Iritzia
09Abuztua
2005
09 |
Iritzia

Aita Patxi Ondarra gogoan

Iritzia
Abuztua 09 | 2005 |
Iritzia

Aita Patxi Ondarra oroitzean, orain dela urte batzuk estreinako aldiz Iruñeko komentuan izan nintzen egun eta garai hura datozkit gogora. Bere bulegoko liburu eta paper artean, gizon fededuna, euskalduna, langilea, sotila, bere argitasunean apala eta bere txikitasunean handia ikusi nuen. Uztaila zen, hilabete gogoangarria, Patxi. Euskaltzaindiak 1980ko San Ignazio egunean izendatu zintuen euskaltzain oso eta nire ikerketa lanaz zure laguntza eske lehenengo aldiz joan nintzen hilabete berean utzi gaituzu. Garagarrila, garila, uzta edo uztaileko larunbat hartan, eskuzabal eta irribarretsu agurtu ninduzun, ohi bezala, eta ez dut ahanzteko nigan ipini zenuen konfiantza.

Orduan ere sargori zen eta zenbait datu egiaztatzeko eraman nituen eskuizkribuen jiran lanean hasi ginenean, gerok areagotu genuen gela hartako berotasuna baina esaera zaharrak dioen bezala, "gustuko aldapan nekerik ez". Luze eta patxadaz aritu ginen eta gogoan dut eskuizkribuak hartu eta xehetasun guztiak bildu nahian, zure mahai gaineko argiaren azpian orri guztiak banan- banan miatzen aritu ginela, azken arrastoa ikusi arte. Elkarlanean jarraitu genuen eta eskerrak eman zenizkidan orduan baina ni nago zurekin zorretan, eman zenidan laguntzari esker XVIII. mendeko eskuizkribu haietako egilea ez zela kaputxinoa ziurtatzea lortu bainuen. Gure senari eutsiz eta hautsak harrotuz, biok batera ere beste eskuizkribu batzuk aurkitu genituen.

 
Ikerlan horren hasierako emaitza ikusteko aukera izan zenuen baina tamalez, eta zure hitzak gogoratuz, ez gailurrekoa, Patxi, isil-isilik inola ere espero ez genuenean joan baitzara. Elkarrekin egon ginen azken aldian ere nire tesia amaitua ikusi nahi zenuela gogorarazi zenidan, beste hainbatetan idatziz ere adierazi bezala. Ez naiz oraindik helmugara iritsi baina orduan ere testu zaharren aitzinean merezi duzun lekua izango duzu, neure maisu eta laguntzaile izan zaren aldetik eta arlo honetan, beste hainbatetan bezala, egin duzun lan oparo eta aberatsagatik.


Orain eskuartean ditut gorderik neuzkan zure eskutitzak, "Beste bat arte" eta "Zure zerbitzari" esanez amaitzen zenituen haiek, zure izpiritu eta langile nekaezinaren lekuko, eta oroitzapen hauek guztiak barnetik bizi ditut zure heriotzaren berri jakin dudanetik.


Ez nuen asko espero, ez, aurten ere Ezkaba mendiko eta beste zure ibilaldien berri emango ez zenidanik, Iruñea Zaharrean bazkalondoko gure solasaldi goxo haietan biziarazi egiten baitzenidan zure zaletasun hau. Parekoak ere bagenituen eta gogoan dut zenbatetan hitz egiten genuen gai honetaz. Gustuko genuen, izan ere, nafar, erdialdeko, mendebaldeko… hizkerez eta euskararen egoeraz jardutea, Nafarroaren nortasuna eutsi nahian lan franko egin baitzenuen eta Euskaltzaindiko Euskalkiak-Dialektologia batzordeko buru ere izan zinen aldetik, gogoz aritzen ginen Euskararen Herri Hizkeren Atlasaz mintzatzen, orduan ere Nafarroako zenbait herritako lekukoak aurkitzeko zure laguntza izan genuela ahantzi gabe. Orobat, maite genuen mende batzuk lehenago idatziko eskuizkribuez edo euskal testu zaharrez ere hitz egitea, hauen edizio eta azterketaz. Lanean ere aritu ginen elkarrekin honetan eta banuen neure zorra aitortzeko gogoa.

 
Iruñerriko Ezkaba mendiko ibilaldian, Antsoain Zaharretik gora abiatzen zinen eta han dagoen iturri bakarretik ura hartzen zenuen bideko malda idor eta neketsuei aurre egiteko. Neuk ere ikerlanetako malkar uneetan irauteko, zure oroimeneko iturri zahar horretatik edaten jarraituko dut.

PARTEKATU