URTE BERRI ON, guztioi, badugu eta aurten arrazoirik hala opatzeko, joan den ostegunean onartu baitzituen Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzaren 2006-ko aurrekontuak.
Azken urteotan ohitura bihurtu zaizkigu Gabon giroan aurrekontuen eztabaida eta honen inguruko jardun eta esamesak. Eztabaida hauek aurrekontuen edukia bera estaltzen dute, aurrekontuek urte osoko gestiogintzaren giltza eta tresna bezala duen garrantzia, hain zuzen. Eta hauxe da lehendabizi azpimarratu nahi nukeena: aurrekontuak gure herriaren garapen ekonomiko eta sozialerako tresna nagusia direla. Hau honela, 2006-ko aurrekontuekin gobernuak aurreko urteetan zabaldutako bide ekonomikoan aurrera egin nahi izan du, hau da, gastuen igoera apur bat eutsiz, baliabideen erabilpenaren izaera soziala mantenduz, non gastuen (7.623 miloi)ia %60 Osasuna eta Hezkuntzara bideratuko diren, eta garapen ekonomiko iraunkorrari laguntzen jarraituz.
Kontuan hartzen badugu, gainera, 2006-ko aurrekontuak Legegintzaldi honetako lehenengo aurrekontuak direla,ohartuko gara hilaren 29-an Legebiltzarrean gertatutakoaren aparteko garrantziaz.
Orain legegintzaldian aurrera egiteko moduan gara. Lehendakariak eta bere gobernuak legegintzaldi honetarako dituen asmoak (bai pakegintza eta normalkuntza politikoan zein kudeaketan) aurrera eramateko atea zabalik dago; gainontzekoan oker ginatekeen! Beraz eztabaidak eztabaida eta esamesak esames, zoriondu gaitezen!
Bestalde, azken urteotan ohituta geneuzkan ez adostasun eta blokeo egoerek albiste egin dute berez demokrazian normala izan behar lukeena:elkarrizketa eta akordioetara iristea. Badirudi zerbait aldatu dela, eta gure herriaren garapen ekonomiko eta sozialean aurrera egiteko akordioak lortzeko bidean badatoz, ongi etorri aldaketak!
Gobernua beti egon da akordioetara iristeko prest. Aurreko urteetan ere borondate hori erakusten genuen ahal zen akordio zabalena lortu nahian, alderdi ezberdinak hitz egitera gonbidatzen genituenean; baina gure ahaleginean horma batekin topatzen ginen. Zerk mugitu du horma hura? Eurei galdetu behar; dena den, ongi etorria.
Aurrekontuen inguruko negoziaketa prozesua luzea izan da, irailean hasi eta azken momenturainokoa. Batzuk bidean geratu dira. Bakoitzak jakingo du bere presio eta bertigoen berri! Baina aukera izan, izan dute eta aurrerantzean ere izango dute; ziur nago.
Aurrekontuetan PSErekin eta Aralarrekin lortutako akordioek beste gai batzuetan akordioetara iristea erraztu dezaketelakoan nago. Hona hemen, bada, abenduaren 29-koarekin pozik egoteko beste arrazoi bat.
Aurrekontuak hobetu daitezkeela! Bai, noski! Horretan ahaleginduko gara. Garrantzitsuena,ordea, hobekuntza hauek gauzatu ahal izateko bidean jarri izana da. ZORIONAK eta URTE BERRI ON!!