URTE Berri On, irakurle. Eta zuri, Lurdes, sinesten zenuen Zeru Berri On. Joan den urtearen bukaera gogorra izan dugu. Joxemari Aranalde joan zitzaigun aurrena. Gero, Joan Mari Lekuona. Azkenik, Lurdes Iriondo. Eta Lurdesi ere berak uste baino maiteago genuela erakutsi genion hiletan. Kantari egin zen ospetsu. Aizarnan 1965ean musu truk kantatu zuen hartatik Urepelen Xalbadorren omenez azkenekoz-edo eskaini zuen kantaldi hartara zenbat aldiz abestu ote zuen musu truk? Horretarako, jakina, etxeko giroari, amaren kezkei, ordurarteko bere bizierari eta osasunik ezari egin behar izan zien aurre. Baina hain durunditsua izan ez den lana, ikastolan, parrokian eta herrian, eskulanetan, kantagintzan, antzerkian, dantzan, egindako lana, gogoratu nahi nuke nik.
Lurdes txikia zela etorri zen Iriondo-Mujika familia Urnietara gerra garaian suak erraustu zuen komentuaren ondoan eraikitako etxera. 1896rako hilak ziren Torrea izeneko jauregiko bi azken damek, Mikaela eta Tomasa Galardi ahizpek, neskentzat eskola eraikitzeko utzi zituzten jauregia eta lurrak. Baina auzolanean eraikitako komentura eta eskolara fraileak eta mutikoak etorri ziren 1903an, prest zegoen mojarik aurkitu ez zutelako.
Eta, badirudi, Torreako damen mendekuz erraustu zela komentu hura 1936ko gerratean, Lurdes bihur zedin Torreako dama eta herriko andereño. Aurrena, parrokiaren inguruan hasi zen neska-mutikoekin lanean. Gero, ikastolan. Ondoren, herrian, bere «Buruntza azpi» antzerki eta dantza taldeekin. Azkenik, elizako koruan. Tartean, jakina, bazituen ipuin, antzerki eta abar idatziak. Osasun hain ahulekoak horrenbeste lan egiteko barne indar eta ekimen handikoa izan behar, nahitaez. Eta Xabier Lete bezalako lagun bat, ondoan.
Aspaldian ezkutatu samartua bizi zen Lurdes, ez baitzuen komunikabideetan agertzerik nahi izaten. Are gutxiago, omenaldirik. Hala ere, ez zegoen ahaztua, hiletara etorri zen jendetzak ongi erakusten duenez.