XALBADOR Eguna ospatuko da datorren igandean, urriaren 30ean, Urepelen, mendi ibilaldi, argazki erakusketa, meza nagusi, bazkari, bertso jaialdi eta guzti. «Deiadar» antolatzaile taldeko Itxaro Bethartek esan duenez, «Xalbador gure sustrai handienetako bat da eta bere mezuak badu gaurkotasunik». Eta sustrai eta nortasun horiek gal ez daitezen jarraitzen dute Xalbador Eguna antolatzen.
Aurtengo honetan, ordea, hil berria dugun Joxemari Aranalde ere ohoratu nahi dute. Izan ere, Xalbador Aire ahaztu xamarra izango zen askorentzat eta beste askorentzat ezezaguna Joxemari Aranalde izan ez balitz. Azken bi urteok arte berak antolatu du urtero Xalbadorren oroitzapeneko egun hori. Berak lortu izan du dirua Jaurlaritzatik horretarako. Aurtengorako ere bazituen bere burubideak. Behin eta berriz aritu zitzaidan Onkologikoko ohetik kontu horietan. Artzain txabola konpontzeko ere bera arduratu zen. Eta Joxemari Aranalde izan da Xalbador bertsolaria eta pertsona ikertu eta erakutsi diguna bi libururen bidez.
Aspaldi zen. Gehienetan bezala ondoan geunden biok. Aizarnako Basarri zale batzuk neuzkan eskuinean. Joxemarirentzat Xalbador izan zen saio hartan onena. Hori ia biraoa zen nere bi aizarnarrentzat. «Ez duzue tutik konprenitzen», utzi zituen ahoa bete hortzekin. Oraindik ere gogoan dute.
Berebiziko zirrara eta miresmena sortu zizkion Xalbadorrek Aranalderi eta Urepeleko bideari ekin zion. Motoan hasi ginen joaten. Eta pasaporterik eza ere ez zen eragozpen. Beste baten pasaportearekin igaro ohi zuen muga. Bizpahiru egun ere egiten genituen joanaldi batzuetan. Zenbat kontu eta bertso sukalde txokoan! Egunez, berriz, harekin batera lanera, belarretara, egurretara eta zernahitara. Eta Xalbador hildakoan ere halaxe jarraitu du Joxemarik. Aita zenaren lekua hortxe-hortxe du harturik seme-alaben artean. Bidezkoa zen, bada, Joxemari Aranalderi omen egitea Xalbador Egunean.