26 urte joan dira jada Hegoaldek, Franco-ren jazarpen diktaduraren ostean, sumatu zuen itxaropen unetik. Abagune zail eta bortitz hartan Herri honen zati batek oinarrizko tresna bat bere egiteko aukera izan zuen, gerora hutsal bilakatzeko arriskutan geratuko zena. Tresna horrek oinarrizko beharrei eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko aukera ematen omen zion: Aberri eraikuntza, autogobernua berreskuratzea, kultur nortasuna berreskuratu eta gure geure hizkuntzaren normalizazioa bideratzea, ekonomia eta gizarte arloko modernizazioa,… “Adostasun handitzat” jo izan den hori bozka emateko aukera zutenen %53aren babesaz gauzatu zen galdeketa edo erreferendum bidez, modu horretan “Gernikako Estatutua” sortuz.
Testu artikulatua Espainiar Estatuko ordenamendu juridikora sartu zuten Oinarrizko Lege mailan, Espainiar Konstituzioa bera baino ez zuelarik bere gainetik, “konstituzio blokea” deritzon horren baitan txertatuz (deigarri benetan: Espainiar Konstituzioa guretzat ez dugunok baino zorroztasun gutxiagoz betetzen dute gure Aberri itxaropen eta gogoak mugatzeko berau erabiltzen dutenak!). Alabaina, hogeita sei urte igaro diren honetan, eskualdatu gabe daude oraindik garrantzia biziko zenbait eskumen, hala enplegu politika aktiboak nola etengabeko prestakuntza, ikerketa zein udal hauteskundeak, eta abar. Estatutuan ezarritakoak betetzea Espainiar Estatuko politika egoeraren menpe izan da urteotan, hots, PP eta PSOE-ren gogoaren baitan. Unean uneko interesek arrazoi teknikoek baino indar handiagoa izan dute eskualdaketarako irizpideak zehazterakoan, eusko gizabanakoak izanik kaltetuenak. Izan ere, arrazoi teknikoak berehala konpondu izan dituzte beharrezko jo izan duten une orotan.
Horrez gain, 1979. urtean 18 urte baino gehiago zituztenak eta, beraz, Estatutuari buruzko iritzia bozka modura eman ahal izan zutenak, gaur gizartearen %43 baino gutxiago dira. Era berean, gaur egun bozka emateko eskubidea dugunon erdia baino gutxiago dira. Belaunaldi berri batek aukera berri bat behar du orain. Bake eta politika normalizazio testuingurua indartzen ari den honetan aukera horren abagunea areagotu egiten da egunez egun.
Estatutuan ezarritakoa betetzen ez duten egoeraren aurrean, berton zehazten diren eskubideak zapaltzen direla aintzat hartuta, Estatutuaren artikulu garapenari egindako iruzurra begiz jota, aukera berriak bizi ditugun une honetan…, Euzko Gaztedik behin eta berriro berrestu nahi du eusko gizartearentzako oinarrizko lege egituraketa berri baten beharra. Euskadiko Erkidego Autonomoari dagokionean, gizartearen eta norbanakoen irizpideak (zilegi guztiak) Madrid-eko Ferraz edota Génova kaleetako bulegoetan erabakitakoaren menpe egon ez daitezen ziurtasuna emango duen Estatutu Politiko Berria. Gizarte kohesiorako bidea erraztuko digun Estatutua. Espainiar Estatuaren eraso bortitzen aurrean babesa izango duen Estatutu berri bat. Eraso hauetako zenbait gogora ekarri nahi ditugu:
§ Oinarrizko legea
§ LOAPA
§ Espainiar Konstituzio Epaitegiaren erabakiak, berau eskumen banaketaren epaile bakar izanik. Ezin ahaztu Epaitegi honen osaketa Espainiar Estatuko boterearen esku dagoela, beti ere PP eta PSOE aldian aldiko
§ Eusko lege eta arauen etengabeko epaitegiratze edo judizializazioa
Euskal Herriak garai baten izan zuen burujabetza mailara gerturatuko gaituen Estatutu berri bat. Herri honek duen “erabakitzeko eskubidearen” adierazpen egoki bat bilduko duen Estatutua eta, aldi berean, Estatuko Zuzenbideak une batzutan duen Autonomiako Zuzenbidearen gaineko eskumen-hedatze fenomeno erasotzailearen aurreko berme izango dena.
Egunotan hainbat espainiar nazionalista ikusi ahal izango dugu Estatutuaren betetze-faltaren urteurrena ospatuz, Gizarte Segurantzaren kutxari buruz Estatutuak dituen xedapenak hutsal geratuko direla harrotasunez adieraziz (berriki Rodríguez Zapatero berak egin duen moduan). Kartzelen administrazioa eskuz ez aldatzearen aldeko adierazpenak eguneroko kontu dira. Aspaldion goi mailako “popular” eta sozialista batzuk Kontzertu Ekonomikoaren aurka egindako adierazpenek izan dute jada ondoriorik (Euskadiko Epaitegi Gorena deritzonak Gipuzkoako Sozietateen gaineko Zerga bertan behera utzi du aldi baterako). Gogoan ditugu oraindik Jauregi jaunak esandakoak: “por supuesto que no vamos a cumplir el Estatuto, porque después ¿qué van a pedir los nacionalistas?”, modu horretan PP eta PSOE alderdietan onartuta dituzten irizpideak azalduz.
Hau al da PP eta PSOE alderdiek Gernikako Estatutua betetzeko emango diguten bermea? Muturra sartzea, betetze-falta eta gure autogobernua txikitzeko aukera? Gauzak horrela, eusko politikan konfiantzarako erreferente izan nahi al dute?
Euzko Gaztedik ez du onartuko Euskal Herriak azken bi hamarkadetan jasan duen iseka eta iruzurrak bere horretan jarraitzea. Ez du onartzen Espainiar Estatuak behin eta berriro arauak apurtzea. EGIk biziki adierazi nahi du “Ley abolitoria de los Fueros de las Provincias Vascongadas y Navarra” deritzonaren ondorioz galdutako burujabetza berreskuratzearen aldeko apustua. Aitatutako une horretan ezarri zen historian gure eskubideak zapalduz sortutako batasun konstituzional faltsua. Gure eskubideok hainbeste goraipatzen duten Espainiar Konstituzio horren aurretikoak dira eta ezin dira galdutzat sekula jo. Aitatutako legedian ez dira erregalia modura emandakoak, eskubide historiko modura onartuak eta babestuak baizik.
Euzko Gaztedik berrindartu eta publikoki berretsi nahi du hemen bildutako jarrera, aldi berean Euskal Herriarentzako erabateko burujabetza berreskuratzeko helburu nagusia bere horretan mantenduz eta horretarako bide baketsu eta demokratikoak bultzatuz, beti ere askatasunez adierazitako gehiengoen babesak oinarri hartuta.
Gora Euzkadi askatuta!
Euzkadi, 2005eko urriak 23
Euzko Gaztedi – EGIko “Proposamena” lan-taldea: Jon Koldo Arteaga Iribarren, Josu Andoni Begoña Fernández, Aitor Luengo Martínez, Silvia Ortiz Alonso, María Presa Fernández, Xabier Unanue Ortega, Eneko Zarraoa Garmendia