Iritzia
30Urria
2005
30 |
Iritzia

UMEAK HAZI NEKEAK BIZI

Iritzia
Urria 30 | 2005 |
Iritzia

BILOBA berantiarra goizero ikastolara eramaten duen laurogeitaka urteko aitonak kontatu dit Bibliako pasadizo eguneratua. Jainkoak eskainitako 30 urteak gehiegi iruditu omen zitzaizkion astoari beti zamaka ibiltzeko. «Hamar nahikoak ditut», erantzun zion. Ez zekien asko kolpe zorririk jo gabe bizitzera iritsiko zenik. Zakurrak ere gehiegi iritzi zion 25 urteko bizitzari nagusiaren etxea zaintzen aspertzeko. Ez zekien pertsonak baino hobeto bizitzera helduko zenik, eta «aski ditut 10», erantzun zion. Tximinoari 15 urte agindu zizkion zuhaitzez zuhaitz jauzika eta pailazoarena eginez bizi zedin. «Bost ere nahikoak badira horrela bizitzeko», ihardetsi zion tximinoak, egingo zuen pailazokeriarik handiena gizon bihurtzea izango zela ohartzeke.
Azkenik, gizona egin zuen Jainkoak. «Zu izango zara animali guztien artean argiena. Zuk menderatuko duzu mundua. Hogeita hamar urte biziko zara». Gutxiegi iritzirik, astoak nahi ez zituen hogeiak, zakurrak utzi zituen hamabostak eta tximinoak muzin egin zien beste hamarrak eskatu zizkion Egileari.

Baita eman ere. Horrela, 30 urte bizi da gizon bezala. Ezkondutakoan, 20 urte egiten ditu astoak bezala lanean, familia aurrera ateratzeko. Jubilatutakoan, 15 urte egiten ditu zakurrak bezala etxea zaintzen. Azkeneko 10 urteak tximinoak bezala igarotzen ditu, seme-alaben etxetik etxera ja uzika eta bilobak ez aspertzeko pailazokeriak egiten.

Kontatu ahala algara egiten zuen aitonak. Urte asko egin ditu han eta hemen lanean. Gustora eraman izan ditu bere bilobak ikastolara. Berantiar hau ere pozik darama goizero. Zerbaitetarako balio duela oraindik iruditzen zaio. Beren buruei eta familiei ihesi, autobusean, denbora pasa, hara eta hona dabiltzanen bizitza baino beteagoa eta aberasgarriagoa iruditzen zaio, gainera. Badaki orain ere batzuentzat egia izan daitekeela «umeak hazi nekeak bizi». Baina berak nahiago ditu askoren bakardadea eta aspergura baino entretenigarri zaizkion zeregintxo batzuk.

PARTEKATU