LOTSA ere ematen zidak hitaz idazteak, Patxi. Izan ere, txikiak ez zezakek handia gorets, ospetsua goraipatzean txikiak bere burua ohoratu gabe. Gutxienez, utzidak eskerrak ematen hainbeste ordu goxo igaro ditugulako Euskararen Aholku Batzordeko joan-etorrietan, EUTGko hire gelan, San Sebastian bezperako afarietan eta abarretan. Azken bi urteotan hire hutsunea sumatu diagu eta hitaz jardun gaituk luze. Eskerrak, jakina, Jainkoaren ohoretan Euskal Herriarengatik eta euskararengatik egindako lan guztiengatik eta jasandako nekeengatik ere. Barka, Patxi, hire gaitzaldian hik merezi bezala ez bisitatu izana.
Aspaldiko kontuak dira. Gogo jardunak egiten ari ginen Loiolan aita Gaztelumendirekin, euskaraz, 1961 aldera. Otorduetan, jangelako pulpitotik jesuita gazte batek irakurtzen zigun Orixeren "Jainkoaren bila", ozen, zinez eta hitz guztiak garbi ahoskatuz.
Handik hamar bat urtera, Donostiako jesuiten elizan, ozen, bero eta hitz guztiak garbi ahoskatuz mintzatzen zen jesuita gazte hura berbera topatu nuen meza ematen, diktaduraren bidega bekeriak salatzen eta presoen alde dirua eskatzen. Aita Patxi Altuna zen. Geroztik lagun izan gara. Eta berari esker egin ditut ezagun haren eskuetatik igaro diren zenbait euskalari gazte.
Euskal Filologiako Fakultatean, Euskaltzaindian, euskal klasikoen ikerketan, begia atera beharrean irakurri beharreko paper zaharrak argitaratzen eta abarretan Patxi Altunak egin duen lana ikaragarria da. Baina inork ez beza pentsa kalean baino errazagoa zenik komentuetan euskara lantzea. Orduan, kalean bezalaxe, komentuetan ere laguntzak baino ugariagoak ziren debekuak eta zigorrak.
Ikerle eta irakasle zehatza zen Patxi, «txorrotxa» zenbaiten ustez. Baina lagunez zen aparta, maitagarria, hantusterik eta arrandiarik gabea, adeitsua, laguntzailea. Eskerrik asko, Patxi.