2005.eko otsailaren 1ean Euzkadiren iragan hurbileko unerik garrantzitsuenetako bat bizi izan genuen. Ibarretxe Markuartu´tar Juan Jose Lehendakariak Espainiar Estatuko Diputatuen Kongresuan Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politiko Berria aurkeztu zuen, aldez aurretik Eusko Legebiltzarrean gehiengo oso batek onartutakoa. EAEko gizartearen gehiengoak Estatutu Politiko Berri baten beharra aldarrikatu zuen modu horretan, Gernikako Estatutuari ez-nahiko eta garaiz kanpoko iritzita. Estatutu berri horrek sakoneko zenbait arazo konpontzeko baliagarri behar zuen izan, baita autogobernua areagotzeko ere. Horrez gain, aurkeztuta egitasmo horrek ezinbesteko den babesa eman behar zion Estatutuari Espainiar Estatuaren ohiko jokabide eragozle, esku-hartze eta murriztapenen aurrean. Egun hartan uko egin zioten irekitako bideari, beharrezko ziren eztabaida eta negoziaketari muzin. Orain, ordea, Catalunya-ko gizarte eta ordezkariek heldu diote bide horri berari. Bejon diezaiela Katalan Herriari eta euren Proposamenari.
Euskal egitasmo haren bidea erabat nekeza izan zen, Espainiar Estatuko Diputatuen Kongresura heltzerako. EAEko biltzar legegilean izapideak egiteko aurkeztu aurretik ere, mota askotako eraso eta salaketak jaso zituen, baita bideratze hau oztopatzea xede zuten espainiar Konstituzio Epaitegiaren aurreko helegiteak ere. Espainiar nazionalistek (PP-PSOE) Eskubide Estatuaren defentsa hartu zuten zentzugabeko argudio urrats hau ematerakoan. Ezustean, espainiar Konstituzio Epaitegiak euskal hirukoak jorratutako aldakuntza prozeduraren aldeko jarrera agertu zuen.
Gernikako Estatutuan aurreikusi eta eskatu moduan gehiengo osoz onartu eta gero, Euskadiko Estatutu Politiko Berriak berriro ere aurrean topatu zuen espainiar nazionalisten zorrozkeria, kasu honetan Espainiar Gorteetan elkar hartutako bozka moduan. Alderdi bi hauen inperial eta premiazko elkar-hartze honek, Euzkadin lehenagotik ere ezaguna duguna, euskal gizartearen gehiengo nabarmen baten guraria ukatzea izan zuen helburu, nahi hau lege eta araudietan eskatzen den moduan adierazitakoa izanik ere. Era honetan ez zen proposamenaren edukia soilik baztertzen. Elkarrizketarako aukera ere alboratu egin zuten. Bi espainiar alderdi nazionalistek (PP-PSOE) indarrak batu zituzten Euskal Herriari hitza ukatzeko, Ebrotik behera etsai amorratu badira ere. Ez zuten euren konstituzioan 151.2 artikuluan ageri dena ere errespetatu. Arau honek dioenaren arabera, Eusko Legebiltzarrak onartutako Euskal Estatutua Kongresuko Konstituzio-Batzordeak azterketa, eztabaida eta negoziaketarako onartu behar zukeen. Haatik, espainiar demokrazia honetan eztabaida eta elkarrizketa ukatzeko aski da bi espainiar alderdi nazionalisten (PP-PSOE) arteko adostasuna.
Espainiar Gorteetara igorritako testuari konstituzioaren aurkako zeritzoten; Eusko Legebiltzarrean egindako bideari, gainera, adostasun eta ordezkatze eskaseko. Argudio hau, ordea, kontraesankorra da berez: konstituzioaren aurkako atalik bazuen testuak, elkarrizketa abiarazi eta Espainiar Konstituzioari egokitzen saiatzeko negoziaketa sortzea zatekeen egokiena (edota Espainiar Konstituzioa gaur egungo gizarteari egokitzea); prozeduran adostasun "nahikoa" (mugagabe, maneiagarri eta legez kanpoko eskakizuna) ez bazen ageri, negoziaketa hasi eta adostasun hori berrindartzea zegokion. Aldez aurretiko adostasun hori, gainera, ezinezko izan zen Madrid-en berau eskatzen zutenek Euzkadin beste modu baten jokatu eta Lehendakariak elkarrizketarako egindako deiei muzin egin zietelako.
Konstituzioaren aldeko? Nahi dutenerako. Eurek goraipatzen dituzten konstituzio arauak betetzeko gai ere ez dira. Ez betetzea edo haustea, berriz, beste batzuei egozten diete…
Hilaren 2an, Rodríguez Zapatero eta bere kideek Catalunya-ko Nou Estatut aintzat hartu zuten. Izapideak egiteko onarpena eman zioten eta Konstituzio Batzordean eztabaidatuko dute gerora, beste edozein herrialde demokratikotan egingo litzatekeen lez. Halere, nork gogoratzen du Euskal Estatutuari komenentziazko bikote Rodríguez Zapatero eta Rajoy-k emandako ezezkoa?
Euzko Gaztedik deiadar egin nahi du gure herriarekiko gutxiespen eta bidegabekeria honen aurrean. Gizarte honen nahia oinarri duten erabaki demokratikoekiko begirunerik eza ezin dugu gehiago onartu.
Ez ditzatela orain euren irizpide interesatu eta kontraesankorrak agertu espainiar sasi-konstituzionalistek. Ez ditzatela "konstituzioaren aurkako" izatearen aitzakia hutsalak erabili. Ez al dira anitz Euskal Estatutu berriaren eta Estatut berriaren arteko "konstituzioaren aurkako" antzekotasunak? Biak ala biak dituzten hizpide nazio, hizkuntza-erregimena, eskubide eta betebeharrak, printzipioak, justizia boterea, Espainiar Konstituzioko 150.2 atalaren araberako eskumen bereganatzea, eta abar… Euskal kasuan, "konstituzioaren aurkako gaindiezinezko" manuak; katalan kasuan onargarriak edo gaindigarriak. Nou Estatut eztabaidagai izango bada, orain dela 9 hilabete aurkeztutako Euskadiko Estatutu Politiko Berriak ere ez zuen Espainiar Konstituzioa urratzen eta, beraz, eztabaidarako onartu behar izan zuketen. "Traigan un estatuto exacto al catalán y verán cómo no hay doble rasero" esan zion Rodríguez Zapatero jaunak Erkoreka jaunari. Alabaina, Catalunya-tiko testuak aldaketak izango ditu. Kasu baten elkarrizketa eta negoziaketa onartu dira; bestean berauek ukatu eta "adostasuna" lortzeko aukerari ere muzin egin zitzaion. Jokabide ezberdina bataren eta bestearen aurrean.
Ez gaitezen inozo izan. Irain edo laidoa ez digute ordainduko. Euskadiko Estatutuko Politiko Berria ez zuten ukatu testua konstituzioaren aurkakoa delako, aitatutako bi proposamenak modu berean har bailitezke alde horretatik. Baten eta bestean agerian geratu dena, beste behin ere, Espainiaren interesa izan da. Valencia-ko Estatutu berriko Camps Klausula ahaztu al dugu? Eta justizia botereari buruz dituen aipamenak? PSOE-k Madrid eta Catalunya-n katalan nazionalisten laguntza behar izan ez balu, Nou Estatut onartuko zuketela uste al du inork?
Hala eta guztiz ere, katalan gizarteak izango du euskal gizarteari ukatu zitzaion aukera. Espainiar alderdiek egindako Espainiar Konstituzioaren irakurketa murriztailea nahiko izan zen euskotarron gehiengoaren erabaki demokratikoari muzin egiteko. Hori bai, eusko abertzaleok espainiar nazionalistei buruz ondo ezagutu eta ikasi duguna hitzari dioten begirune eskasa da. Inuzente gara eta hamaika aukera eman izan dizkiegu PP eta PSOE-ri euskal gizartearen ongizatea lortzeko asmoz. Unean uneko Espainiar Gobernuko alderdiaren erantzuna zein? Beti Espainiar Gorteetan behar zuten laguntzaren araberakoa, pertsonen ongizatea eta Euskal Herriaren gehiengoaren nahia alde batera utzita.
Horregatik orain agindutakoa betetzeko beharra eta eskakizuna. Catalunya-ko Nou Estatut-aren kasuan ere txarto hasi dira. PSOE-k aldaketak iragarri ditu jada; PP-k ez du eztabaidarik ere nahi. Rodríguez Zapatero jaunak esana da Parlament-ak erabakitakoa bere horretan onartuko zuela. Hitzok, ordea, hutsal dira beste behin ere. Hitzotan agindutakoaren haustura iragarri egin dute jada…