“Gure herriak herri artean bere tokia behar duen bezala, hizkuntzak ere berea aurkitu behar du hizkuntza artean: handikeriazko menturarik gabe, iraupena eta hazkuntza segurtatzeko behar adinako tokia”. Hitzak Koldo Mitxelenarena dira, Europa ezezik mundu zabala gogoan zuela, segurutik. Eta nekez esan zitekeen gehiago horren hitz gutxitan, hots: “Hizkuntza artean behar du bere tokia”, hau da, ghetorik ez, integrazioa baizik. “Handikeriazko menturarik gabe”, maximalismorik gabe, alegia. Baina ezta nolanahi ere, “iraupena eta hazkuntza segurtatzeko behar adinako tokian” baino.
Aniztasun linguistikoa errespetatzea Europa Batuaren eraikuntzaren oinarri garrantzitsuenetako bat da. Europako Batasunaren Funtsezko Eskubideen Agiriak Europaren hizkuntz aniztasuna bermatu beharra aldarrikatzen du. Eta, jakina, hizkuntz aniztasuna ez da gaur egungo 20 hizkuntza ofizialetara mugatzen: Europan, gainera, gutxi gora behera 50 hizkuntz minoria daude, eta 50 milioi pertsona dira hizkuntza minoritarioak edo Estaturik gabeko Herrietako hizkuntzak erabiltzen dituztenak. Gaur egun Europako erakundeetan bazterturik daude hizkuntza hauek, ez baitaukate inolako aitorpenik. Ingelesa eta frantsesa dira nagusi, horien atzetik dabiltza besteak, Estatu-hizkuntzak guztiak ere, orain arte 9 eta orain 18; eta gainerakoei ez zaie batere tokirik egiten, nahiz eta hauetako batzuk, gainera, bere lurraldeetan ofizialak izan. Okerrena da, gainera, horrek ez duela zerikusirik hizkuntza bakoitzak duen hiztun-kopuruarekin, hori horrela balitz lehen hamar hizkuntzen artean katalana egongo litzateke-eta, esate baterako. Euskara bera ere esloveniera, estoniera, letoniera edo malteraren aurretik egongo litzateke. Argi eta garbi esateko: Estaturen jabe izatea ala ez ezin da inola ere izan Europako erakundeetan Europako hizkuntza ofizialtzat onartzeko edo baztertzeko arrazoia. Horrela ezin baita Europaren berezitasunik nagusietakoa bermatu, hau da: aniztasun linguistikoari benetako begirunea izatea.
Kontua da oreka puntua aurkitu beharko litzatekeela hizkuntza-aniztasunari benetako errespetua gorde beharraren eta erakunde komunitarioen funtzionamendu eraginkorra bermatu beharraren artean. Honek ofizialtasun-maila ezberdinak bereiztea eskatuko luke, zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza bereiztea kasu. Eztabaidarako gogoeta gisa hainbat irizpide aurreratu daitezke:
- Herritarrei eta tokian tokiko elkarteei Europako erakundeekin (Legebiltzarra, Batzordea, Auzitegia...) harremanak norberaren lurraldean ofiziala den hizkuntzan izateko eskubidea bermatu behar zaie, gure kasuan euskaraz.
- Arau komunitarioak (legeak, erregelamenduak, xedapenak) eta epaiak Europako Estatuen barruan ofizialak diren hizkuntza guztietan argitaratu beharko lirateke.
- Ofizialak diren guztiek, ordea, ez lukete zertan laneko hizkuntza izan beharrik. Laneko hizkuntzak gutxi batzuk izan beharko lukete, beti ere aldi berean herritarren eta erakundeen hizkuntza-aukera errespetatuz, hizkuntza ofizial guztiak zerbitzu hizkuntzatzat bermatuz.
Honek guztionek, funtsean, zer ikusi gehiago du hizkuntza-aniztasuna zentzuz eta tajuz onartzearekin erretorika aroltzat hartzearekin baino. Eta horretan, PP eta PSOE, “xuabe” esanda, oso epel eta jarrera ezkorretan ikusten ditugu,Espainiako Estatuan. Nahiz eta Konstituzioak berak hizkuntzak babestu beharra eta Autonomi Estatutuen arabera hainbat hizkuntzaren ofizialtasuna aldarrikatu, Espainiako Erakunde Komunak eta Administrazioa (PSOEren nahiz PPren gidaritzapean) Espainiako Estatuaren hizkuntz aniztasunari bizkar emanda aritu dira 25 urteotan. Esate baterako, gaur egun Europako Erakundeetarako proposatzen dugun euskararen ofizialtasunaren arrastorik ere ez daukagu Diputatuen Kongresuan, Auzitegi Konstituzionalean edo Gobernuan. Egun, oraindik, bitxikeriatzat dute dute --probokaziotzat joten ez badute, gaitzerdi!-- Diputatuen Kongresuan hitz batzuk euskaraz egitea. Baditugu bi helburu honetan ere: Estatuko hizkuntz aniztasuna errespetatzeak eta bultzatzeak euskararen ofizialtasuna Estatuko Erakunde Komunetara luzatzea eskatzen du. Eta Estatuko hizkuntza-aniztasuna arazotzat jotea baino, aberasgarritzat onartzeak ez al du eskatzen Estatuko hainbat lurraldetan ofizialak diren hizkuntzak (euskara, katalana eta galiziera) gainerako Estatu osoaren hezkuntza–sistemaren barruan ere ikasgai jartzea?
Eta zer esan Estatuko administrazioak hemen bertan, Euskadiko Erkidego Autonomoan egiten duen euskararen erabileraz? Argi eta garbi esanda, Estatuaren aginte zentralek euskarari dagokionez legea urratu eta bete gabe uzten dute hemen. Euskararen Legeak hemen bertako herri-aginteak ezezik hemen diharduten herri-aginte guztiak behartzen ditu, baina administrazio zentralaren zerbitzuak, hedabide estatal publikoak (telebista eta irratia) eta Justizi Administrazioa Legeari bizkar emanda ari dira, praktikan euskarari ofizialtasun estatusa onartu gabe.
Ez nuke bukatu nahi euskal gizartean bertan, bertako herritarrek eta bertako erakundeek urratutako bideaz eta etorkizunaz ohartxoren bat egin gabe. Badira ia 22 urte Euskararen Legea onartu zela. Lege hura eta bere garapena funtsezkoak izan dira euskararen aurrerabiderako, bai hezkuntzan, bai hedabideetan, bai administrazioan, eta baita helduen euskalduntzean ere, gizarte osoan zehar alegia. Euskarak ez ditu bere zerbitzuan urteotan adina bitarteko eta ahalegin eduki. Urratu dugun bidea pozteko modukoa da. Lege hura onartu zenean euskararen etorkizunaz itxaropen ugari baina ziurtasun gutxi zegoen hemen. Gaur euskara askoz ere errotuagoa daukagu gizartean, belaunaldi osoak ditugu euskaraz hezitakoak, azpiegitura sendoak ditugu euskara garatzeko.
Baina, oraindik ere, erronka ugari eta eskubete lan. Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, adibidez, egiteko ugari daukagu oraindik zenbait esparrutan, osasun-zerbitzuetan esate baterako.
Eta bada beste arazo kezkagarri bat: Euskararen Legea onartzerakoan geneukan adostasun politiko hura murrizturik eta hankamotz daukagu gaur egun, apurtuta ez bada ia apurtuta. Gaur ez litzateke lege hura orduan bezala onartuko, kontrako boturik gabe. Baina adostasun politiko zabala beharrezkoa dugu euskarari etorkizun oparoa emateko. Euskarak, gero eta gehiago erabiliko bada, gero eta herritar gehiagoren identifikazio, atxikimendu eta leialtasuna behar ditu. Horregatik da horren premiazkoa adostasun politiko eta sozial zabala. Horregatik da horren garrantzitsua helburu hori lortzea.