GOGORRA eta luzea izango omen da bidea. Kontuz eta presarik gabe egin beharrekoa. Hainbeste aldiz errepikatu behar al da hain bistakoa den hori? Ala, lehen dena «borrokarekin» konponduko zutenek orain politikara etorri arte itxoiteko agintzen al digute, «etorritakoan guk dena konponduko dugu eta»? Oraingoz, zein urrats ez den egin behar erabakia dagoela, dirudi. Eduki politikoak gerorako utzi direla, alegia. Sozialistak eta ezker abertzalea indartuko dituen jokoa dago erabakita. 2007 eta 2008ko hauteskundeei begira egingo dira, beraz, urratsak. Horretarako, berriz, PP bere gisa bakartuko denez, ahalik eta gehien baztertu behar dira Ibarretxe eta EAJ.
Ez da lehenengo ahalegina. Lehen ere egin dira oso naturalak ez diren ezkontzak. Savater uztargile zela, Mayor Oreja-Redondorena, adibidez. Oraingo bikotearen ametsezko ezteiak urrun daude oraindik. Indartzeko eta elkar hartzeko denbora behar dute. Oraingoz, aski dute EAJren aginpidea murriztea eta eduki politikoen negoziaketa atzeratzea, indartsuago direnean ekiteko. Ibarretxeren erabateko gehiengoa eragozteko eta ezker abertzalearen botoei eusteko onartu zen EHAKren jukutria. Orain egingo diren urratsek ere helburu bera izango dute, ezbairik gabe.
Eusko Alderdi Jeltzalea menderatzeko sortu zen Euskadi Ta Askatasuna. Hori du sorreratik helburu. Losintxaz inguratzen zaionean ere, abantaila hori espero duenean bakarrik inguratzen zaio, Lizarra-Garazikoan bezala. EAJren bentajako fronterik ez du sekulan sortuko. Orain, sozialistekin eta Zapaterorekin ditu itxaropen guztiak. Gosea eta jateko gogoa bildu dira elkarrekin. Eta bien mezua: «zuek lasai, ez sartu muturrik, guk konpontuko dugu dena».
Baina eguneroko politikari eta abertzale egitasmoari inoiz baino arretatsuago heltzeko garaia ere bada. Zirt edo zart hartu beharreko erabaki gehiegi ari da atzeratzen. Badakigu, oker izugarriez gainera, askatzen zailak diren korapilo eta txibista asko egin direla. Baina denbora pasako luzapenik ez dezakegu onar.