Telebistako berriketariek ez dirudi zekitenik ekialdeko katolikoetan ezkonduak ere egin ohi direla apaiz, zelibatoa mendebaldeko eliza katolikoko legea bakarrik denez. Mendebaldeko elizak erromatarren legeria eta pentsamendua ditu oinarri. Hizkuntza ere Erromako inperioaren latina hartu zuen ofizialtzat. Ekialdekoak, berriz, tokian tokiko hizkuntzak onartu zituen liturgian ere: arabiera, koptoa, etiopiarra, gerkera, georgiera, armeniera, georgiera, eslaviera eta abar. Mezetan ere eguneroko ogia, legamiduna, erabiltzen dute. Eta ezkonduak ere izan daitezke apaiz. Hori ez da Aita Santuaren aginpidea onartzen ez duten ortodoxoen artean bakarrik gertatzen, baita Aita Santua onartzen dutenen artean ere. Ekialdean onartzen duena, zergatik ez du mendebaldean onartzen, zelibatoa norbere aukeran utziz? Eta zergatik ez du emakumeak ere apaiz izatea onartu behar?
Kristauen arteko elkartasuna lortu nahi baldin bada aniztasuna onartu beharko da. Vatikanoak eta Aita Santuak berenganatu duten gehiegizko aginteari uko egin beharko zaio. Beste erlijioetan dagoen egia aintzakotzat hartu beharko da. Kristau talde desberdinetako sakramentuak ere aintzakotzat hartu beharko lirateke, noski. Lehen bataiatua edo apaiztua izan dena kristau elkartez aldatzen denean zergatik berriro bataiatzen edo apaizten da?