Bizkaiko hazkuntza ikaragarria izan zen XIX mendearen azkenaldi hartan. Araba eta Gipuzkoako biztanlegoa %15 gehitu zen bitartean, Bizkaikoa %94 hazi zen. Berrogei urtean (1860-1900), Barakaldoko biztanleria %460 gehitu zen, Abantokoa %650, Trapagarangoa %850 eta Sestaokoa %2.700. Ez zuen, ostera, denak gora egin Bizkaian, kanpotar-jario hartan euskarak behera egin baitzuen ezinbestean, %90etik %11ra hiru belaunaldiren buruan.
Adierazpidetzat baino ez, orduko lekuko dira, oraindik ere, Bilboko Burtsa, Arriaga Antzokia, Bilbo eta Bizkaia Bankuak, Bilboko Udaletxea, Portugaleteko Bizkaia Zubia, Santanderrerako Tren Geltokia, Foru Diputazioren Jauretxea, Labe Garaiak, Euskalduna (ontziolak) eta Ibaigane (Athletic) jauregiak etab.
Sekulako hazkuntza harek inoiz Euskal Herrian izan diren dirutzarik handienak suspertu zituen (espainiar estatuko enpresa-kapital guztien erdia Bilbo inguruan bildu omen zen) eta baita inoiz baino txartoago banatuak eta partekatuak ere. Segurutik sekula ez da izan Euskal Herrian aberats eta langile xumeen artean orduan besteko alderik.
Aldi berean, taiuz eta zentzuzko aldaketa nabarmen haiek gertatu ziren lege zaharrak eta lekuan lekuko herri-erakundeak galzorian eta noraezean suertatzen ari ziren bitartean. Giro deserrotu hartan sortu zuen Aranak Euzko Alderdi Jeltzalea, arrazoiz zein ez, berak gogoan zuen herri-eredua maldan behera ikusten zuelarik.