Iritzia
25Iraila
2005
25 |
Iritzia

"Diskrezioa"

Iritzia
Iraila 25 | 2005 |
Iritzia

‘‘DISKREZIOA’’ hitza puri-purian jarri zuten gure pailazo zaharrek. Aldrebeskeria, xelebrekeria eta txorakeria bakoitzaren ondoren eskatzen zioten elkarri. Barre eginarazteko erabiltzen zuten, jakina.
Orain, zein baino zein berritsuago ari diren politikoek jarri digute puri-purian. Elkarrizketak herriko plazan, mundu guztiaren aurrean, egin behar zirela aldarrikatzen zutenek ere ‘‘diskrezioa’’ eskatzen digute, orain. Lehen, gerrarako turuta jo zitzaien kazetariei ere bakerako deia egin zaie, orain. Lehen, gerragintzan gizendu zen bat baino gehiago gizenduko da orain bakegintzan.

Betiko gauza gutxi da gaur egun, etxearen hipotekaz gainera. Beldur zaie bizitza guztirako erabakiei. Hala ere, badira hartu beharrekoak. Eta, beldurrak beldur, ETA ere beharturik da berak bakarrik har dezakeen eta hartu behar duen betiko erabakia hartzera, beste inoren eta ezeren zain egon gabe. Nik ez dut uste Euskal Herriko gehienak zentral termikoen kontra daudenik. Eroak ere badaki, ordea, gehien-gehienak ETAren kontra daudela.

Eta borroka armatua bertan behera uzten ez duen bitartean, zergatik katramilatu ‘‘buru" ala "burukide" hautsi-mautsietan, bata ala bestea aukeran, eskueran eta moko-mokoan bagenitu bezala? Hori bai, alderdi batek garbi izan behar du eta garbi adierazi beti bere azken helburua. Bidea luzea eta aldapatsua dela jakinik ere, beharrezkoak ditugu helmugara iritsiko garen ustea eta itxaropena. Baina helmugari buruzko katramilan ez gaitezen hara iristeko egin behar ditugun urratsak egin gabe gera. Eztabaida eta argi ditzagun gure gorabeherak. Ez gaitezela irudikortu eta zapuztu.

Bortizkeriak zikindu omen dituelako ukatzen zaizkigu erabakimena eta geuron buruen jabe izateko eskubidea. Hildakoak berriro hiltzea omen litzateke hori onartzea. Zenbat ergelkeria eta trikimailu! Demokrazian zilegi al da, bada, erabaki politikoak herriak aukeratu ez dituenen esku uztea?

PARTEKATU