Baserri jabea baino hobeto bizi den maizterrik ezagutu dugu: sail handiagoak, erosoagoak eta emankorragoak dituena. Baina ez dezake nagusiaren baimenik gabe zuhaiztia belardi edo soro bihurtu, ezta belazea edo alorra pagadi ere. Etxean ez dezake baimenik gabe ezeren aldaketarik, konponketarik eta hobekuntzarik egin. Errenta ordaintzeaz gainera, beti baimen eske eta zurikerian jardun behar du, nagusirik onenarekin ere. Itxurazko prezioan salduko balio pozik erosiko lioke, baserri kaxkarragokoen jabeek bezalaxe nahi duen sailean nahi duena ereiteko edo aldatzeko eta etxean nahi dituen obrak egiteko. Dena den, lasaiago egongo litzateke egunen batean bere modu batean erosteko aukera izango duela ziurtatua baleuka.
Ipar Irlandan baino ahalbide gehiago ditugu, oraingoz bederen. Baina ez dugu hark duen erabakitzeko ahalmenik: nahi badu bere buruaren jaun eta jabe izateko, Irlandarekin batzeko edo Ingalaterrarekin jarraitzeko. Hain zuzen, Ipar Irlandari aitortzen zaion erabakimen hori ukatzen zaio Euskal Herriari. Ondo bizi gara, munduko estatu asko baino hobeto, jakina. Baina nahi duguna erabakitzeko aukera ukatzen zaigu. Hor koxka. Jaun eta jabe izan ala maizter. Nagusi izan ala morroi.
Maizterrak eta morroiak jabeak edo nagusiak agindutakoa egin behar dute. Ez dute beren kabuz erabaki beharrik. Jabeak eta nagusiak, berriz, erabaki egin behar dute, non, zer, noiz, nola. Erabakia hartzerakoan zalantzak izan ohi dira. Asmatuko ote dut? Arriskua jokatzen du. Hala ere, nork izan nahi du erantzukizunik eta askatasunik gabeko maizter edo morroi? Jabe eta nagusi izan nahi dugu denok.