Elbira Zipitriaren kuttunetakoa izan zen Arantxa Mendizabal. Eta andereñoen andereñoari buruz egin diren lanetan iturri aberatsa izan da Arantxa, hark egiten zuena paperean idatzita jasotzeaz gainera, matekatika irakasteko zuen metodoaren mireslea baitzen. Baina Zipitriak bere taldean nahi zuena Lasartera aldendu zitzaion ikastola sortzera, 1966an. Orduko gurasoek eta andereñoek izan zituzten adorea eta ausardia ulertzea ere zail gertatzen zaie gaurko gazteei. Eragozpenak, arriskuak eta era guztietako gabeziak handiak ziren. Horrek berak ere denak familia bat izatera eta elkarri laguntzera behartzen zituen, guraso, andereño eta haurrak. Eta horretan aparta suertatu zitzaien lasartearrei Arantxa Mendizabal. Bere lehen ikasle izandakoek negar-malkotan gogoratu dute. Izan ere, haurrekin moldatzeko aparteko eskua zuen. Hori ongi dakite Lasarteko Landaberrin eta Usurbilgo Udarregin irakasle izan dutenek. Osasunean gorabeherak bazituen ere, antzaldatu egiten zen Arantxa bere gelan.
Ordu eta egun asko elkarrekin egin ditugunok badakigu zeinen argia, apala, goxoa eta eskuzabala zen Arantxa. Morentingo etxe hartan, Lizarrako kaleetan eta Iratxeko igeritegian egun zoragarriak gozatu genituen geuron haurrekin, behin eta berriz. Eta badakigu zeinen kezkatia zen Euskal Herriko beste arazoez ere. Azken urteotan, bakearen eta elkarbizitzaren alde ziharduen Elkarri-rekin lankidetzan.
Gure esker ona azaldu nahi izan genion hiletan. Gaur ere halaxe agertu nahi diogu txoko honetan.