MUTILA edo neska jaioko den ez dakit, baina Euskadi ernari dago». Geroztik askok errepikatu du Arzalluzen ateraldia. Elefantearen ernaldia baino luzeagoa bada ere, itxaropentsu sumatzen dut jendea. Baina inork ez du kanpairik jo nahi. Arnaldok gutxiago. Jakinaren gainean jarri gaitu, «hilaurtu daiteke».
Hala ere, bada dena badakien norbait. Beste alderdi guztien noraezak eta epelkeriak salatu ondoren honela errematatzen du: «ETAk inork baino hobeto jakingo du zer egin behar duen une bakoitzean; inork baino hobeto neurtuko du egoera eta indarren erlazioa; inork baino latzago sufritzen du gatazka; inork baino sakrifizio handiagoa egiten du eta inork baino gogo gehiago izango du mahaian eseri eta irtenbideak aurkitzen ahalegintzeko».
Alajainkoa! Militarrak loxintxatu behar horrek sutzen nau. Zergatik dira militarrak mundu guztian argienak eta abertzaleenak? Besteak baino finagoak eta gehiago ematen dutenak? Obretako langileek eta kamioetako bidariek baino arrisku gehiago al dute, bada? «Egin maitasuna eta ez gerra» leloa ere tokitan geratu da. Maitemintzea bera ere gerra baino arriskutsuagoa ari da gertatzen.
Militarrek armen indarra, harro keria eta itsumena dituzte. Militarrek ez dute inon herririk eraikitzen. Beste batzuek eraikitzen dute herria. Baita Euskal Herrian ere. Hobe genuke euskal lurraldeetako mugak gainditzen gehiago saiatuko bagina. Iparraldeko ikastola batean ginen. Bi metrora taldetxo bat zegoen. «Zoaz horietara», agindu zion aitak semetxoari. «Frantsesak dira», lotu zitzaion lehen baino estuago aitari.
Urepelen egin zen Xalbador-Aranalde jaia bezalakoak, Hendaiako bertsolari txapelketa, Mixel Labegerieri Kanbon lehengo igandean egindako omenaldia edo Lasarteko eta Donibane Garaziko ikastolek Landaberrin atzo egindako «senidetzea» edo Janpierre Arbelbideri Zaron abenduaren 4an egingo zaion omenaldiak eta abarrek kentzen dituzte mugak eta egiten gaituzte herri bat, ez oihuek.