Iritzia
26Martxoa
2006
26 |
Iritzia

Zerua ere alde

Iritzia
Martxoa 26 | 2006 |
Iritzia

MARTINEZ bikoteak, Eulate eta Irujok, zerua ere alde izan zuten joan den igandean Gasteizko Ogetan. Pedrok eta Juanek Oierrek eta Aimarrek baino gehiago kabitzen dute zeruan, nonbait. Izan ere, Oier eta Aimar gutxi izango da han. Diren bakarrak ere berri samarrak, noski. Pedro eta Juan, berriz, aspaldikoak eta asko ugalduak. Ea, bada, hurrengoan zerua ere alde suertatzen zaien Zearrari eta Olaizolari.
Arrasateko kooperatibazaleek ere bitarteko on bat nahi dute zeruan. Baina Arizmendiarrietak zeruan munduan baino indar handiagoa izango duenik ez da oso segurua. Hala ere, gogotsu dihardute Ormaetxeak eta Gorroñogoitiak. Juan Mari Uriarte gotzaina horretaratzea lortu dute, behintzat, Serafin Esnaola, Arizmendiarrietaren ikaskide eta bailara berean luzaro apaizkide izana ez bezala. Beren asmoen berri ematera eta oniritzia eskatzera joan zitzaizkionean garbi utzi zien: «Ez zait inor santuen zerrendan jartzen aritzea gustatzen. Dena den, bi gauza dira beharrezkoak horretarako: dirua eta talde indartsua. Zuek biak dauzkazue eta lortuko duzue santu izendatzea. Baina Joxemari ez zen ni baino santuagoa».

Horrek ez du esan nahi, jakina, Joxemari ere, Serafin bezalaxe, santu ez denik. Biak ere Escriva eta Joan Paulo IIa baino santuagoak, noski. Biek ere izango zuten beren ingurukoekin petralaldiren bat, baina ez Balaguerrek eta Woytilak adinakorik. Nikaraguako Cardenal jesuita ministroari mundu guztiaren aurrean egin zion demanda eskandalagarria aski litzateke, mirariak mirari, santutzat ez onartzeko.

Inor aldarean jartzekotan, bere bizitza, lan eta jokabideengatik gaurko gizon-emakumeentzat eredu gertatzen dena jarri beharko litzateke, badaezpadako mirari kontu hori alde batera utzita. Jainko mirarigilea onartzeak Jainko apetatsu-zigortzailea onartzera behartzen du. Zientziak ezin argitu duen sendaketa ezin da, besterik gabe, miraritzat hartu.

PARTEKATU