Iritzia
19Otsaila
2006
19 |
Iritzia

Bieztapen hutsalak

Iritzia
Otsaila 19 | 2006 |
Iritzia

ESALDI borobilak, baina hutsalak: «ETAren bukaeraren hasieran gaude», «atzo baino hurbilago da gaur ETAren bukaera». Noski. Egia borobila. Hasiera duen guztiak du bukaera, gero eta hurbilago gainera. Denok ere atzo baino gertuago dugu bukaera gaur. ETAk ere bai. Baina azkena zenbat egunetara edo hilabetetara duen esaten ez den bitartean baieztapen hutsa eta hutsala da. Aspaldi inor ez du hil. Itxaropidea sortzen du. Gehiago ez duela inor hilko sinesteraino? Ez gehiegi fida. Ezer ez eta festa bihur daiteke eta. Aurrerabiderik, behintzat, ez da ikusten. Besteak egin behar duen urratsaren eskea besterik ez da entzuten. Sokatiran bezala gabiltza, eutsi eta eutsi, ea nork lehenago etsitzen edo amore ematen duen.
Bi aldeetako jokalariek, agian, iraun dezakete tirabira horretan. Hitzemanda daudelako edo luzapena beharrezkoa duen jokoa dela ulertu dutelako. Baina begira daudenak aspertu gabe ez du luzaro iraungo. Lehen ere badugu eskarmentu etsigarririk. Beste batek lurjota utziko gintuzke. Etsipena zauri eta amorru bihurtuko balitz, berriz, ondoezak gainezka egin dezake, horretaratzen duten indarrak setatsu dihardute eta.

Bake nahia ezezik giroa ere hobetu egin da. Oker handia egingo luke ezker abertzaleak egokiera honetaz baliatuko ez balitz. Zailtasunak eta trabak gainditu beharko dira horretarako. Hari-mataza oso nahasia askatu beharko da. Eta nahaslerik ez da falta. Horrelako beste egokierarik nekez suertatuko zaio berriro, beraz. Aznar eta Mayor Orejaren garaietara itzuliko ginateke, ezbairik gabe. Ezker abertzaleak zenbat eta urrats nabarmenagoak egiten dituen, beretzat hobe, noski. Euskaldun guztiontzat, bereziki. Zenbat eta urrats nabarmenagoak eta azkarragoak egiten dituen orduan eta borondate hobea aurkituko du gizartean ere. «ETAren menia baino zerbait gehiago da normalkuntza». Egia, Arnaldo. Baina menia ezinbestekoa da. Horretan argia da euskaldunon erabakia. Erabaki hori, bederen, ETAk arbuiatzen eta eragozten du.

PARTEKATU