Aurreko larunbatean, abenduaren 17an, ETAk “Angulas Aginaga” enpresaren kontra jarri zuen lehergailua Iruran. Honako ekintza honekin etengabeko mehatxu eta eraso andana luzeari jarraitu dio ETAk, euskal enpresarien kontra krudeltasun handiz behin eta berriro segitzen duen bidetik hain zuzen ere.
Izandako kalte materialak guztiz garrantzitsuak izan badira ere, are larriagoak dira segurutik erasook eragiten dituzten beldurra eta egonezina, atxikitako lantegietako kideen inguruan, bertako langileen artean eta euren seme-alaba eta senitartean eta, oro har, baita gizarte osoan zehar ere. Bakegintza gero eta hurbilago sentitzen duen euskal gizarteak nekez ulertu dezake berehalakoan itxaro omen duen bake-bidea eta eraso terroristen etengabeko indarkeriaren arteko amila.
Eraso hauek bat datoz, era guztiz makabroaz, une berean enpresari, merkatari txiki eta denetariko profesionalak ETAren izenean jasaten ari diren mehatxuekin. Enpresari, merkatari eta langileen egitekoa ez da lanegitea baino, beti ere ilusioz eta ekimenez, euskal gizarteak merezi dituen ongizate eta bizimodu-maila hobetzen jarraitu ahal izateko.
Euskal gizarteak biziki frogatu izan du, benetan une zailetan, zein heldutasun eta zentzu handia dituen. Era berean, egunak joan eta egunak etorri, erabateko irizpide kritikoaren jabe azaldu izan da betekizun zibilak hautsi diren bakoitzean eta erreakzionatzen ere jakin izan du Giza Eskubideak bete ez direnetan. Ildo beretik, enpresari, merkatari, profesional, langile eta euren senidekoen aurkako ekintza terroristek eta mafiosoek gizartearen aldeko salaketa garbia eskatzen dute.
Euskadiko gizarte-elkarbizitza eta askatasunaren aurka behin eta berriro gertatzen ari diren eraso hauen aurrean, Euzko Alderdi Jeltzalearen Euzkadi Buru Batzarrak zera adierazi nahi du:
- Gure elkartasunik sendoena estortsioak, mehatxuak eta erasoak jasan izan dituzten pertsona eta enpresen alde. Jokamolde honen biktimek argi izan behar dute euskal gizartearen gehiengo nagusiaren babes eta laguntasuna dutela.
- Onesten dugu euskal ekonomi-esparruaren oinarrizko zeregina –enpresari, merkatari, langile zein denetariko lanbideena-- gure gizarte honen aurrerapausu eta garapenean, eta, batere bereizketarik gabe, guztiei zor diegun babes eta hurbiltasun-konpromisoa azpimarratzen dugu.
- Estortsioa, xantaia eta mehatxuak egiteari utzi diezaiola eskatzen diogu ETAri. Ez dezala pertsonen duitasuna eta oinarrizko askatasuna erasoten jarraitu. Behin betiko desagertu dadila eskatzen diogu.
Ezker abertzaleak jarraitzen du gertakari hauek “gatazkaren ondoriotzat” aztertzen, bere egiazko interlokuzio politikoaren funtzioa indar armatuak berak behin eta berriz gutxiesten duen bitartean. Gauzak honela, gero eta begi-bistakoagoa da Anoetako Adierazpena eta ETAk prozesua jagoteko duen gurariaren arteko kontraesana. Inor ordezkatzen ez duen ETAk indarkeriaz jagon nahi du Euskadiren etorkizun politikoa.
Sabin Etxean, 2005eko abenduaren 19an.