Berria
Gizakia aurrerantz doan, borroka egiten duen, konkistatu egiten duen, lan egiten duen, eratu, barre, amets, sufritu eta negar egiten duen izaki aktiboa da. Azken buruan, borrokatu, gudukatu, bizi eta hil egiten da. Kontraesanez, bertuteez eta akatsez beteta bizi da. Gauzen eta ideien jaun eta jabe bilakatzen du bere burua, arkitekto, mediku, irakasle, agintari, legegile... Boteretsua eta bikaina bezain bortitza eta aztoratzailea den ahalmena du: ezagutzeko ahalmena. Are gehiago, dagoena bere baitan har dezake, ondoren «jakintza» bezala ezagutzen dugun jabetza-modu horretara eramateko. Eta, oraindik haratago, sentimenduaren eta bizitzaren bidez intelektualki dakiena sar dezake, ulermen gisa ezagutzen dugun horretarantz aurrera eginez; bertan, gauzaren esentzia argitzen da, bere zentzua irekitzen da, eta espirituak den horren gaitasun adierazgarria atzematen du. Horrela, jarrera bat eta tiraniaren, balioaren eta balio ezaren, garrantziaren eta hutsaltasunaren artean bereiz dezake.
Gizakiak hitz egiten du, beste gizakiekin komunikatzen da, hitzaren ahalmen handia du, funtsezkoaren ahalmena, multzoko pertzepzioaren gaitasuna, zentzuaren esperientziarena, eta esperientziaren zentzuarena. Sutsua da bere horretan. Gizakiak begiradarekin guztia hartzeko gaitasuna du, aginduak ematearena, bere buruari begiratzearena, bere barruan sartzearena, bere barne-mundua mendean hartzearena, kanpoan atzeman duena hartuz eta bere jabe eginez. Oroimena du, gogoratu egiten da, birsortu egiten du, igorri egiten du. Eta bere isiltasunaren jabe da, bere barne-gelditasunaren jabe, bere bizitasun askatuaren jabe, konpromiso baten sakontasunaren jabe, irudi baten ezabaezintasunaren jabe, ulertezina bada ere onartu egiten duen bere nahasmendu propioaren jabe. Atseden hartzeko gaitasuna du, eta iragandako freskotasunaren jabe da, batzuetan itxurazkoa besterik ez den segurtasunaren jabe, mugako ekintza bezain bizia den sormenaren jabe.
Behar bati berehala erantzunez lortzerik ez eta atzerapen bat eskatzen duen zoriontasun horren jabe; izan ere, ikusten denaz gozatzeko ezinbestekoa ikusten eta bizitzen ari denaz jabetzea, besterik ez bada ametsetan, pixkanaka okerrera egiten duten irudi lausoetan, ez gorputzik eta jarraibiderik gabe. Baina tamalez, maiz, gizakia hobekien definitzen duen alderdia bere burua talde batekin edo sinesmenen sistema batekin identifikatzeko duen gaitasuna da, arrazoiak, bere interes pertsonalek edota bere bizirik irauteko senak berak agintzen diotena kontuan ez izatera iritsi arte. Eta denboraren iraganaren pertzepzioa aldatzen denean, eta denbora jadanik amaierarik ez duen zerbait bezala sentitzen ez denean, eta eskasa den zerbait bezala sentitzen denean, eta horregatik goresten da gauzen erritmo zehatzera eta bere taupada naturalera lotzea... zutaz oroitzen naiz. Eta ez zaitut ahanzten. Ez zaitut ahantzi nahi, eta agian ez zaitut ahantzi behar. Eta, inola ere ez, ezin zaitut ahantzi. Zutaz oroitzen naiz eta ez zaitut ahanzten, duela hogeita hamar urte, irailaren 27 batean, egunsentian, bala hiltzaileek erail zuten adiskide eta lagun.
Tiroz tiro krimenaren katuak sakatu zituzten behatz anonimoek fusilatua, diktadura frankistaren estertoreetan Eusko Gudariak abesten zenuen bitartean. Faxismoa amaierara heltzen ari zen. Zutaz oroitzen naiz eta ez zaitut ahanzten, Txiki, adiskide eta lagun; izan ere, gauzak asko aldatu badira ere, badaude oraindik merkataritza-trukerik ez duten gauzak. Eta finitutasunak daukaguna intentsitate handiagoz bizitzeko bokazio hori inspiratzen eta probokatzen duenean, ideia bat izatetik ideiak erlazionatzeko gaitasuna bilatzeko behar bizia izatera pasatzen garenean, orduan, une horretan, haizearekin eta egunsentian, desio dut eta espero, Txiki, hirugarren milurteko desloratu berri honen udazken hasi berrian, euskal lurra xamurra gertatzen jarraituko zaizula, agian jadanik bertan ez bazaude ere. Izan ere, gizaki guztiak desberdinak izatea baina, aldi berean, pertsona eta herritar gisa ditugun eskubideen eta betebeharren aurrean berdinak izatea arbuiatzeak, bidegurutze moral eta intelektual batetara eraman gaitzake eta hala erakusten du gizateriaren historiak, hasiera-hasieratik, kontraesan itzel eta anker batera.
Kontraesan hori, alde batetik, gure hurkoari bizitza kentzeko, izakia lapurtzeko eta kontzientzia bakarra indarrez atzemateko dugun gaitasun fisiko nahiko errazaren, eta bestetik, indarkeria fisiko goreneko egintza batean hurkoari bizitza eta izakia unilateralki ukatzeak esan nahi duenaren enigma deszifratzea lortzeko gizakiek duten ezintasun absolutuaren artean ematen da. Indarkeria fisikoko egintza horrek ez du atzera bueltarik, ezin da errepikatu, ezin da zuzendu, ezin da aldatu, ezta denboran eraldatu ere. Sailkatu ezin diren min eta gorroto konplexu eta gogorrak ekartzen dituen indarkeriazko egintza bat, pertsona guztiak, gu guztiok, modu batera edo bestera, eta ihesbiderik eta saihesbiderik gabe, inplikatzen, zikintzen eta seinalatzen gaituen mugekin. Hogeita hamar urte geroago, desio dizut guztion xede izango den euskal lurra, zu agian jadanik bertan ez bazaude ere, xamurra gertatzen jarraitzea, Txiki, adiskide eta lagun, Euskadirekiko oroitzapen eta konpromiso iraunkor.
Aitortu beharra dago alde guztietako biktimez, batzuek eta besteek egindako kalteez, elkarren arteko irainez, isuritako odolez, kolore desberdinetako hilketez, malko saminez eta ahalmenik gabeko amorru biziez betetako Pandora kutxa itzel eta infinituak gure historia markatzen duela, bai urruneko historia eta bai gertuagokoa. Baina etorkizunak behar gaitu, gure seme-alaba, biloba, birbiloba eta abarrek beste zerbait, desberdina, historikoki positiboa, eskatzen digute. Bakoitzak berea eta bereena ahantzi gabe, bere pertzepzioak, bere oinaze eta torturak, espetxeak eta hildakoak, nekez disimulatutako malkoak eta norberak etikoki eta historikoki zuzen deritzon oro, samintasunak eta frustrazioak. Euskadiren eta bere etorkizunaren alde, itxaropenaren eta bakearen alde, amnesiarik gabe, eskuzabaltasunez. Biharko, bakea eta elkarren arteko errespetua. Ideiak eta bizitza. Inoiz ez indarkeria gehiago. Euskal auzian trukean ezer espero gabe, demokratikoki, gorputz eta arima aritzearen balioak eragiten duen liluramenduaren uzta gure ondoren etorriko diren belaunaldiek bil dezatela. Oxala, zinez.
Herri txiki eta askatuen egun handira arte. Besarkada bat. Ez adiorik, Txiki.