Iritzia
16Urria
2005
16 |
Iritzia

Neurriko txapela

Iritzia
Urria 16 | 2005 |
Iritzia

EUSKAL HERRIAK sei edo zazpi herrialde dituela jabetzeko hogeita hamar urte behar izan ditu delako ezker abertzale horrek. «Aturritik Ebroraino herri bat gara» aldarrikatzen bakarrik jakin du. Esloganetan ibili da. Ahoa izan du neurri. Eta Iparraldea, Nafarroa eta Eusko Autonomi Erkidegoa ez daudela egoera berdinean ohartzeko 30 urte behar izan ditu. Eta sekulako aurkikuntza egin duelakoan plazaratu zaigu. Beste inork orain arte aurkitu ez duen zerbait bailitzan aurkeztu digu, gainera.
Kataluñako Estatut berria ere berebizikoa iruditu zaio. Oraindik ez dut ulertu zergatik idazten den «Katalunia». Katalanek delako «ñ» adierazteko «ny» idazten baitute. Katalanera errespetatuz «Catalunya» idatzi beharko genuke. Euskaraz idatzi nahi badugu, berriz, «Kataluña», tokiko izenen arabera. Edo «Kataluina». Sekulan ez «Katalunia».

Dena den, Estatut berria genuen hizpide, ezker abertzalearen txaloak jaso dituenez. Hostaje eta adarje ederrekoa izan daiteke. Baina gurearen enborra nahiko lukete: kontzertu ekonomikoa. Norbere poltsarik gabe ez baita burujabetzarik. Eta eskubete lan izango dute poltsa lortzen. Gureari «Baskongadoa» delako muzin egin zioten. Non ditu Kataluñako Estatut berriak País Valenciá, Illes Balears eta Perpinyá. Non geratzen da Països Catalans delakoaren batasuna? Hala ere, hango estatut oso ona da eta hemengoa hutsaren hurrengoa. Hemen hain punttalakurlo eta ahobero den ezker abertzalea ezagueraz betea agertzen zaigu han. Aturritik Ebroraino oihu egindakoan hain lasai geratzen zara! Baina mutur batetik bestera oinez abiatzen zarenean dira kontuak. Barandiaranek antropologia, etnografia eta abarrerako zioena erabili behar baita politikan ere, hankak, ez teoria politak eta aurreiritziak. Monzonek esan ohi zuen bezala, ez da txapelarentzat buru bila ibili behar, buruarentzat txapel bila baizik. Buruak, berriz, diren bezalakoak direnez, txapela egin behar zaie neurrira.

PARTEKATU