Iritzia
27Azaroa
2005
27 |
Iritzia

Epaiketa lotsagarria

Iritzia
Azaroa 27 | 2005 |
Iritzia

Oroitzapen zahar asko gogarazi dizkidate egun hauetan Franco gora eta Franco behera. Heriotzaren albistea noiz entzungo loa franko galdu nuela oroitzen naiz. Besteren heriotzaz poztea bekatu omen. Harena irrikatu egiten genuen, bozkarioz ezezik, poz-jarioz ere. Bekatu handiagoa egin zuten herio ankerra luzarazi ziotenek. Askatasunaren itxaropenez eta ametsez bizi ginen. Ez beldurrik gabe, jakina. Eta beldurraren beldurrez, piztia hura baino hobe genuela edozein txoteko urre erabaki genuen.
Hedabideetako jardun horiek bakarrik ez dizkidate egun haiek gogarazi. Madrilen hasi den epaiketa tzar honek ere gogarazi dizkit. Orduan ere mundua asaldatzerainoko epaiketa eta hilketa lotsagarriak eragin zituzten frankistek. Gaurko Espainia ez da Francoren Espainia barregarri hura. ETAk ez du Europan orduko miresmenik. Ezta euskaldunok ere orduko osperik mundu demokratikoan. Bestalde, demokrazia bera asko narraxtu eta saretu da terrorismoaren beldurrez eta aitzakian.

Horregatik, orduko eta gaurko epaiketek ez dute oihartzun bera izango mundu demokratikoan. Hala ere, demokraziaren sena eta espa apur bat geratzen zaizkion edonori lotsagarria gertatuko zaio 56 euskaldunen kontrako «18/98 auzia». Lehia politikoan zilegi dena ez da zilegi auzitegietan. «ETA eta ezker abertzalea gauza bera dira», esan dezake politiko batek. Baina salaketa horrek ez du sosik balio epaile batentzat. Epaileak frogatu egin behar du nor den ETAkoa, nor den laguntzaile eta zein neurritan.

Epaiketa honek ez du demokrazian ez hanka eta ez buru. Eta legeak eta epaileak horretaratu dituzten Aznar-Mayor Oreja eta abarrek ezer gutxi dute demokratatik, Garzonek epaile zuzenetik adinaxe. Auzi tzar honek lotsagarri utzi behar ditu PP eta PSOE. Zuzentasun apur bat duen epaile batek ez baititzake gaitzetsi eta zigortu. Politikak eraginda bakarrik har dezake horrelako erabaki okerra. Eta berriro lotsagarri gertako litzateke Espainia munduaren aurrean, orain 30 urte bezalaxe.

PARTEKATU