ESKURATUTAKO agiri guztiak irakurri izan dizkiot ETAri. Zerbait berria ikasiko niolakoan irakurtzen nizkion. Baina etsi dut. Ez du ezer berririk esaten. Ez dizkiot irakurtzen. Han eta hemen argitaratu omen duenaren burrunba entzuten dut. Eta kitto. Ez diot lerro bat ere sekula gehiago irakurriko. Inoren baimenik gabe astintzen dituen arma horiek lurperatu eta esku hutsik demokraziaren plazara azaltzen denean hasiko natzaio berriro irakurtzen.
Baina ez da "eundem sermonem dicens", toki guztietan sermoi bera eginaz, dabilen bakarra. Hutsa, beste hura bezala bazter guztietan behartsuen, ahulen, ttikien, baztertuen, gaixoen eta zapalduen aldeko mezua errepikatzen jardungo bagenu. Nik, sikiera, "zirrikitu" batean eta zerrendatxo batean errepikatzen dut nire sermoitxoa. Beste batzuek orri osoa behar izaten dute, bariazio batzuk gorabehera, beti gauza bera idazteko. Zenbat eta luzeago idatzi orduan eta diru gehiago ordaintzen baitute, agidanez, nazionalismoaren kontra idazten bada behintzat. Unibertsitatean ikasitako jendea da, uste handikoa, intelektual kerakoa. Hala ere, zenbaiten titulurik handiena "ex" izatea da. Luze eta ilun idatzi ohi dute sakonak direla adierazteko. Lurrik eta zainik ez duen landareak alferrik ditu, ordea, hesola guztiak. Zutik irauteko zuztarrik ez duen arrazoiak ere alferrik ditu apainduria guztiak. Irakurlea inozoa balitz bakarrik luzituko lukete. Baina irakurleak ez du idatzitakoa bakarrik ulertzen. Idazlearen hitz bakoitzaren atzean dagoen mina, zaputza, seta eta porrota ere ongi usnatzen ditu.
Dena den, intelektual kerako mordoskari ez diot jadanik irakurtzen. Eta hori zuhaitz gizenari gertatzen bazaio, ni bezalako iharrari zer ez ote zaio gertatuko? Irakurle guztiak aspertu baino lehen "erretira hadi" esaten diot neure buruari, beraz, maiz. Bezperan idatzitakoa ahazten zaigulako zaharra berri iruditzen zaigu biharamunean. Zaharra berri, irakurleen amorragarri.