaileak sortzea, partaidetzarako eta topaketarako foroak sortzea, etorkizunean izan ditzakegun erronkei guztion artean heldu ahal izateko. Errespetua, interesa eta kultura eta hizkuntza guztien balioa sustatu beharko da, eta baita ere erreferente sinboliko desberdinen legitimitatea. Ezinbestekoa izango da munduko zati honetan bizi diren hiritarrek leiho ireki bat izango balitz bezala antzematen duten Europa batean libreki onartutako loturei buruzko diskurtso bat inplementatzea. Europa horretan, hiritarrek, kolorea, arraza, hizkuntza edo sinesmen erlijiosoa edozein delarik ere, lanpostu duin bat izango dute. Kontinente abegitsua izango da, paperik ez dutenentzako paperez betetakoa. Europa soziala eta solidarioa, Legearen inperioaren aitzindaria, Giza Eskubideen adibidea; bertan, herriak, nazioak eta estatuak elkarrekiko errespetuaren ispiluan ikusiko dute islatuta beren burua. Boteretsuaren zigorrik gabeko injustiziaren, gerraren, abusuaren, gosearen eta esplotazioaren aurrean beligerantea izango den Europa bat. Kaleidoskopio koloreanitz bat izango balitz bezala, behar bezala antolatutako tapiz bat ehuntzeko gai den Europa bat, non zati bakoitzak, bere nortasuna gordez eta garatuz, multzoa osatzen duen.