ABERRI BATZARRA<br>
Euskararen erabilera normalizatzeko lehen Plana
20Urria
2005
20 |
EBBren agiriak

ABERRI BATZARRA
Euskararen erabilera normalizatzeko lehen Plana

ABERRI BATZARRA<br>
Euskararen erabilera normalizatzeko lehen Plana
Urria 20 | 2005 |
EBBren agiriak

EBBren agiriak


2005ko urriaren 20ko Ezohiko Aberri Batzararren onartua


A U R K I B I D E A

I.- Sarrera 

II.- Aurrekariak 

III.- Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren Irizpide Orokorrak 

IV.- Plana Garatzeko Oinarria 

V.- Jarduketa-Eremuak, Epealdia eta Helburuak 

VI.- Baliabideak 

VII.- Jarraipena eta Ebaluazioa 

VIII.- Xedapen Iragankorra 

AZKEN GOGOETA 

ERANSKINA. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako biztanle-kopurua (2001eko zentsua) euskararen jakitearen arabera 28






I.- Sarrera  

Euskara, Euskadiren hizkuntza propio bakarra, oro har, gutxienena da eta gutxitua dago gure herrian. Nagusi den gizarte-araua hizkuntza nagusiaren, gaztelaniaren edo frantsesaren, aldekoa da, baita euskal hiztunen portzentaje handia duten udalerrietan ere.

Aitzitik, euskararen egoera eta, batik bat, azken urteotan izan duen bilakaera ikusita, ukaezina da gure aberri hizkuntzak iritsi dituen prestigioak eta bizitasunak erabat eta zeharo gainditu dituztela duela 25 urte genituen itxaropenik baikorrenak. Honako hauek dira gure hizkuntzak izan duen bilakaera soziolinguistiko izugarria ulertzeko gakoak: Gernikako Autonomia Estatutua, euskara Euskal Herriaren hizkuntza propio legez eta Euskal Autonomia Erkidegoaren hizkuntza ofizial gisa aintzatestea bideratu duena, eta euskal herritar gehienok geure hizkuntza berreskuratzeko egin dugun apustua. Tamalez, Nafarroan indarrean dagoen zonifikazio-legearekin, nahiz eta nafarren borondate maioritarioa euskararen aldekoa izan, ez da beste horrenbeste lortu izan. Iparraldean, berriz, euskararen aldeko inongo babesik izan gabe, egoera oso ezkorra da.


Euskara, gehienbat, euskal herritar gehien-gehienok gorde nahi dugun kultura-ondarea ez ezik, Euskadiko milaka hiritarrek elkarrekin komunikatzeko erabiltzen duten tresna bizia ere bada.

Euskara batzeko, arautzeko eta modernizatzeko prozesua egokia eta zuzena da, eta gure hizkuntzaren hedapen demografiko, geografiko eta funtzionala oso nabarmena izaten ari da:

• 16 urtetik 24 urte arteko gazteen artean, biztanle elebidunak %48.48koak dira EAEn, eta biztanle elebakarrak %31.35 dira; Nafarroan, berriz, biztanleria elebiduna %15.80koa da, elebakarrak %77.44koak direlarik, eta, azkenik, Iparraldean, biztanle elebidunak, adin-tarte honetan, %12.19koak dira, elebakarrak %68.01ekoak direlarik;

• gaur egun, gure hizkuntza ez da Euskadiko baserri eta arrantza giroko hizkuntza soilik, sendotzen ari delako, eta gero eta indar handiagoarekin gainera. Are, euskara duela ehunka urte galdu zuten hiri eta landalur eremuetan ere berreskurapena nabaritzen da;

• euskara gizartearen bizitzaren ia eremu guztietan erabiltzen da (komunikabideak, hezkuntza, administrazioa, aisia, kirola, merkataritza, industria...), nahiz eta gure hizkuntzaren presentzia gutxienena izan eremu horietan guztietan.

Bereziki azpimarratzeko modukoa da Euskal Autonomia Erkidegoko esperientzia. Gure hizkuntzaren aldeko apustu sozial, politiko eta instituzional sendoaren bidez, euskararen galeraren noranzkoa alderantzikatzea lortu du.

Espero zitekeen legez, lortu diren aurrerapenek ikuspegi, beharrizan eta erronka berriak ekarri dizkigute. Erronkarik garrantzizkoena azken urteotako aldaketa soziolinguistiko sakonaren ondorioz gertatu dena da: gaur egun, euskaldun guztiak (gutxienik) elebidunak dira, eta horietarik %50ek baino gehiagok gaztelania edo frantsesa dute lehen hizkuntza. Egoera hori ez da egundaino inoiz gertatu; horrez gain, euskaldunik gehien-gehienak euskara gutxienena den eremuetan bizi dira. Horrek guztiak, logikoa denez, gero eta ardura eta kezka handiagoak sortzen ditu hizkuntzaren gizarte-erabileraz eta erabiltzen den euskararen kalitateaz. Ikuspegi honetatik, ez dira neurri berekoak izan euskara gehiagok jakitea eta euskararen erabilera.

EAJk, sortu zen egunetik, argi izan du gure herriaren askatasuna lortzeko borroka ezin gauza daitekeela, baldin eta euskararen aldeko ahaleginak etengabe egiten ez baditugu; hortaz, gure Alderdiak euskararen erabilera normalizatzearen aldeko konpromisoa berretsi du, Alderdi modura ahalegin berri sendoak egiteko eskatzen digun une historikoan gaudela sinetsita gaudelako.

Euzko Alderdi Jeltzalearentzako Euskararen Erabilera Normaliza-tzeko Plana behar den moduan ezkondu behar da Alderdiaren barne arautegiarekin. Lotura horretaz jabetzeko, gure Aberri Estatutuetara jotzea baino ez dugu, zeren oinarri nagusietan argi eta garbi honakoa adierazten baitute: "Euzko Alderdi Jeltzaleak euskara dauka euskal aberri hizkuntzatzat, eta haren normalizaziorako behar den ardura nazionala aintzat hartzea eskatzen du, euskal hiritargoaren eta alderdikideen hizkuntz eskubideak babestuak eta bultzatuak izan daitezen, zeinen zerbitzura egongo diren Euzko Alderdi Jeltzaleko kargu publiko eta alderdi barruko ardura dutenak".

Utzi ezineko abiaburu hori oinarritzat harturik, euskararen jakite eta erabilera eremu guzti-guztietan aldeztu eta eragin behar dugu, eta are eremu politikoan, ezen, historiari begiratzen badiogu, aurreko erregimen eta gobernuen arrazoi politiko huts-hutsek eragin zuten euskara errotik ezabatzeko erabakiak hartzea.

Gure Aberri Estatutuetan (13.9 artikuluan) jasotzen denez, alderdikide orok nahitaez eginbehar du... "Euskara, hitzez eta idatziz, ikasten ahalegintzea. Euskara erabili eta Euzko Alderdi Jeltzalearen barruan zein kanpoan euskara zabal dadin laguntzea". 


 
II.- Aurrekariak  

1999ko irailaren 17a.- Aberri Batzarrak onetsi zuen EAJko barruko kargudunei, kargudun publikoei eta bestelako langileei euskara jakin eta erabiltzeko egin dien eskakizunari buruzko Arautegia, 1995ean onetsitako Aberri Estatutuen aldi baterako 3. erabakia betetze aldera. Estatutu horietan, honako hau zegoen ezarria: “Euzkadi Buru Batzarrak, Aberri Estatutu hauek berresten diren egunetik aurrera zenbatu beharreko urtebeteko epealdian, barruko karguek, kargu publikoek eta herrialde buru batzarrek kontratatzen dituzten langileek euskara jakin eta erabiltzeko eskakizunari dagokion plana egingo du eta Aberri Batzarraren onespean jarriko du(1) ”.


1999-2003ko epealdia.- Aldi horretan, Arautegi hori garatuz joan ziren EAJren uri buru batzarrak, herrialde buru batzarrak eta Euzkadi Buru Batzarra, geroago aplikatze aldera:

• Aberri eta herrialde mailako kargudunak: onetsi eskakizunak arautegian bertan jasotzen dira.



Uri mailako kargudunak: sei hilabeteko epearen barruan, uri batzarrek, uri buru batzar bakoitzak proposaturik, euren plana egin behar izan zuten (gutxienez bakoitzari zegokion eremu geografikoaren antzeko eskakizun-portzentajearekin, eta 5 urteko epean…).

EAJko langileria: sei hilabeteko epearen barruan, buru batzarrek euren plana egiteko konpromisoa hartu zuten, eta plan horren barruan EAJk kontrataturiko enpresetako langileak ere sartzen ziren.

2004ko urtarrilaren 17a eta 18a.- EAJren IV. Batzar Orokorrean Aberri Estatutuak berretsi egin ziren; euskarari dagokionez, honako hau dago ezarrita:

3. erabaki osagarria: “Euzkadi Buru Batzarrak egin beharreko Euskararen Normalizaziorako Egitasmoak, besteak beste aurreikusiko ditu kasuan kasuko barne karguak edo kargu publikoak betetzeko eska daitekeen euskararen ezagutza mailaren gaineko ebazpenak. Ebazpen hauek, indarrean dauden Estatutu hauei ez diete kalterik egingo eta modu berean Euzko Alderdi Jeltzalearen alderdikideek, aukeratuak izateko duten eskubidea bera ere mugatuko dute.
Esandako Egitasmoa Aberri Batzarraren aurrera eramango da, gehien jota urte beteko epean eta Aberri Estatutuek ezartzen dutenaren arabera, alderdikideei galdetu ostean.”


Aldi baterako 3. erabakia: “Aberri Estatutu hauetako Aldi Baterako Hirugarren erabakian aipatzen den "Euskararen Erabilera Arrunt egiteko Egitasmoa" onartu arte, 1999ko irailaren 17ko Aberri Batzarrak onartutako "Euzko Alderdi Jeltzalearen kargudunei, kargu publikodunei eta langileei euskara ezagutu eta erabiltzeko eskakizunari buruzko araudia" izenburuko egitasmoak ezarritakoa beteko da.”


2005eko urtarrila.- Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana egitea, EAJko alderdikideen kontsultapean jartze aldera. 


 
III.- Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren Irizpide Orokorrak  


1) Norberaren hizkuntza aintzatestearen abiaburua.-

Euskara da gure aberri hizkuntza. Euskal Herriak gorde egin du, ondorengoetaratu egin du, eta modu argi eta demokratikoan bere hizkuntza berreskuratzearen eta normalizatzearen aldeko apustu sendoa egin du. Euzko Alderdi Jeltzaleak euskararekin duen konpromisoa sakontzen jarraitu behar du, egungo abagune historikoak eskatzen dizkigun urratsak emanez; izan ere, horrek honakoa eskatzen digu: oraindik ere gutxienena eta gutxitua den gure hizkuntza honen aldeko ekintza positiboak abian jartzea ahalegin berrituak egiteko.

1977an Iruñean egin genuen Batzarra gogoratzen dugu, zeinetan honako konpromiso zehatz hau hartu baitzen: “euskara Euzkadiko aberri hizkuntza legez sustatzea, funtzio publikoak egikaritzeko gertuko gizarte-balorazioa duen kultura-tresna gisa”. Esparru honi dagokionez, honela baloratzen zen Alderdiaren zeregina: "Euzko Alderdi Jeltzaleak XX. gizaldiaren lehenengo herenean euskararen defentsan egin duen lan garrantzitsua errebindikatzen du; izan ere, gure Alderdia nagusi izan zen zeregin horretan eta ia bakarrik jardun zuen, eskuineko eta ezkerreko alderdi politikoen arduragabekeriaren eta etsaitasunaren aurrean. Logikoa denez, jarrera horrek ondokoa islatzen zuen garbi asko: Euzkotarren aberria Euzkadi da, eta euskara da aberriaren hizkuntza".


2) Alderdikideen eta, oro har, euskal hiritarren hizkuntza-eskubideak bermatzearen abiaburua.-

EAJk ardura berezi hau du: alderdikideen eta, oro har, euskal hiritarren hizkuntza-eskubideak sustatu eta bermatzea, gure Aberri Estatutuekin bat etorriz eta EAJ-PNVren tradizio historikoaren arabera, gure Alderdiaren ekimenez 1982. urtean Eusko Legebiltzarrean onetsi zenaren arabera. Horretara, bada, EAJ-PNVk zainduko du funtsezko hizkuntz eskubideak aintzatesteko bere alderdikide guztiei, bai eta gainerako hiritarrei ere, eta, horiek guztiek beren beregi talde-eremuan dihardutenean.

Hizkuntza-eskubideen berme hori ahularekiko ekintza positiboa bideratuz baino ezin daiteke gauzatu, hau da, gutxiena den hizkuntzaren eledunari laguntza berezia emanez, ezberdintasunezko egoeretan –eta hain zuzen ere egoera horrelakoa da– arauak babestu behar duela, eta araurik ezak ezberdintasuna eta zuzengabekeria areagotzen dituela ahaztu gabe.


3) Abiaburu demokratikoa.-

Hizkuntza-eskubideen babesa eta euskararen erabilera normalizatzeko bultzada alderdikiderik gehienek onetsi beharreko plangintzaren bidez abiarazi behar dira: hain justu ere, gehienon borondate horrek emango dio benetako balioa Normalizazio Planari, hori izango baita Plan hori garatzeko tresnarik eraginkorrena eta hura betetzeko bermerik onena.



4) Euzko Alderdi Jeltzaleko kargudun publikoen eta barruko kargudunen partaidetza aktiboa.-

Euskararen normalizazioa gauzatze aldera, zeharo garrantzizkoa da Euzko Alderdi Jeltzalean kargu publikoak eta barruko karguak dituzten alderdikideen borondatea, bai eta beraiek parte hartzeko konpromisoa hartzea. Aberri Estatutuen Oinarri Nagusietan eta jarraian azaltzen diren artikuluetan xedaturik dagoenez:

• 4. oinarria: “Euzko Alderdi Jeltzaleak euskara dauka euskal aberri hizkuntzatzat, eta haren normalizaziorako behar den ardura nazionala aintzat hartzea eskatzen du, euskal hiritargoaren eta alderdikideen hizkuntz eskubideak babestuak eta bultzatuak izan daitezen, zeinen zerbitzura egongo diren Euzko Alderdi Jeltzaleko kargu publiko eta alderdi barruko ardura dutenak.
Euzko Alderdi Jeltzaleak bere egiten ditu hizkuntz normalizazio eraginkorraren oinarriak: euskaldunen hizkuntza propioa, gutxiengoduna eta gutxitua den euskararen aldeko ekintza eta gehikortasuna, jardunbide eraginkorrerako beharrezkoa dena”.




5. oinarria: “Euzko Alderdi Jeltzaleak honako helburu hauek ditu, besteak beste:


a) Egitasmo politiko jeltzalea gauzatzeko tresna izatea.
(…)
e) Botere politikora heltzea, batez ere, erakundeen bitartez, hauek izanik bere egitasmoa egia bihurtzeko bidea.
(…)
g) Arteztarau politikoak markatu, herri-erakundeetako bere ordezkariak bideratu, lagundu eta zaindu.”




“1. artikulua.- Euzko Alderdi Jeltzalearen hizkuntza euskara da. Horrez gain beste hizkuntza batzuk ere erabili ahal izango dira, giza, tokian tokiko eta gobernu hobeago baten beharrizanak zaintzeko.”

“13. artikulua.- Alderdikidearen oinarrizko eginbeharrak honako hauexek dira:
(…)
9) Euskara, hitzez eta idatziz, ikasten ahalegintzea. Euskara erabili eta Euzko Alderdi Jeltzalearen barruan zein kanpoan euskara zabal dadin laguntzea.”


Halaber, Euzko Alderdi Jeltzaleak nahitaez eguneratu eta areagotu behar du gure aberri hizkuntza arlo guzti-guztietan bizirik gordetzeko apustu sendoa. Arlo honi dagokionez, IV. Batzar Orokorrean onetsitako Txosten Politikoan honako helburu zehatz hauek jasotzen dira:

• “Nafarroa osoan eta Iparralden euskararen ofizialtasuna lortzea.”

• “Geure hizkuntzaren presentziarik ahuleneko Iparraldeko eta Nafarroako zonetan euskara irakastearen aldeko ekimenak bultzatzea, eta lurralde horietako administrazioen finantziazio nahikorik ez duten ekimenak ere sustatzea.”


• “Euskara belaunaldi batetik bestera igarotzen dela bermatzea, familiaren barruko transmisioaren garrantzi handia azpimarratuz.”

• “Euskarak eguneroko bizitzan erabiltzeko hizkuntzatzat duen ospea eta balio soziala handitzea.”

• “Euskarazko produktuen eta zerbitzuen eskaintza arlo guztietan zabaltzea, eta horien eskaria sustatzea, lortutako ezagupen- eta erabilera-mailak apurka-apurka finkatzen joateko eta, horrenbestez, hizkuntzaren kalitatea hobetzeko.”

• “Erakunde publikoen eta pribatuen barruan euskararen erabilera normalizatzeko planak sustatzea, horien jarduketa belaunaldi berrien hizkuntza beharrizanetara egokitzeko.”

• “Geure Alderdiaren barruko bizitzan ere hizkuntza-normalizazioarekiko konpromiso handiagoa hartzea, bai barruan eta bai geure jarduketa politikoaren eremu publikoetan.”


5) Euzko Alderdi Jeltzalearen eta herri erakundeen jardunaren osagarritasuna.-

Euskararen erabilera normalizatzeko bidean abiatzeko atazak norberaren konpromisoa eta gizartearen ekimena behar ditu. Herri administrazioen jarduketa-eremuek helburu eta muga zehatzak dituzte: oinarrizko arau demokratikoak babestea, ekimen pribatuaren eta sozialaren eskuetan uztea beraiek burutu dezaketen oro, eta horiekin lankide jardutea, osagarritasun-irizpidea kontuan hartuz. Pentsamolde politiko hori oinarri hartuz, Euzko Alderdi Jeltzaleari gizarte-eragile modura jardutea dagokio, hau da, Alderdiaren beraren antolaketaren barruan.



IV.- Plana Garatzeko Oinarriak  


• Euzko Alderdi Jeltzalearen barruko eta kanpoko eremuak hartzen ditu: barne antolaketa eta jarduketa publikoa.

• Bi unetan du eragina:

-Hautagai-zerrendak egiten direnean.
-Kargua egikaritzean.

• Euskararen jakitea eta erabilera, eta euskararekiko jarrera ditu jardungai:

- Unitate, organo eta erakunde guztien arteko harremanetan euskararen erabilera lehenetsiz.
- Euskarazko komunikazioan bete behar diren baldintza bereziak kontuan hartuz: a) eginkizun-normalkuntza edo euskaraz aritzeko erraztasun nahikoa izatea; b) euskaldun kopuru nahikoa izatea, eta c) euskaldun guztion hizkuntz eskabideak.

• Euzko Alderdi Jeltzaleak aurrera eroaten dituen hizkuntza-politika publikoak modu eraginkorrean garatzen laguntzen du; politikok, besteak beste, hauek erabiltzen dituzte:

- Euskararen erabilera normalizatzeko planak, euskal administrazio publikoetan indarrean daudenak.
- Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN).

• Modu mailakatuan jarduten du: kontuan hartzen ditu Euskadiko lurraldean diren egoera soziolinguistiko ezberdinak.



V.- Jarduketa-Eremuak, Epealdia eta Helburuak  


1. Planaren ezarpen-eremuak.-

Ondoko hauek dira:

a) Euzko Alderdi Jeltzalearen barruko kargudunak.
b) Euzko Alderdi Jeltzalearen kargudun publikoak.
c) Euzko Alderdi Jeltzalearen alderdikideak.


2. Planaren iraunaldia.-

Plana 4 urteko epealdietan garatuko da. Plangintzarako lehen epealdia 2009ko abenduan amaituko da.

3. Helburuak.-

3.1. Hasierako adigaiak.

• “euskalduna”: euskara arazorik gabe ulertzen duen pertsona, jelkide izateak dakartzan barne edo kanpoko eginkizunak behar bezala eta naturaltasunez burutzeko moduan hitz egiten duena.

• “ia-euskalduna”: euskara ulertu bai, baina hitz egiteko gai ez den pertsona.

• Eremu bateko “euskaldunen indizea”:

- Barne edo kanpoko organoko edo hautagai-zerrendako kide guztiei dagokienez euskaldunak izan behar duten kideen portzentajeari dagokion indizea. Indize hori indarrean dagoen zentsuko euskaldunen datuen bidez ateratzen da (egungo datuak agiri honi batu zaizkio, 1. eranskinean), honako formula honen bitartez:

euskaldunak +[ia - euskaldunak / 2] / Biztanlería osoa x 100


• “EBPN”: Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia hizkuntzaren normalizazioa eskuratzen jarraitzeko plan estrategikoa da, hizkuntza-politika egiten diharduten herri-aginteei euren jarduna bideratzen lagunduko dien oinarrizko tresna.


• “Ekintza positiboa”: “Hizkuntzarik ahulenaren aldeko ekintza positiboa”ri dagokion kontzeptua honako era honetara ulertzen da: ezin aplika dakieke hizkuntza-politika berdina egoera ezberdinetan diren hizkuntzei, baldin eta xedea hizkuntzen arteko desoreka arintzea bada. Hizkuntza-politika orok babes berezia eman behar dio hizkuntzarik ahulenari eta eremu murritzagoa duenari, halako moldez non egoera ezberdinei modu ezberdinean ekingo baitie. Ekintza positiboak babes aski handia du doktrina juridikoan.

• “Erakunde elebiduna”: bere zereginak euskaraz zein gaztelaniaz edo frantsesez egiten dituen izakundea da. Kopuruari dagokionez, beharrezko baldintza da, erakunde bat elebiduntzat hartzeko, haren kideen %70, gutxienez, elebidunak izatea.

3.2.- Helburuen formulazioa.

Hemen ezarri diren helburuak gutxieneko helburu modura hartu behar dira.


--> EUSKARAREN JAKITEA.-


a) Oro har:

Egoki den hautagai-zerrendak, organoak edo erakundeak, gutxienez, bertako eremu geografikoari dagokion euskaldun-indizearen berdina izango den euskaldun-portzentajea izango du; indize horrek 2001eko Zentsuak Euskararen jakiteari buruz eman dituen datuak izango ditu oinarri. Indize hori hurrengo zentsuaren (2006koaren) datuak ofizialtzen diren momentuan egokitu beharko da, eta ondorik barruko kargudunak eta kargudun publikoak hautatzeko prozesuetan izango ditu ondoreak. Hautagai-zerrenda egitean, euskaldunen portzentajeak aplikatuko dira, hamar laguneko tarteka; eta lagun horien artean bete beharko da arautegi honetan ezarritako euskaldunen portzentajea.


b) Planaren aplikazio zehatzak:


Jarraian adieraziko direnek euskaldunak izan beharko dute:


• KARGU PUBLIKOAK BETETZEKO EAJ-PNVren HAUTAGAIAK:


- Eusko Legebiltzar, Nafarroako Foru Parlamentu, Kongresu eta Senatu, eta Europako Parlamenturako zerrenda-buruak;
- Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaria, Nafarroako Foru Gobernuko presidentea, Eusko Legebil-tzarraren lehendakaria, Nafarroako Parlamentuko presidentea, Diputatu Nagusiak, Batzar Nagusien lehendakariak, bai eta EAJ-PNVk mahai legegile horietan dituen ordezkariak, kasuan kasuko eremu geografiko bakoitzari ezarri beharreko portzentajearen arabera;
- Hiriburuetako alkateak, Lan Harremanen Kontseiluaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren lehendakariak, Arartekoa eta EITBko zuzendari nagusia.
- Gobernuen eta ganbera legegileen, eta hiriburuetako alkatetzetako bozeramaileak.
- Era berean, lehentasuna emango zaie euskaraz dakitenei, karguak bete behar badira EAJ-PNVren koadro politikoen aitzindaritzaren menpeko erakunde autonomiadun publikoetan.



• BARRUKO KARGUDUNAK:

- EBBren lehendakaria eta bost herrialde buru batzarren lehendakariak, bai eta Aberri Batzarraren Mahaiko lehendakaria eta lehendakariordea, Aberri Batzarreko lurraldeetako bozeramaileak, Aberri Epaitegiaren lehendakaria, eta Aberri Berme eta Zaingo Batzordearen lehendakaria ere, baita EBBko idazkaria.


• LURRALDE-EREMUAK. Ondokoak ere euskaldunak izango dira:

- %40ko edo hortik gorako indizea duten eremu geografikoetako zerrenda-buruak; kultura, gazteria, euskara eta hezkuntza arloen ardura duten pertsonak eta bai bozeramaileak ere euskaldunak izango dira, betiere, kargu horiek sartuko dira eremu geografiko bakoitzari dagokion ehunekoaren kopuruaren barruan;
- %55eko edo hortik gorako indizea duten eremu geografikoetan, erakundeen arloko arduradun nagusiak, erakundearekiko dedikazioa esklusiboa denean; kultura, gazteria, euskara eta hezkuntza arloen ardura duten pertsonak eta bai bozeramaileak ere euskaldunak izango dira, betiere, kargu horiek sartuko dira eremu geografiko bakoitzari dagokion ehunekoaren kopuruaren barruan;
- %70eko edo hortik gorako indizea duten eremu geografikoetako hautagai-zerrenda osoak.

%40tik beherako indizea duten eremu geografikoetarako:


- hautagai-zerrendetan, antolakunde edo erakun-deetan, gutxienez, bozeramailea euskalduna izango da (gutxienez bi kide, %30-%40ko tartean);
- kultura, gazteria, euskara eta hezkuntza arloen ardura duten pertsonak (burukideak, zinegotziak, diputatuak…), eta bai bozeramaileak ere, euskaldunak izango dira.


• EUSKO JAURLARITZAN (%50eko erreferentzia-indizea), gutxienez, euskaldunak izango dira sailburuen %50. Era berean, sail bakoitzean %50 izango dira kargudun euskaldunak, eta portzentaje hori eremu orokorreko erakundeetako kide guztiengana hedatu ahal izango da (Euzko Alderdi Jeltzaleak Eusko Legebiltzarrean, Kongresuan eta Senatuan dituen legebiltzarkideak; EITB, aurrezki kutxak eta abar).


• EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LURRALDE HISTORIKOEI DAGOKIENEZ, aipatu indizeari dagokionez, gauza bera esan daiteke Foru Aldundien eta Batzar Nagusien kasuan ere, EUSTATek unean-unean ematen dituen datuen arabera.


• NAFARROARI DAGOKIONEZ(2)  , herrialdeko organoei dagokien indizea %16.34 da, Nafarroako Estatistika Erakundeak ematen dituen datuei kasu eginda.


• IPARRALDEARI (lurralde osoari) dagokion indizea %30.2 da. Erroldatik ateratako daturik ez dugunez, eskueran dugun erreferentzia bakarra Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoa da; inkesta horretatik ondoko indize hauek atera ditugu:

--> BAM (Baiona-Angelu-Miarritze): %13.0
--> Lapurdiko barnealdea: %45.7
--> Nafarroa Beherea: %72.6
--> Zuberoa %62.0


• Uri mailako organo eta erakundeentzat, irizpide bera erabiliko da, hala Araban, nola Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, betiere, EUSTATek emaniko datuak erabiliko dira kontuan, eta Nafarroako Estatistika Erakundeak emanikoak hartuko dira kontuan (Ikus Eranskina).


• EGIri dagokionez, EGIk hartzen duen adin-taldeen tartean batez beste, oro har, baino askozaz ere euskaldun gehiago dagoenez, euskaldunak izango dira gazteen erakundeko hautagai-zerrendak osatzen dituzten pertsona eta hautetsi guztiak.

PLANA BETETZETIK SALBUETSITA DAUDENAK.-

Gure hizkuntzak historian zehar jasan izan dituen eraso latzak eta erasook eragin dituzten ondorio konponezinak kontuan hartuta, Plan honetan azaltzen diren eskakizunak betetzetik salbuetsita egongo dira honako Plan hau onesten den egunean 45 urte edo gehiago beteta dauzkaten alderdikideak.


Adinaren salbuespenera ezin izango dute jo, honako hauek:


a) Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaria, Nafarroako Foru Gobernuko presidentea, Eusko Legebiltzarraren lehendakaria, Nafarroako Parlamentuko presidentea, diputatu nagusiak, Batzar Nagusien lehendakariak eta hiriburuetako alkateak.

b) Gobernuen, ganbera legegileen eta hiriburuetako alkatetzetako bozeramaileak.

c) EITBko zuzendari nagusia eta Arartekoa

d) EBBren lehendakaria eta idazkaria, bost herrialde buru batzarren lehendakariak, eta Aberri Batzarraren Mahaiko lehendakaria zein lehendakariordeak, Aberri Batzarreko lurraldeetako bozeramaileak, Aberri Epaimahaiaren lehendakaria, eta Aberri Berme eta Zaingo Batzordearen lehendakaria.



--> EUSKARAREN ERABILERA BARNE ANTOLAKETAREN BARRUAN.-

1. Alderdikideek, organoek eta, oro har, erakundeek, euskara erabiliko dute, eta ez dute beren burua gaztelania edo frantsesa erabiltzera behartuta ikusi behar. Kasu bakoitzean, organo eskudunak bideratuko ditu eskubide hori bermatzeko behar diren baliabideak.

2. Alderdiaren ingurune eta erakunde elebidunek gehienbat euskaraz egingo dituzte beren funtzioak.

3. Alderdikide edo pertsona afiliatu guztiak euskaraz arituko dira, ahal duten neurrian, bai eta, bereziki, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan honetako eginbeharrak bete behar dituztenak euskaraz arituko dira, hizkuntza hori erabiltzeko baldintzak gertatzen diren kasu guztietan: idatzizko komunikazioak egiten direnean, beste euskaldun batzuekiko ahozko harremanetan, interpretazioko zerbitzua duten bilera edo batzarretan eta abar.

4. Euskara izango da %70etik gorako indizea duten organo eta erakundeen jardunerako hizkuntza, eta bai EGI gazte-erakundearen organo guztiena ere.

5. Arau orokor gisa, Euzko Alderdi Jeltzaleren organoek ateratzen duten dokumentazioa bi hizkuntzatan idatzita egongo da (euskaraz/gaztelaniaz; euskaraz/frantsesez), eta unitate, organo edo erakunde elebidun bati bidali beharreko dokumentazioa euskara hutsean idatziko da.

6. Jendearenganako ahozko arreta, hasiera batean, euskaraz egingo da, eta ondoren pertsona interesatuak aukeratzen duen hizkuntzan jarraituko da. Jendearenganako arreta gisa, besteak beste, ondoko zerbitzu hauek hartuko dira:


? telefonoa (telefonogunea, idazkaritzak eta komunikabideak);
? sarrera-kontrola;
? bisitaldi gidatuak;
? kafetegi eta jatetxe zerbitzua.

7. Euzko Alderdi Jeltzalearen egoitzetako hizkuntza-paisaia euskaraz egongo da.

8. Zerbitzua sortuko da, banakako ikasketarako materiala mailegatzeko. Era berean, materialak sortuko dira euskarri informatikoan, eta EAJ-PNVren eremu guztietan zabalduko dira.

9. Euskararen erabilera bermatuko da, EAJ-PNVren langileak kontratatzean, bai eta kontratazioak egitean Alderditik kanpoko enpresekin.

10. Euskara Zerbitzu Teknikoak, plan honetan sortu baita, aholku zerbitzuak eskainiko ditu, euskararen jakitearen eretzean.


--> EUSKARAREN ERABILERA ORGANO PUBLIKOETAN.-

1. Elebidunak diren erakunde, organo edo unitateetako buruek euskaraz jardungo dute beren lanetan, eta euskara erabiltzea bultzatuko dute.

2. Euzko Alderdi Jeltzalearen kargudun publikoak euskaraz arituko dira beren jendaurreko agerraldi guztietan, prentsaurrekoetan eta abar.



--> EUSKARAREKIKO JARRERA.-

1. Alderdikideak eta Alderdiko organoak eta erakundeak euskararen erabilera lehenestea gauzatzen ahaleginduko dira.

2. Euzko Alderdi Jeltzalearen buru batzarrek gure alderdikideek euskararen erabileraren alorrean izan beharreko sentsibilizazio eta konpromiso aktiboa bultzatuko dute, eta, bereziki, alderdikideok udal erakundeen ekintza positiboak burutzeko egitarauetan parte hartzea sustatuko dute.

3. EAJ-PNVren bozeramaileek eta Alderdiaren ordezkaritza duten erakundeetakoek emango diote euskarari balio erantsi berezia, eurek jendaurrean egiten dituzten adierazpen eta agerpenetan.



VI.- Baliabideak  

Plana onesten denetik aurrera zenbatu beharreko hiru hileko epearen barruan, EBBk, gainerako herrialde buru batzarrekin batera, Euzko Alderdi Jeltzalearen Euskara Zerbitzu Teknikoa abiaraziko du, eta berau EBBren Idazkaritzaren esanetara egongo da; zerbitzu horrek ondoko funtzio hauek beteko ditu: telefono edo intranet bidezko kontsultei jaramon egitea, itzulpenei edo hizkuntzari dagozkion ikastaroei edota beste gai interesgarri batzuei buruzko argibideak edo aholkularitza teknikoa ematea, hizkuntza arloko elkartrukerako jardunaldiak antolatzen laguntzea eta abar.

Halaber, Zerbitzu horrek honako plan honen helburu eta eskakizun zehatzekin loturik dauden pertsonek euskara ikas dezaten behar diren irakaskuntzako baliabideak eta bitarteko teknikoak hornituko ditu.



VII.- Jarraipena eta Ebaluazioa  


> ADIERAZKARIAK.-

Adierazkarien sistema erraz eta eraginkorra ezarriko da, jarraian azaltzen dena bezalakoa:

• Alderdikide euskaldunen kopurua, organo eta erakunde elebidunen kopurua.
• Gertatzen diren ereduzko idazkien kopurua.
• Euzko Alderdi Jeltzalearen erregistroetan elebitan edo euskara hutsean jasotzen/igortzen diren idazkien kopurua.
• Ikastaroetako partaideen kopurua.
• Egiten diren kontsulten / zuzenketen kopurua.
• Eskatzen diren interpretazio-zerbitzuen kopurua.
• Euskara sustatzeko antolatzen diren bidaien edo bestelako jardueren kopurua.
• Hizkuntza-elkartrukeen kopurua.


> EBALUAZIOA.-

Euzko Alderdi Jeltzaleak ebaluazioa egingo du urtero, egoki diren zuribideen bitartez. Ebaluazio horren emaitza orokorrak urtero aurkeztuko ditu EBBk Aberri Batzarrean.



VIII.- Xedapen Iragankorra  


Honako Plan honen indarraldiko lehenengo lau urteetan, Aberri Batzarrak, kasu bakoitzean dagokion Batzarrak eskatuz gero, euskararen jakitea egiaztatzeko eskakizuna geroratu ahal izango du, salbuespenez eta banaka; horretarako baldintza izango da BANAKO PRESTAKUNTZA-PLANA abian jartzea, eta hala denean, prestakuntza-plan hori burutuko duen pertsona horrek, aurretiaz jarritako denbora batean, plan hori betetzeko konpromiso formala hartu beharko du.

Kasu horietan, EBBren Euskara Zerbitzu Teknikoak txostena txosten bat egin beharko du derrigor, erabakigarria ez dena, eta hori egin ondoren, Aberri Berme eta Zaingo Batzordeari dagokio prestakuntza-plan bereziari lotzen zaion pertsona benetan euskalduntzea, eta, horrekin batera, Euzko Alderdi Jeltzalearen Hizkuntza Normalizaziorako Plana betetzea.



AZKEN GOGOETA  


Eskerrak ematen dizkiogu gure aurreko belaunaldikoei, euskararen alde egin duten apustuagatik, bai familiaren magalean irakasteagatik, bai berek jakin ez arren hezkuntza sistemaren bitartez hizkuntza ikasteko bideak emateagatik. Orain geuri dagokigu euskararen erabilera gero eta gehiago zabal dadin ahalbidetzea eta hurrengo belaunaldiak gure hizkuntza eskura dezan bermatzea.

Badakigu, jakin, euskara dena gure aberriaren nortasunaren ezaugarririk garrantzikoena eta argiena. Horrek inola ere ez du esan nahi gaztelania eta frantsesa kanpokoak zaizkigunik; gainera, hizkuntza horiek milaka eta milaka euskaldunen eta milaka alderdikideren ama-hizkuntzak dira. Baina euskara da gure nortasunaren eraikuntzari balio egituratzaile esanguratsua ematen diona. Gure aberri nortasuna izango da –egoerei egokitzeko eta bertan irauteko gaitasuna eta ahalmena direla bide– neurririk gabe hazten ari den kultura-berdinzalekeria bateratzailetik babestuko gaituena. Kultura-aniztasunak eta, azken batean, bizitza eta elkarbizitzarako estilo ezberdinek bizirik iraungo dute aberri nortasunek bizirik irauten duten heinean.


Horregatik guztiagatik, euskaldun guztion ondarea den aberri hizkuntza bizirik izateko eta arlo guztietan erabilgarri edukitzeko egin dugun apustua sendoki eguneratu eta areagotu behar dugu. Izan ere, hori da gure erronka nagusia Euskadiren aberri eraikuntzan konpromiso irmoa hartu duen Alderdi honen kide garen aldetik. 

 
(*Oharrak)

(1) 1999ko Arautegian jasotzen diren konpromisoak zehatz-mehatz azaltzen diren testua EBBren Idazkaritzan eska daiteke. 

(2) Udal mailako erreferentziak eranskinean azaltzen dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan baino xehetasun gutxiago izan arren. 

 

PARTEKATU