JOSU JON IMAZ<br>
18
Urtarrila
2006
Hainbat agiri

JOSU JON IMAZ
"Elkarbizitzarako Bake-Bideak" ekimena aurkeztu zela 100 egun

JOSU JON IMAZ<br>
18
Urtarrila
2006
Hainbat agiri

“ELKARBIZITZARAKO BAKE-BIDEAK. BORTIZKERIAREN BUKAERA ELKARRIZKETATUAREN ETA NORMALIZAZIO POLITIKOAREN AURREAN” EKIMENAK 100 EGUN
Euzko Alderdi Jeltzaleak urriaren 10ean onetsi zuen bakearen eta normalizazio politikoaren aldeko ekimena, oraintxe 100 egun direla.
 
Arduragatik egin dugu, Euskadiko politikaren erdian egoteak erantzukizun erantsia ematen digula jabeturik, egoera horrek konponbideak eta akordioak ahalbidetzera behartzen gaitu eta, sentsibilitate ezberdinak elkartaraziz. Eta harrokeriarik gabe egin dugu, egiaren eta konponbidearen zati bat baino ez dugula jakinik, eta konponbidea gainerakoen ekarpenen bidez osatuko delakoan.
 
Ehun egun geroago, eskerrak eman behar ditugu gainerako talde politikoek harrera ona egin diotelako guk mahai gainean jarritako ekimenari. Horrenbestez argi ikusten dugu bidea elkarrekin egin dezakegula, eta irrikaz gaude, gainerako alderdien ekarpenak irakurtzeko zain. Gainera, euskal gizartearen zati handi batek gurea entzuterakoan hartu duen ikuspegi beretik baloratu nahi ditugu ekarpen horiek: elkartzen gaituenari begiratu nahi diogu batez ere, konponbiderako eta bizikidetza-proiekturako ekarpena den aldetik, eta alderdi bakoitzaren diskurtsoan dauden desberdintasunak errespetatu, horiekin ados egon ez arren.
 
Halaber mezu asko helarazi dizkigute Euskadiko herritarrek eta gizarteko sektoreek. Horietariko bat azpimarratu nahi nuke bereziki: gure ekimenak elkarrekin lan egiteko bidea irekitzen du. Adostasunaren alorra lantzeko bidea irekitzen du.
 
Egin ditugun azterketetan kontu batzuei erreparatu diegu bereziki. Hona hemen:
 
  • Lehenengo eta behin, indarkeriaren eta politikaren arteko erabateko bateraezintasunaren aldeko konpromisoa nabaritu dugu. Herritarrek argi ikusten dute negoziazio politikoari indarkeriarik gabe heldu behar zaiola, indarkeria desagertu eta gero, alegia. Horregatik, gure herriko sentsibilitate ezberdinen arteko akordiora iristeko negoziazioa indarkeriarik gabe egin behar da. Indarkeriak baldintzapetzen baitu iritzi-askatasuna eta demokrazia ukatu. Zaila delako pistola baten aurrean negoziatzea.
  • Bakea ez da etorri behar inongo proiektu politikoren onarpenaren ondorioz, proiekturik bidezkoena izanda ere. Proiektu politikoak herritarren babesari eta oniritziari esker gauzatu behar dira, eta ez inork indarkeria bertan behera uzteko baldintza gisa erabiltzen dituelako.
  • Herri hau denon artean eraikitzeko borondatea dago. Inor ez dago sobran. Gure artean diren sentsibilitate eta identitate politikoetatik bat bera ere ez da geratu behar denon etorkizunetik baztertuta. Hortik dator gure konpromisoa, Gernikako Estatutuak lortu zuen adinako babesa edo are zabalagoa izango duten akordioak lortzeko.
 Inflexio puntua izan behar duen garaia bizi dugu Euskadin. Etapa berri baten atarian gaude. Kultura politiko berrian oinarrituta eraiki behar dugu etorkizuna, gehiago landu behar dugu ituna eta gutxiago inposizioa. Politika egiteko erak berritu beharra daukagu, bestearen identitatea onartu eta aniztasuna denontzako aberastasun gisa hartu.
 
Horregatik garrantzi berezia du gure ekimenean jaso dugun oinarrizko printzipioak. “Ez inposatu - ez eragotzi” printzipioa hain zuzen. Azken batean, desberdinen arteko akordio zabalak bilatzea, guztiek akordio horiek errespetatzeko konpromisoa hartuta. Konpromiso horrek Euskadin mugak jartzen dizkie euskal alderdi nazional gehienei, baina Madrilen ere mugak jartzen dizkie Estatuko alderdi gehienei. Nork bere buruari mugak jartzeak denon artean etorkizuna eraikitzen lagunduko digu.
 
Urte politikoaren hasieran jada iragarri genuen prozesu honetan zehar izango genituela hodei beltzak. Atzo izan dugu aukera horrelako batzuk ikusteko. Auzitegi Nazionalak Batasunaren ekitaldi politikoa debekatzea erabaki du eta, zalantzarik gabe, oso berri txarra da hori, erabaki horrek demokraziaren oinarrizko eskubideak urratzen baititu: elkartzeko eskubidea, biltzeko eskubidea eta herritarren adierazpen librerako eskubidea.
 
Hilaren 21a Batasunak bere argazkia egiteko eguna zen, eta izango da. Batasunari politika eta demokrazia bide bakartzat onartzeko ildoan sakontzeko aukera emango zitzaion eguna. Eta Estatuko botere batzuek eragotzi egin dute. Sektore judizialak dira, bultzada politikoen arabera jokatzen dutenak, batere zorroztasunik gabe eta Zuzenbideko Estatu batean eskatu daitezkeen gutxieneko bermeak eman gabe, Estatuko gainerako botereek burutua duten trantsizioa oraindik burutu ez duen sistema judizial batean murgilduta. Adibide gisa, botere judizialaren buru: Hernando jauna, jendaurrean hitz egiten duenean intolerantzia, erradikalismoa, muturreko politizazioa eta esperpentoa nahastu ohi dituen pertsonaia. Beste adibide bat Entzutegi Nazionalaren funtzioa bera da, salbuespen-tribunalarenak eginez.
 
Auzitegi Nazionalaren erabakiak, gainera, gehiago aldrebestuko du gizarte honetako bizikidetasun giroa. Haserre politiko eta soziala eta lehengoaz gain erabaki honek euskal gizartean sortuko duen etsipena nabarmenak izango dira, are gehiago buruzagi sozialistek azken adierazpenetan ekitaldia baimentzearen alde agertu direla kontuan hartuta.
 
Guk ez dugu azkarregi eta itsu-itsuan jokatuko. Bizi dugun unearen garrantziak ardura erantsia eskatzen dio herri honetako lehenengo alderdiari. Horregatik, Euskadiko bake eta bizikidetza prozesuari trabak jartzeko borondate politikoak eragiten dituen ekintza horiek sendo salatzearekin batera, legeria betetzea erabaki duten euskal erakundeei babesa eskaintzen diegu, orekaz eta erantzukizunez bete dezaten hain zuzen ere.
 
Batasunak aukera ederra du ahalegin horiek eragozteko, jarrera irmo eta argia hartuz politikaren alde, eta herri honetako lehengo eta oraingo indarkeriari uko eginez. Gu prest gaude haiei entzuteko. Batasunarekin bilduko gara zuzenean jakiteko BECen zer esan nahi zuten. Jakin nahi dugu eta Grande-Marlaskak ez digu galaraziko. Eta Batasunak indarkeriaren amaiera argi eta ozen aldarrikatzea itxaro dugu. Hori egiten badu, pozgarria izango da eta urrats bat egina izango dugu aurrera. Bestela, lehengoari eusten badio, Auzitegi Nazionala laguntzaile izango du Batasunak, euskal herritarren eskaerari erantzunik ez ematea zuritzen lagunduko baitio, askatasunak murrizten dituen eta demokrazia kutsu handirik ez duen erabaki polemiko honen bidez.
 
Urriaren 10ean onetsitako ekimena berretsiz, oztopoak oztopo, herri honetako bakearen eta bizikidetzaren alde lan egiten jarraituko dugu, arduraz eta orekaz, eta Euskadin bakea lortzeko akordio politikoa bilatuko dugu, etorkizuna denon artean eraiki dezagun eta gure geroa ere denon artean erabaki dezagun. Gaur egun hodeitsua da. Gaur, inoiz baino gehiago, ehun egun geroago, euskal gizarteari egin diogun ekarpenak bere balio osoa hartzen du.
 
Laburbilduz
 
1.     Berresten dugu Euzkadi Buru Batzarrak urriaren 10ean onartu zuen “Elkarbizitzarako bake-bideak.  Bortizkeriaren bukaera elkarrizketatuaren eta normalizazio politikoaren aurrean” deritzan ekimena, benetan uste baitugu guztiz indarrean jarraitzen duela eta, zentzu honetan, dei egiten diegu gainerako alderdi politikoei, unean uneko behin-behineko egoeren gainetik, bakegintza eta normalizazio politikoari buruz dituzten proposamen zehatzak aurkeztu ditzaten.
 
2.     PSOE eta Jose Luis Rodríguez Zapatero Gobernu espainiarraren presidenteari eskatzen diegu beharrezko neurriak hartu ditzala Aznarren garai beltzetako ondarea behingoz baztertzeko, Eskubide Estatuan nekez onar daitekeen Alderdi Legea esate baterako.
 
3.     Batasunak badaki euskal gizartearen gehiengoa edonork biltzeko duen eskubidearen aldekoa dela baina, aldi berean, ezin du ahaztu ere euskal gizartearen gehiengo berberorrek nahi duela Batasunak bide politiko hutsen aukera baino ez dezala egin --indarkeria, txantaia eta mehatxuak uxatuz—, jarrera horrek erakakarriko bailuke alderdien arteko negoziazio-mahaia osatu ahal izatea. Ez du balio behin eta berriro euskal gizartearen nahikundea aldarrikatzeak eta, aldi berean, nahikunde horri muzin egiteak.
 
4.     Batere zalantzarik gabe, erabat garrantzitsua da Batasunak bere jarraitzaileekin batera jendaurrean eta nahi duen lekuan bildu ahal izatea, baina hori baino askoz ere garrantzitsuagoa da Batasunak euskal gizarteari azaltzea bakegintza eta normalizazioari buruz izan dezakeen proposamena. Eta, horretarako ez da behar borondatea eta autonomia politikoa baino.
 
Sabin Etxea, 2006ko urtarrilaren 18an.
 
PARTEKATU