EUSKARAZ ere zerbait egiten duenari deitzen zaio prentsa elebiduna. Baina irakurleek euskaraz eta erdaraz berdin irakurtzen eta ulertzen ez duten bitartean ezinezkoak dira egunkari eta aldizkari elebidunak. Entzuleek euskaraz eta erdaraz berdin aditzen ez duten bitartean ezinezkoak dira bilera, elizkizun eta ekitaldi elebidunak. Elebitasun orekatuaz, erdi eta erdi, egingo denaz, ari naiz, noski.
Orain arte zer egiten da euskara ere sartzen den hedabideetan? Bere bezeroentzat oso garrantzizkoa den ezer ez da euskaraz egingo. Euskaldungoari bakarrik edo inor gutxiri interesatzen zaiona eskainiko da euskaraz, gehienez ere. Oso albiste garrantzitsua bada ez da euskara hutsean emango. Garrantzi gutxiko albisteak, mezuak eta jardunak eskaintzen dira euskaraz elebidun izeneko edozein hitzaldi, hedabide, meza eta abarretan, entzule eta irakurle batzuen arrangurak gorabehera.
Aldi berean, ordea, euskalgintzan diharduenak ere nahi du erdal munduan ezaguna izatea, erdal munduak ere jakitea zertan ari den. Politikoek eta elizgizonek ezezik euskaltzaleek ere erein nahi dute hazia mundu horretan. Asko salatu izan dira EiTBren erdal kateak. Baina gauza bera egin zuten abertzaleen eskuko hedabideek. Bertsolariak ere Barakaldora joan dira erdal munduari eragitera. Euskara hutsean egiten ziren Ilastolen Elkarteko prentsaurrekoetan ere erdara sartzen hasi ziren. Euskarazko liburu bat baino gehiago gaztelaniatu da. Bi ahoko ezpata da jokabide hau: batetik, beharrezkoa du euskarak eta bestetik, ez du erdaldunetan euskara ikasi beharrik sortzen.
Dena den, ez dut ulertzen gehienbat erdaraz egiten diren Eusko Legebiltzarreko jardunaldiak zergatik ematen diren ETB1-n. Badirudi, inon bada eta, pilota munduan eta nekazari munduan direla euskaldunak. "Frontón"-ek ez du euskararik, "Enba"k gutxi eta "Ardatza"k gutxiago. Honelakoetan ez bada, non elebitasun orekatua?