ERREFERENDUMA da ahotan darabilgun hitza. Batzuek kezkaz eta beldurrez aipatzen dute; besteek, itxaropenez. Euskaldunok horretarako izan dezakegun eskubidea ukatzeko aipatzen du zenbaitek. Gutxiesteko aipatzen duenik ere bada, diktaduren trikimailua besterik ez dela baitetsiz. Akordioak berresteko bakarrik dela dioenik ere bada.
Diktadurak ez dira erreferendum zaleak, baina demokrata itxura egin behar denean ez diote beldur handirik ere, alderdi politiko guztiak debekaturik eta mututurik baititu eta hedabide guztiak bere zerbitzu leialean. Demokraziak beldur gehixeago dio, noski, ez baititzake kontrarioak isilarazi. Egia da, gainera, demagogoen pagotxa ere bihur daitekeela.
Dena den, erreferenduma ez da diktaduraren tresna, demokraziarena baizik. Ez da nahitaez akordioak berresteko bakarrik ere. Zeinen akordioz egin zen frankismoaren eskuko eta ondorengo aldaketa onartzeko erreferenduma? Euskadiko indar politiko askok ez zuen parterik hartu. Euskal indarren zer adostasuneko konstituzioari buruzko erreferenduma egin zen Euskal Herrian? Ez parte hartzea edo ezezkoa ematea erabaki zuten alderdi abertzaleek. Europako konstituzioak ezezko borobila jaso du estatu batzuetan.
Herritarrek proposamen bat, lege bat, onar edo arbuia dezaten egin daiteke erreferenduma. Buruzagien artean adostasunik ez dagoenean, erabakia herritarren esku uzteko ere egin daiteke erreferenduma. Baita politikoen katramilak egin duen zulotik ateratzeko ere. Felipe Gonzalezek bere katramilatik ateratzeko egin zuen OTANekoa. Batzuetan, erabakia hartzeko egin daiteke; besteetan, herritarren iritzia jakiteko bakarrik.
Lege, egitasmo eta erabaki batzuk teknikoegiak dira, agian, herritar soilen erabakimenerako. Hala ere, erreferenduma tresna egokia ezezik ezinbestekoa ere bada herritarren iritzia jakiteko.