Batean eta bestean bizia galdu duten kazetariak badira orain ere. Baina "Lauaxeta" bezain nabarmen atxilotu, katibu eraman eta fusilatu dituztenak ez dira asko, noski. Euskarazko sailaren ardura izan zuen "Lauaxeta"k "Euzkadi" egunkarian eta "Eguna" euskarazko lehen egunkariaren eragilea ere bera izan zen Augustin Zubikarai ondarruarraren ustez. "La Petite Gironde"ko kazetari frantsesari Gernika erraustua erakusten ari zela atxilotu zuten faxistek 1937ko apirilaren 30ean. Olerki hunkigarriak idatzi zituen espetxean heriotzaren zain zegoen bitartean. Burruka gogorrean ditu bizitzaren indarra eta heriotzaren zoritxarra. Eta ekainaren 25ean hil zuten, "goiz eder honetan erail behar nabe" idatzi ondoren.
Hilko duten bezperan gogoan ditu, jakina, mendian hil ala bizi gudan dabiltzan lagunak: «gazte argi horreik, eutsi lur amari! (...) Zauritu horreik zut. (...)Anai maiteak eutsi burrukari inoiz hilgo eztan euzkoen Amari! (...) Gorputz honek bakean atseden dagian herri askatuen Egun Haundi arte». Eta abar.
Ezkerrek Jainkoarekiko gorrotoz hiltzen omen dutenez, Elizak santu eta martiritzat ohoratzen ditu ezkerrek hildako elizgizonak, zapaltzaileen babes den erlijioarekiko gorrotoz hilak izan daitezkeenik kontuan hartu gabe. Eskuinek, berriz, «bestelako saltsetan sartzen direlako» hiltzen omen dituztenez, Elizak ez ditu martiritzat onartzen. Horixe gertatu zitzaien "Lauaxeta"ri eta beste euskal apaiz eta kristau askori ere. Baina zuzentasunaren eta askatasunaren alde burrukatu ondoren, «Josuren fedea besterik eztaukot. Beragan ditxarot» esanaz hiltzen denak, elizan ukatzen bazaio ere, aldarerik mereziko luke euskal kazetarien bihotzetan.