Iritzia
17Uztaila
2005
17 |
Iritzia

HOBERENAREN IZENEAN BETI

Iritzia
Uztaila 17 | 2005 |
Iritzia

EZIN GARA orduerdi bat argirik gabe bizi. Ez gaitzala errepidean kilometroko ilarak harrapa. Ez daitezela zaborrontziak hustu gabe egun batean ere gera. Baserritar gizajoak ere beldurrez daude behien pixak zabaltzeko kaletarron sudur mintzak zimurtzen direlako. Baina argindarraren etenaldi bat edo errepideko geldialdi luze samar bat gertatu orduko istilurik handienak ateratzen dituzten berberak dira askotan, konponbide hobeen aitzakian, kontra jartzen ere lehenak.
Nuklear indarraren aldeko joera Espainiako Estatura iritsi zenean, Euskadi kanpoan uztea erabaki zuten, nonbait. Eta gazte abertzale argiaren ondorioa: «Ez dute euskaldunok argindarraren jabe izaterik nahi, horrela Espainiari zilborretik lotuta iraun beharko baitu Euskadik beti». Oso denbora gutxira, Euskal Herria suntsitzeko edo, itsas hegi guztia nuklear etxez jostea erabaki zuten. Bat aski zenez, Lemoizko beharrezkotzat edo joz, Debakoari ekin zitzaion kontra, bertan behera uztera behartuz. Eta adoreturik, ia bukaturik zegoen Lemoizkoari ekin zitzaion, armak lagun. ETAk irabazi duen apustu bakarra, nire ustez.

Orduko garapena gogoan, Boroan agertu zaigu orain. Ez dakigu kontra daudenak loxintxatzeko edo bizi dela adierazteko edo auskalo zertako. Maitea du iluna, nonbait. Nik ez dakit zer motatako argindarra behar dugun, ezta lekurik egokiena zein den ere argietxeentzat. Ez dakit nolako errepideak eta trenbideak egin behar diren, ezta nondik barrena egin behar diren ere. Ez dakit zaborrak baliatzeko edo desegiteko modurik onenak zein diren ere. Baina ni bezain ezjakinak dabiltza denen kontra, bat-batean injineru, arkitektu, biologo, kimiko eta zernahitarako aditurik jakintsuen bihurturik. Inork ez dugu etxe ondoan kiratsik, kerik eta zaratarik nahi, jakina. Aidanian, ezta gaztetxo gaizkileak zaintzeko barnetegirik ere. Baina autoek eta zaborrek ito eta argindarrik ezak erabateko hondamendia eragin baino lehen zerbait egin beharko da.

PARTEKATU