Iritzia
16Apirila
2006
16 |
Iritzia

Euskal Herria eta Euskadi

Iritzia
Apirila 16 | 2006 |
Iritzia

EUSKADI hitzari Euskal Herria hitzak ari dio tokia eta ospea jaten. Harrigarria, Euskadi hitza debekatzen zutenen ondorengoak ari dira Euskal Herria debekatzen eta Euskadi askatzeko jaio zirenek Euskadi baztertzen. Euskaldunok, nonahikook eta edozein iritzitakook Euskal Herria deitu diogu gure herriari. Frankismoak Euskadi debekatzen eta zigortzen zuen, ez Euskal Herria. Abertzaleok Euskadi hitzaz gainera Euskal Herria ere beti erabili dugu.
Euskal Herria euskaldunok bakarrik erabili ohi dugu. Erdaraz, vasconia, cántabros, vizcainos erabili zituzten. Orain, País Vasco gailendu da, nahiz eta, Euskadi bezalaxe, Eusko Autonomi Erkidegoari dagokion izena izan.

Dena den, Euskadi euskaraz eta erdaraz erabili ohi den hitza da. Eta, legez Eusko Autonomi Erkidegoaren izena baldin bada ere, askoz ere adiera zabalagoa eta sakonagoa du, Euskal Herriak duen baino sakonagoa. Batak, euskaraz mintzo den herria dela bakarrik adierazten du; besteak, berriz, herri horrek, nahiz eta guztiak ez diren euskaldunak, askea eta burujabea izateko eskubidea ere baduela. Guztiak euskaldunak ez izan arren, "Euskadi euskotarren aberria" baita, hau da, herri horretan bizi direnen aberria. Euskararen herrian guztiak ez zirela euskaldunak ohartu zen Sabino Arana. Egoera horri erantzuteko sortu zituen Euskadi eta euskotarra hitzak. Euskal Herria burujabea eta euskalduna ez den bitartean inolaz ere bazter ez ditzakegun hitzak, "vasco" guztiari euskaldun eta euskal deitzen ari nahi ez badugu, «euskal oiloa, "euskal sukaldaritza" bezalako astakeriak esan nahi ez baditugu, behintzat.

Euskal Herria euskararen herria da, euskaldunon herria. Euskadi, berriz, euskotarren herria, euskaraz dakitenen eta ez dakitenen aberria. Euskal Herria euskalduna, elkartua, askea eta burujabea bihurtu nahi du Euskadik. Eta horixe aldarrikatzen dugu Aberri Egun guztietan. Euskal Herria eta Euskadi nahi ditugu. Biak, ez bata ala bestea. Beste batzuek, ez bata eta ez bestea, noski.

PARTEKATU