Iritzia
11Abendua
2005
11 |
Iritzia

Berrogei urteko lana Durangon

Iritzia
Abendua 11 | 2005 |
Iritzia

FRANKISMOAK ospatuak zituen bere «25 años de paz» anker haiek. Lurperatuak zituen kontrario batzuk, espetxeratuak edo atzerriratuak besteak. Beren etxean eta beren herrian bizi zirenak ere lurperatuak bezain isilik zeuden. Beldurrezko bake hori ospatu zuten. Gerra ondoko ekaitz eta eraun-tsiak ere itzali ez zuen ilintia pizten hasi zen, ordea. Ikastolak, irratiak, an-tzerkiak, bertsolariak, kantariak eta abar sortzen eta indartzen ari ziren. Eta giro horretan jaio zen Durangoko liburu azoka orain 40 urte. Besteekinbide asko bezalaxe elizaren gerizapean, arkupean, eskaleak eta behartsuak jaio-tzen diren estalpean, jaio ere.
Hemeretzi mahaitan kabitzen zen azoka hartako jeneroa. Poliki-poliki ugaltzen ari zen liburugintzarentzat eta diskogintzarentzat ez zen leku handiagoaren beharrik. Ezta bertaratzen ziren euskaldun eta euskaltzaleentzat ere. Liburu eta disko guztiak ezagutzen genituen garaiak ziren. Euskal idazle eta irakurle gehienok ere ia lagunak ginen. Aurrera jarraitzeko poza eta indarra ematen genizkion elkarri.

Geroztik, azoka leku ederra eraiki da. Hemeretzi mahaitxo haiek 300 denda handi bihurtu dira. 163 erakuslek erakutsi dituzte beren jeneroak: 361 liburu, 34 disko eta 43 bideo berri, lehengoez gain. Eta urtean zehar argitara-tzen denaren laurdenabesterik ez omen azokaratzen, gainera. Izan ere, jendetza handiegiak eragotzi egiten du saltokietara lasai inguratzea. Jenero ugariegiak ere ez du aukera ona egiten gehiegi laguntzen. Bestalde, erosi nahi dituenarentzat herri guztietan daude liburu dendak. Zer argitaratu den jakin nahi duenak ere ez du Durangora joan beharrik hedabideek ematen baitute argitalpenen berri.

Erabat aldatu da Durangoko liburu eta disko azokako giroa, liburugintzakoa, diskogintzakoa eta euskalgintzakoa aldatu den bezalaxe. Lagun giro goxo hura galdu du. Handitzeak eta ugaltzeak dakarren gaitza da. Ezinbestekoa, zorionez. Baina jeneroa ugaldu bakarrik ez da egin. Ondu ere asko ondu da berrogei urteotan.

PARTEKATU