Iritzia
22Urtarrila
2006
22 |
Iritzia

Marlaska lardaska

Iritzia
Urtarrila 22 | 2006 |
Iritzia

LEGEETAN narraxkeria asko egin delako zingiratik ezin gara atera. Española ez den beste edozein naziori trabak jartzen dizkion Konstituzioa burutu zen. Nazio bakar zatiezin horren euskarri militarrak ipini ziren, gainera, zoritxarrez. Besterik gabe, legeak ukatzen duelako bakarrik, beste naziorik ez dagoela uste dute, Kataluñarik, Euskadirik eta Galiziarik ez dela. Azken urteotan, ezker abertzalea itotzeko ezezik ukatzeko ere moldatu dira legeak, atxiloketak eta epaiketak.
Baina ezker abertzalea hor dago eta hor dihardu. Gainera, eguneroko albiste bihurtu da. «Gaizki bederen hitz egin dezatela nitaz», esan zuenak bazekien zerbait. Bi Aita Santuk debekatu eta ezabatu zituzten jesuitak. Errepublikak ere bidali zituen Espainiatik. Orduan eta indartsuago eta ospetsuago bilakatu ziren.

Batasuna debekatu da, ezabatu da. Lege narratx batek hori erabaki duelako ezker abertzalerik gabe geratu al da Euskadi? Hala uste zuen PPSOEk eta horrelaxe aldarrikatzen du PPk oraindik ere. Baina ezker abertzalea kalean dabil, hedabideetan agertzen da bereak eta bi esaten eta entzuten, manifestazioak egiten ditu. Alderdirik ez dagoenez, eragotzi egin behar zaizkio ekinbide guztiak. Nola? Indarrez? Nola-halako auzi eta atxiloketez? Areto, irrati, telebista, egunkari eta hedabide guztiak itxiz?

Lege narratx batzuen eromena da hau. Beraz, legeak aldatu behar dira. Diktadura ezarri nahi ez baldin bada, behintzat. Lehen ere jasan genuen 40 urtekoa. Hala eta guztiz, indartsu berpiztu ziren errautsetatik abertzaletasuna eta euskaltzaletasuna eta zapaldutako alderdiak eta egitasmoak. Zenbaitek ez du konponbiderik nahi, garaipena baizik. Eta bi muturretan daude garaipena nahi dutenak. Ezker abertzalea ere arrazoi osoa balu bezala agertzen da beti. Borondaterik eza, ausardiarik eza, erru guztiak, bestek ditu beti. Bestek eman behar ditu urratsak aurrena beti. Eta ezker abertzaleak badaki zein urrats eskatzen diogun gehien-gehienok.

PARTEKATU