Iritzia
05Martxoa
2006
05 |
Iritzia

Balentriak

Iritzia
Martxoa 05 | 2006 |
Iritzia

BADAKIT ez dudala gizartean zulo handirik utziko, ni desagertutakoan ez dela galera handirik izango. Baina baditut neuk ere nire balentriak. Ez dut, ETAk bezala, Estatua kolokan jartzerainokorik, jakina. Apalagoak ditut. Hil berria dugun Zarra futbolariarekin pilotan jokatzea, adibidez. Hamairu urte izango nituen. Trapuzko pilota handi batekin azaldu zen Zarra Saturrarango pilotalekura. Nik eskuz eta hark hankaz jo behar genuen, eta irabazi egin zidan. Goraipu handiak egin zaizkio Zarra kirolariari eta gizonari. Neuk ere ohore egin nahi diot halako gazte ospetsuak orain hirurogei urte eman zidan pozagatik.
Honelako balentria eta pozbide txikiak geratzen zaizkigu ezer harrigarririk egiteko gauza izan ez garenoi. Amets handirik ere ez dugu egin, Estatua kolokan jartzen genuenik, behintzat, ez dugu amestu. Etsitzeko eta porrot egiteko arriskurik ere ez dugu izan, beraz. Europar batasunak, munduko auzo txiki bihurtu izanak eta abarrek ahuldu dute Estatua, baina bere lorpena dela uste duen ETAri ez diogu balentria hori ukatuko, nahiz eta ametsezkoa dela jakin. Eliza bera ere kolokan jarri duela sinets dezake nahi badu. Krisian dagoen guztia berak jarri duela kinka larrian pentsa dezake. Izan ere, kaltea eta enbarazoa besterik ez dugula egin pentsatzea geure buruaz beste egitea izango litzateke.

ETAk, kalte izugarrien artean, baditu balentriak ere. Baina ez berak aldarrikatzen dituen adina eta adinakoak. Besteren ekinbide asko bereganatu nahi izan du. Egiten den guztia berari esker dela adierazi behar izaten du. Bereganatu nahi horretan kutsatu eta zikindu besterik ez ditu egiten. Zigorgarri ere bihurtzen ditu. Bat baino gehiagok nozitu du zigorrik paperetan aipatua izan delako.

Katalanei gertatu zaien hau askotan gertatu zaigu euskaldunoi, politikaren eta euskal kulturaren arloan batez ere. Eta, dena zikindu nahian, PPk ere bortizkeriaren fruitutzat jo ditu gogoko ez dituen ekinbide guztiak. ERCkoren batek ere halakotzat jo du kontzertu ekonomikoa bera.

PARTEKATU